Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan
Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan –
2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.
Gauza bitxia: irlanderaren aldeko lege berria Londreseko parlamentuak onartu du, ez Ipar Irlandakoak. Izan ere, Londresek Ipar Irlandako gobernantza bereganatu baitzuen 2021ean, sei konderrietako egoera gobernagaitz bihurtu zenean, bertako alderdi unionista nagusiak (DUPek), behin eta berriz, Sinn Féinekin partekatu behar zuen gobernu berriaren osaketa blokeatu ostean. Horren ondorioz, hizkuntzaren lege berria (“Identity and Language Bill”) Londresek bideratu eta onartu egin du.
Galesaren normalizaziorako 1993ko legearen eredua jarraitu du hein handi batean irlanderaren aldeko lege berriak.
Hizkuntzaren ofizialtasunaren aldeko manifestazio erraldoia ikusi zuten Belfasteko kaleek 2022ko maiatzaren 21ean. Horrek, eta baita Erresuma Batuko gobernuak Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunaren Adituen Batzordetik, irlanderaren aldeko neurriak ez hartzeagatik (Erresuma Batuak 2001ean berretsi baitzuen Gutun hori) jasotako kritikek ere, azkartu egin du Londresek irlanderaren ofizialtasunari emandako onarpena.
Lege berriak Sinn Féinen eta SLDPen onarpena ez ezik, baita Ipar Irlandako Aliantza Alderdiarena eta Berdeena ere lortu du. Aitzitik, alderdi unionistek gogor gaitzetsi dute. Arlene Foster DUPeko buruzagia, esaterako, ironiaz mintzatu zen, esanez zentzu gehiago zuela Ipar Irlandan, irlandar gaelikoaren aldeko legea baino polonieraren aldeko legea onartzeak, sei konderrietan polonierak irlanderak baino hiztun gehiago dituelako.
Populazioaren %4 inguruk hitz egiten du gaelikoz Ipar Irlandan. Egunerokoan, baina, soilik %0,2k erabiltzen du. Irlandako banaketa gertatu zenean (1921ean), ordea, artean baziren irlandera ohiko hizkuntza zuten komunitateak Ipar Irlandan.
Hizkuntzaren aldeko elkarteak pozik daude, baina lege berriaren garapena ikusi arte fidagaitz azaldu dira. Paula Melvin-ek, Conradh na Gaeilge erakundearen presidenteak, aho-bilorik gabe hitz egin zuen: “Lege berriak hizkuntza-legeen nazioarteko estandarrak bete beharko ditu. Guk borrokan jarraituko dugu lege berriaren edukiak gauzatuta ikusi arte. Gobernu britainiarrarekin izan dugun esperientziaren ondorioz, inoiz ezin dugu ezer ziurtzat jo”. Eta hau erantsi zuen: “lege hau, nolanahi ere, ez da gure azken helmuga”.
Ikustear dago oraindik lege berriak sei konderrietako irlanderadunek orain arte historian zehar pairatu duten bazterketari amaiera ematen dion….Eta noraino garatzen den zerbitzu publikoak bi hizkuntza ofizialetan arreta eskaintzeko gai izateko adina.