Irakaskuntza publikoko hezkuntza-komunitateak ikasgeletako ratioen jaitsiera eskatzen du
Irakaskuntza publikoko hezkuntza-komunitateak ikasgeletako ratioen jaitsiera eskatzen du –
Azaroan eta abenduan zehar, Hezkuntzako Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Parlamentuko talde guztiekin bildu gara, Nafarroako ikastetxe publiko guztietan ratioak lehenbailehen jaitsi behar direla adierazteko.
Parlamentuko talde guztiekin izandako erronda amaitu ondoren, ratioen jaitsiera beharra guztiok partekatzen dugun behar bat dela ikusi dugu. Ez da egon gure eskaeraren aurka agertu den alderdi politikorik.
Sindikatuon ustez, beharrezkoa da ikasgeletako ratioak behingoz jaistea, horrek nabarmen hobetuko bailuke Foru Erkidegoko hezkuntza-kalitatea. Gainera, jaitsiera horrek ekarriko lukeen funtsezko beste hobekuntza bat da hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleek behar duten hezkuntza pertsonalizatua izan dezaketela, eta, horrela, ikasle horien ikaskuntza hobetzeaz gain, gainerako guztiena ere hobetuko litzateke.
Gainera, neurri horrek ikasgelak eta ikastetxeak ixtea saihestuko luke, jaiotza-tasa jaisten ari den garaian, eta plantillak egonkortzen lagunduko luke, hezkuntza publikoan irakasleen behin-behinekotasuna oso altua den une hauetan.
Hezkuntzako negoziazio-mahaia osatzen dugun sindikatuok argi daukagu premiazkoa dela Hezkuntza Departamentuak gaian esku hartzea eta geletako ratioak jeistea luze gabe.
Haur Hezkuntzako ratioak gelako 20 ikaslera jaistea defendatzen dugu, pandemiaren ikasturteetan gertatu zen bezala, hurrengo ikasturteetan gainerako hezkuntza-etapetara aplikatutako jaitsiera progresibo eta linealarekin.
Kontuen Ganberaren txosten berriak (2022ko urriaren 21ekoa) adierazten du Nafarroa dela ikasteko zailtasunak dituzten ikasleen ehuneko handiena duen erkidegoa, 9.734 ikasletik % 37rekin.
Era berean, txosten horren arabera, egoera horrek bereziki eragiten die ikastetxe publikoei, gainerako zentroek baino ehuneko handiagoak baitituzte. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak erantzun bat eman behar du, eta, besteak beste, 2023-2024 ikasturterako ratioak murriztu behar ditu, eta jeitsiera hau 2023ko Aurrekontuen Legean jasota utzi.
Ratioen jaitsiera akordio honi eustea eskatzen dugu, hurrengo hauteskundeen ondoren osa daitekeen gobernua edozein dela ere. 23/24 ikasturterako ratioen jaitsiera aktibatzen ez bada, ez dugu baztertzen mobilizazioekin jarraitzea hori lortu arte.
LAB- STEILAS-AFAPNA-ANPE-CCOO-ELA-UGT
Irakaskuntza publikoko hezkuntza-komunitateak ikasgeletako ratioen jaitsiera eskatzen du