Irakurle Digitala, irakurtzeko arazoak dituzten ikasleei laguntzeko tresna, orain 6 hizkuntzatan erabiltzeko aukera

Irakurle Digitala, irakurtzeko arazoak dituzten ikasleei laguntzeko tresna –

  • Irakurle Digitala irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei ulermenean laguntzeko adimen artifizialeko tresna bat da.
  • Elhuyarren TTS ahotsak erabiliz 6 hizkuntzatako testuak irakurtzeko aukera ematen du orain.
  • Tresna hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatu du eta Elhuyarrek garatu du.

Usurbil, 2024ko azaroaren 14

Irakurle Digitala orain 6 hizkuntzatan erabiltzeko aukera dago Elhuyarren TTS ahotsei esker. Irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko tresna bat da Irakurle Digitala, web-nabigatzaileetan instalatzeko plugin bat. 2016an gizarteratu zen lehen bertsioa; Elhuyarrek garatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin, eta Berritzegune Nagusiak denon eskura jarri zuen.

Irakurle Digitala irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasuna —adibidez, dislexia— duten ikasleei laguntzeko tresna bat da. Beste ikasle askorentzat ere lagungarria izan daiteke, esaterako, ikusmen-urritasuna dutenentzat edo hizkuntzari lotutako nahasmenak dituztenentzat. Irakurle Digitalak ordenagailuko pantailan dagoen testua irakurri beharrean entzuteko aukera ematen du, testua nabarmendua agertzen den bitartean; horrela, ikasleak errazago irakur dezake edukia.

Ikusi nola funtzionatzen duen: BIDEOA

Irakurle Digitalak egungo teknologietara jauzi egin du, eta horren adierazgarri dira testuak irakurtzeko erabiltzen diren ahots automatikoen kalitatea eta tresna erabiltzeko ematen diren aukerak. Ahotsei dagokienez, lehen, euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzeko modua eskaintzen zuen, eta, orain, galegoa, katalana eta frantsesa ere erabil daitezke testuak entzuteko; ahots horiek Elhuyarren TTS neuronalaren bidez eskaintzen dira (ttsneuronala.elhuyar.eus).

Elhuyar apustu sendoa egiten ari da adimen artifizialeko tresnen hedapen egokia egiteko eta erabilera zuhurra bultzatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa bermatu eta bultzatzeko asmoarekin sustatu du proiektu hau. Konpromiso horren adierazgarri da Irakurle Digitala, adimen artifizialeko azken berrikuntzak hezkuntzaren alorrean txertatzeko egitasmoa baita: proiektuaren helburua irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei ulermenean laguntzea da, eta adimen artifiziala erabili da horri soluzioa emateko.

Irakurle Digitala nola instalatu

Irakurle Digitala web-nabigatzaileetan instalatzeko plugin bat da. Firefox, Chrome zein Edge nabigatzaileetan instalatu daiteke, jarraibide erraz batzuekin; Hezkuntza Saileko webgunean daude tresna instalatzeko jarraibideak: (euskadi.eus/irakurle-digitala).

Erabiltzen dugun web-nabigatzailea aurrez aipatutakoetako edozein delarik ere, itxura bera izango du Irakurle Digitalak. Nabigatzailearen leihoaren goialdean agertuko den barra itxurako gehigarria izango da, eta funtzio nagusi hauek izango ditu:

  • Nabigazioa: webgunean edo PDF fitxategian nabigatzeko aukera ematen du. Adibidez, hurrengo esaldira edo paragrafoa irakurtzera pasatzeko aukera ematen du, bai eta aukeratutako esaldia irakurtzekoa ere.
  • Abiadura: irakurketa-abiadura bizkortzeko edo mantsotzeko aukera eskaintzen du.
  • Hizkuntza: 6 hizkuntzetako testuak irakurtzeko aukera eskaintzen du Irakurle Digitalak. Hizkuntza hautatzeko modua ematen du.
  • Ahotsa: irakurtzeko zer ahots erabiliko den hautatzeko aukera ematen du.
  • Irakurketa-mota: esaldia jarraian irakurtzeko nahiz hitzez hitz irakurtzeko aukera eskaintzen du.

Interneten eskuragarri dauden webguneak irakurtzeko aukera eskaintzeaz gain, ordenagailuan gordeta dauden fitxategiak irakurtzeko aukera ere ematen du. Horretarako, nahikoa da PDF fitxategia web-nabigatzailearekin irekitzea, Irakurle Digitala aktibatzea, eta pantailan agertzen diren pausoei jarraitzea.

Irakurle Digitala, irakurtzeko arazoak dituzten ikasleei laguntzeko tresna, orain 6 hizkuntzatan erabiltzeko aukera

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude