Irakasle guztien soldatak parekatzea eskatzen dugu
Bolonia Plana 2010/2011 ikasturtean sartu zen erabat indarrean unibertsitateetan, eta geroztik lizentziaturak eta diplomaturak gradu bihurtu ziren. Hamarkada bat da Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako irakasleak lan-munduan gradu batekin sartzen ari garela. Beraz, zergatik dago oraindik aldea eta diskriminazioa soldatetan? Bestalde, Lanbide Heziketan kidego berri bat sortu da, 598.a, sektore berezietako espezialisten kidegoa (lehengo 591 kidegokoak). Horren ondorioz, gainditu beharreko desfase bikoitza dugu: alde batetik, kidego berriko irakasleak ditugu, eta, bestetik, lan bera eginda soldata txikiagoa dutenak. Horregatik, eskatzen dugu, halaber, hainbat osagarriren bidez parekatzea soldatak, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den bezala.
Soldata-parekatze hori gauzatzeko, 251/1993 Foru Dekretua eguneratu behar da, hori baita langile publikoak mailaka sailkatzen dituena. LABen urteak eman ditugu hori eskatzen Nafar Gobernuari. Dekretu horrek 30 urte ditu, eta gaur egun erabat zaharkituta dago; are gehiago kontuan hartuta Europan dagoeneko eguneratuta daudela langileak sailkatzeko estatutuak.
Gainera, Nafarroako Foru Komunitatean baditugu horren aurrekariak (maila-igoerarekin batera eginak), hala nola administrazio-laguntzaileena, hezkuntza-laguntzako espezialistena, suhiltzaileena eta basozainena, zeinak D mailatik C mailara igaro baitziren.
Aldarrikapen horri langile guztiei eragiten dien krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Gure soldatek ez dute balio lehen balio zutena. Inflazioa dagoeneko galera handiak eragiten ari da familia askoren eros-ahalmenean, eta horrek, oinarrizko produktuen eta energiaren prezioen gorakadarekin batera, panorama zaila erakusten digu. Langile publikoek erosteko ahalmena galtzen jarraitzen dute, eta 2010etik metatutako galera % 15era iristen da.
Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da borroka. Azkazal eta hortzekin defendatu behar ditugu zerbitzu publikoak, horiek baitira berdintasunezko sistema bidezkoagoa bermatzen dutenak. Eta irakasleen soldata parekatzearen alde borrokatzea, horren baitan kokatzen da. Hel diezaiogun horri!