Irakasle eskasia eta frantsesa
Irakasle eskasia eta frantsesa –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Urterokoak dira Frantziako Hezkuntzaren eta Seaskaren arteko kalapitak, lanpostuen harira. Aldi berean, Frantziako ikuskari akademikoek diote sare publikoan falta dutela euskaraz irakasteko gaitasuna duen jendea, gero eta handiagoa den eskaerari aurre egin ahal izateko. Ahalkerik gabe erraten dute euskarazko irakaskuntza zabaldu behar dela, baina ez dagoela irakaslerik, ohartu gabe edo kontuan hartu gabe Bidasoaren bestaldean ehunka gazte daudela irakasletza ikasketak egin dituztenak eta oraino lanik gabe daudenak.
“Bai, baina…”. Beti dago “bai baina” bat, ideia onari hesiak jartzeko. “Bai, baina” frantsesa jakin behar dute Ipar Euskal Herrian irakasteko konkurtsoa pasatzeko. “Bai, baina” EAEko zerrendetan emana dute izena, eta handik deitzen dituztenean, egunetik biharamunera uzten dute han nonbaiteko aldi baterako postua, etxe ondoko ikastolara joateko…
Ez dago “bai, baina”-rik. Hego Euskal Herrian badago haur eta lehen hezkuntzako irakasle izateko unibertsitate gradua, lau urtez egiten dena. Frantziako unibertsitate sisteman ez dago halakorik: hiru urteko lizentzia bat egin ondoan, ikasleek irakasle izateko lehiaketa prestatu behar dute. Lehiaketa hori frantsesez da. Irakasle izateko ikasketa espezifikoak egin dituztenek zergatik behar dute beste azterketa bat egin, Ipar Euskal Herrian euskaraz irakatsi ahal izateko? Badute beren agiria. Zergatik ez zaio agiri horri balioa aitortzen? “Bai, baina…”
Frantziako hezkuntza sisteman sartzeko, nahia ala ez, Frantziak jartzen duen konkurtsotik pasatu behar da. Horrela da. Ezin da hori kendu. Frantziak hori ez du sekula onartuko. Ez tematu horrekin. Konforma zaitez erantzun horrekin! Akademia ikuskariak aitortzen du Hegoaldean formatutako irakasleak biziki ongi formatuak direla. Baina Frantziako hezkuntzaren ateka zeharkatu behar dute. Ez dago beste biderik.
Aldi baterako utz dezagun bazterrean Euskal Herriaren argudioa, ahantz dezagun onartezina dela irakasle izateko diploma Euskal Herrian lortu duenak Euskal Herrian irakasteko zailtasunak izatea. Frantziako Hezkuntzako arduradunei hori ez zaie inporta, eta Frantziako Hezkuntzako sisteman sartuak diren euskaldun anitzek ere onartua dute ezintasun hori. Ulergarria ote da halako mugak jartzea Europako Batasunaren barnean? Ikasleen mugikortasuna eta abar aipatzen direnean?
“Bai, baina…” badago aterabidea! Euskararen Erakunde Publikoak aukera bat proposatzen du Ipar Euskal Herriko irakasleek euskara ikas dezaten edo Hegoaldekoek frantsesa. Bi urteko erabateko murgiltze bat proposatzen diete Hegoaldekoei, Bordelen. Beraz, egin ditzagun kontuak. Irakasletza gradua: 4 urte. Frantsesa ikasteko formazioa Bordelen: 2 urte. Irakasle izateko konkurtsoa Pauen: beste urte bat (gutxienez). Orotara zazpi urte. Soldata: Hego Euskal Herrian baino frango apalagoa. Norbaiti iruditzen zaio planteamendu hori seriosa dela? Hori ez dela Euskal Herriaz eta euskaraz trufa egitea?
Ez dago modu hoberik euskararen garapena trabatzeko: prentsaren aitzinean espantu egin euskararen irakaskuntza sustatzeko neurriak aurkitu dituztela erranez, funtsean, arazoari ez zaionean aterabiderik aurkitzen. Ipar Euskal Herrian euskara berreskuratzen hasi nahi bada, irakaskuntza orokortu behar da. Irakasleak badira, lan bila dabiltzanak. Baldintza onak eman behar zaizkie Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan irakats dezaten. Eta ez eginarazi traba edo oztopo-lasterketarik.
Ikastolen Elkartearen bidez, irakaslea paperetan beste lekuren batean izenda emanda egon arren ez al litzateke posible izango arazo hau konpontzea? Batzuetan zakur jokatu beharra dago, bestela edozein trikimailu legalekin itoak izatera kondenatzen dugu geure burua
Textu honek gehienbat hegoaldekoek iparraldean erakusteko duten arazoetaz dihardu. Baina bestetik iparraldeko irakaslegaien eskasia arazo larria dela deritzot. Hegoaldean oso erakargarria da irakaskuntzan lan egitea baina iparraldean ez hainbeste soldata arrazoiengatik eta ene ustez honek asko zailtzen du , bestela gazte batek lanpostu ia segurua edukitzea oso erakargarria bait da.
Ideia batzuk botatzekotan…. 16-18 urte bitarteko erdi purdiko euskara dutenekin hitz egin eta erakutsi euskara maila obetzeak ekarriko lizkieken lan aukerak… AEKk udal langileekin egin dituztezten kurtso intentsiboak handitzea… frantsesez erakusten duten baina euskera maila txukuna dutenak bilatzea….
Oso tristea litzateke euskarazko irakaskuntzak hain beharrezko duen igoera arrazoi honengatik geldiaraztea
Gauzak osatze aldera, Hegoaldean dagoen egoera (askoz eroangarriagoa) aipatu gura nuke: gure eskoletan frantses irakaslea izateko gaztelaniaz jakin behar da.
D ereduan aritzeko euskara ere jakin beharra dago, baina gaztelaniaz jakin ezean, jai. Hizkuntza eskola ofizialetan aritzeko,ostera, ez dago zertan euskararik jakin; derrigorrezkoa, baina, gaztelaniaz jakitea.
Hau da: gaztelaniaz ez dakien xilabar elebidunak ezin izango du frantses eskolarik eman Hego Euskal Herrian, ezta ordezkoen zerrendan egon ere:
“7. artikulua.– Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun orokorrak.
(…)
b) Nazionalitate espainola edo hizkuntza espainoleko herrialde bateko nazionalitatea ez duten hautagaiek gaztelaniaz badakitela egiaztatu behar dute (…)”.
Ordezkoen zerrendak arautzen dituen aginduak euskaraz ere jakin (edo) beharra (edo) ezartzen du:
“d) Euskara dakitela egiaztatzea Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B2 edo C1 mailan”.
Baina (ai, ditxosozko bainak!):
“(…) Zerrenda berriak irekitzerakoan, eskakizun hori [euskaraz B2 behintzat jakin beharra] kendu ahal izango da, baldin eta espezialitate jakin batzuetan, aurreikuspenen arabera, ezin izango badira postuak eskakizun hori betetzen duten hautagaiekin bete”.
Horregatik gertatzen da hizkuntza eskoletan frantses-irakasle ordezkoak Andaluziatik ekarri izana: euskara eskakizuna kentzerik badagoelako; gaztelania eskakizuna, ostera, ez.
Hau ere gure agintari abertzaleek Euskal Herria bere osotasunean ikusten ez dutenaren erakusgarria da. Eusko Jaurlaritzak orain ia berrogei urte eskuratu zuen hezkuntzako eskuduntza (oinarrizkoa, batxilergokoa eta unibertsitatekoa), hala ere ez ditu Iparraldea eta gure auzokide frantziarrek darabilten hizkuntza kontuan hartu.
Zentzugabea da Euskal Autonomia Erkidegora Andaluziatik frantses irakasleak bidaltzea EAEak irakasleok Euskal Herri bertatik jaso zitzakenean. Hau plangintza gabeziaren erakusle argia da. Noski, Bilbotik eta Gasteiztik Madrila begira jarraitzen duten bitartean (Europa iparraldera begiratu beharrean) honelako zentzugabekeriak nozitzen jarraitu beharko dugu.