Iraultza Txikien Akanpada: ongi bizitzeko hiru egun

Iraultza Txikien Akanpada –

Ez dugu argi bidea. Ziurgabetasunak galarazten digu sarri xendra berrietarako lehen pausoa. Baina saiatu beharra dago. Galtzeko beldur barik. Esperientzia sozialek ez dute gainerako zientziek duten errore-marjina. Akatsik nimiñoena ere porrotzat hartzen da, baita guk geuk ere. Baina esperimentu sozialik gabe ez dago garapenik.

Iraultza Txikien Akanpada

Asteburu honetan Zubietan saiatuko gara aldaketa ez dadin diskurtso hutsa izan, bizipen bat baizik. Galderetatik abiatuta, ideien, ereduen eta arauen muga katramilatsuak irauliz. Herri mugimenduen aniztasunetik esperientziak eta pentsamenduak kolektibizatuz.

Sistema erruz saiatzen da aldaketa sozial oro bere baitan gerta dadin, gatazka edo proposamen guztiak bere erraietan arautu daitezen, dena bere paradigmen barruan konpon dadin. Komunitatera itzultzeko proposamena da gurea, pentsamendu komunera, kaleko erresistentziara, bere naturaltasunera, bere bizitasunera, bere bat-batekotasunera, bere alde primario, basati eta ludikora.

Euskal Herriko herri mugimendua bizirik gaude, baina atomizatuta. Itsasoan gabiltza gutako bakoitza bere txalupan sartuta, norberarena bakarra bailitzan. Iraultza Txikien Akanpadan ekarpena egin nahi diogu “ibai mugimendu”aren sorrerari. Inorena eta guztiona den ibaia, kolektiboki Aurrera egiten duena. Elkargune, solasa eta gozamena izeneko ibaia.

Euskal Herriko herri mugimendua bizirik gaude, baina atomizatuta. Itsasoan gabiltza gutako bakoitza bere txalupan sartuta, norberarena bakarra bailitzan. Iraultza Txikien Akanpadan ekarpena egin nahi diogu “ibai mugimendu”aren sorrerari. Inorena eta guztiona den ibaia, kolektiboki Aurrera egiten duena. Elkargune, solasa eta gozamena izeneko ibaia

Gozatzea, bai. Gozatu! Taldean abestu, dantzatu eta ongi pasatzea ere politika delako guretzat. Bizitza laburregia da eta aktibismoan denbora asko xahutzen dugu –askotan alferrik galdu–. Ezin dugu unibertso berririk sortu gure geneetan ez badugu zaintzen maitasun eta konfiantza katea. Zapalkuntzaren aurrean erresistentzia ezinbestekoa da, baina barrua lazten digu. Bakantzen gaitu. Gure zeregina ateak irekitzea da. Erresistentzia malgutasunarekin elkartzen denean askatzailea da. Gure barrua eta ingurua askatzeko sena duen mugimenduari lotu gatzaizkio, berritasunaren eta sormenaren bulkada estrategia irmoaren parte duena.

Erraza litzateke erru osoa balizko kanpoko etsai bati, baina astebururako gure proposamena ariketa kritikoa egitea da, amesten duguna praktikara eramatea gure ohiturak, jarrera politikoak eta pertsonalak aldatuz.

Gizakiak bere buruari askatasuna ukatzen dion Sartreren fede txar horretatik ihes egin behar dugu. Beste era batera bizi behar dugu. Libre gara bestelako gauza asko egiteko, baita haiek desobeditzeko ere. Desobeditzen dugunean, ukazioarekin batera, proposamen berriak luzatzen ditugu. Bizitzeko erak aldatzen ditugu, gobernatzeko moduak aldatzeko. Praktika berrien bitartez aurre egin ezean, betikotu egingo ditugu. Beste mundu bat posible da arauek ezarritako mugatik harat ibiltzen bagara. Garena fintzeko modua da, gure burua hobetzeko era, immobilismoaren aurkako korronte zuzena.

Eta gu, ibaiaren antzera, mugimendua gara. Erresistentziako kideok ongi bizitzearen aldeko basati izan behar dugu, eta gure argi eta ilunetatik, gure inperfekzio eta utopiatik ikusezin heziko gara palazioaren harresiz kanpo. Umilen lubakian. Bestelako tempus batez ari den mugimendu soziala, unean unekoa erlatibizatzen dakiena, denbora luzeari garrantzia emateko, sakoneko aldaketak baitira noiz heldu diren ez dakigun horiek.

Ez gara sortzaile artistikoak, baina sortzaile sozialak beharko genuke izan. Bilatzen dugun errotiko aldaketak hunkitu egin behar du, konbentzionaletik at, beren bizimoduetatik kanpo. Bizitza bost minutu dira eta gozatu egin behar dugu. Beti ere, inor zapaldu gabe. Ongi Bizitzea. Gizarte eskuzabala, gizakien araberakoa, handinahikeriarik gabe, diru-goserik eta klaserik gabe, denbora eta ekonomia erreskatatuz bizitzeko, eta ez aldrebes. Bizitzarekiko kolaborazioa da. Mugarik gabekoa. Zero arrazakeriarena. Zero matxismoarena.

Komunitatean hazi, borondatezko soiltasunean sinetsi –behin gutxienekoak lortuta ez dugu gehiago desio–, eta aske izan dena, dena, den-dena egiteko natura eta komunitatearekin errespetuz. Zubietan hurrengo asteburuan ongi bizitzea praktikara eramateko garaia da, heriotzaren aurka –erraustegiarena– irteteko eta gure artean bizitza, barre, hazi eta bala desobedienteak banatzeko.

 

Sinatzaileak: Mikel Zuluaga, Bego Huarte, Maialen Martinez de Marigorta, Haizea Isasa, Iker Sarriegi, Haizea Ziluaga, Beñat Irasuegi, Irantzu Jauregi Artola, Joseba Alvarez eta Irati Tobar Eguzkitza *

* Sinatzaileak Lurralde Askea komunitate desobedienteko kideak dira.

Iraultza Txikien Akanpada

Iraultza Txikien Akanpada
Iraultza Txikien Akanpada
Iraultza Txikien Akanpada