Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde

Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde –

Urtero bezala, iritsi da gure eskoletara aurrematrikulazio sasoia. Eta, urtero bezala, hemen gaude gu ere, gure iritzia adierazi nahian.

Zalantzarik gabe gure gomendioa eskola publikoa da. Gure aburuz, eskola publikoa, bakarra, demokratikoa, doakoa, unibertsala eta laikoa izan behar da, zeren soilik horrela lortuko dugu hurrengo belaunaldia berdintasunean heztea. Gure eskoletako gelek jakinduria lekuak izan behar dute non kontzientzia askatasuna bermatzen den inolako dogmarik inposatu gabe eta desberdinen arteko elkarbizitza garatzen den ere.

Baina paradisu guztiek dute beren sugea, eta aitortu behar dugu gure eskola publikoa ez dela zehatz-mehatz deskribatu duguna, eta ez da maisu/maistra, irakasle, ikasle eta gurasoen erruz, zeintzuk ideia hauek aurrera eramaten saiatzen diren gogo handiz. Ez, errua Francoren diktadura erregimenarena da. Francorena eta 1953an Eliza Katolikoarekin sinatu zuen Konkordatuarena, 70 urte geroago erlijioa eskaintzera bederen behartzen gaituena. Erlijio katolikoa da Vatikanoarekin izenpetutako akordioaren ondorioz matrikula paperetan aurkeztu behar dena, baina 1992tik, baita ere beste zenbaiti ere lekua egin zaio, hura bezain demokratiko eta feministak.

Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde
Irudia: ambermb

Onartzen eta defendatzen dugu mundu guztiaren eskubidea bere ideologia eta fedea edukitzeko, baina proselitismo egiteko eta doktrinatzeko beste lekuak daude (elizak, meskitak, tenpluak); baita ere, kontuan izan behar da umeak pertsonak direla eta ez gurasoen zati bat edo jabegoa, eta hauek ezin dizkietela bere sinesmenak inposatu.

Kontuan izan behar dugu ez direla eskaintzen erlijio guztiak, gutxi batzuk baizik, eta horrek egoera hau pribilegio bihurtzen duela. Pribilegio hitza erabiltzen dugu eta ez eskubide hitza, askotan esan dugun bezala, benetan eskubide bat balitz, ume guztiek gurasoek aukeratutako ideologiako klaseak izango lituzketelako, eta ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Esaldi hau ez dadila gaizki ulertu, gure helburua da daudenak ateratzea, ez gehiago sartzea. Gure gazteentzako hezkuntza zientifikoa eta kritikoa nahi dugu, euren kabuz pentsatzen eta euren ideiak garatzen irakatsiko diena, bakoitzak bere aburua izan eta argudioz defendatzeko gai izan dadin. Alderantziz, eskaintzen diren erlijioen oinarria zera da: “Nik arrazoi dut eta beste guztiak oker daude”, “ez pentsatu zure kontura, gure jakintsuek egingo dute zure partez”, “obeditu ezazu”. Ez. Hezkuntza, publikoa gutxienez, ez da hauentzat lekua.

Bada alderdi politiko bat 1975tik ere hauteskunde kanpaina guztietan Konkordatua ezabatu eta benetako estatu (eta hezkuntza publiko) laikoa izango dugula agintzen diguna.
Momentuz, ez du hitza bete…

Bestalde, azkeneko urtetan erlijio matrikulazioak izan duen gainbeheraren ondorioz, askotan “fededunak” bihurtzen dira taldeko bereziak eta ez alderantziz.

Beste bi detailetxo: lehenengoa, erlijio katolikoan, ikasle batek (beste ikasgaietan hamar behar dira) taldea osatzen du eta mailakide guztien aurrera egiteari eragiten dio, zeren beste hauek ezin dute profitatu ordu hori gai arruntak jorratzeko, hori diskriminazioa omen dela eta. Bigarrena, erlijioko irakasleek gotzainaren onespena behar dute bere lanerako, baina ordaintzen diena gobernua da. Nahiz eta orduan eta ikasle gutxiago izan, orduan eta gehiago eralgitzen da, erlijioko klaseak direla medio. Dugun azken datua 2021koa da: 115 miloi euro erabili ziren horretarako. Denon artean ordaindu ditugun 115 miloi.

Esan bezala, gure ustetan hezkuntza publikoaren helburuetako bat neska-mutilen arteko elkarbizitza, solidaritatea eta errespetua irakastea da, eta hori zaila da haur hezkuntzatik bere gurasoen ideia edo fedearengatik bereizten hasten bagara. Gure eskoletan ezin onartua da etnia, gizarte arazo, maila, sexu, dibertsitate sexual edo sinesmenengatik inor baztertua izatea.

Artikulu hau irakurri duzuen askok ziurrekin pentsatu duzue oso ezaguna egiten zaizuela gure erretolika eta ez da harritzekoa, borroka honetan ari gara 1975az geroztik, eta orain arte lortutako bakarra da erlijio katolikoa ez izatea derrigorrezkoa ikasle guztientzat. Horren truke eta demokraziaren izenean, lehen esan bezala, 1992tik beste zenbait eskaini behar dira. Bada alderdi politiko bat 1975tik ere hauteskunde kanpaina guztietan Konkordatua ezabatu eta benetako estatu (eta hezkuntza publiko) laikoa izango dugula agintzen diguna. Momentuz, ez du hitza bete, eta egingo duenaren esperantza gutxi dugu, baina guk borrokan jarraitzen dugu eta horregatik eskatzen dizuegu berdintasunaren, demokraziaren eta feminismoaren izenean:

Ez matrikulatu zuen umeak erlijioan. Eskola publiko euskaldun eta laikoaren alde!

Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde

Laikotasunaren aldeko kolektiboa. laikotasuna.org

4 pentsamendu “Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde”-ri buruz

  • Ikastol Ero 2024-02-07 14:31

    “Euskal” eskola publikoan woke erlijioa irakasten da. Beraz, laikotasunerako aukera bakarra ikastola gelditzen da.

  • Erlijio musulmana eskatzen dabiltzan islamiar jatorria duten gurasoei helarazi iezaiozue zuen aldarrikapena; edo hegoameriketatik etorritakoei kristau sutseii. Afera hau, orain hamar urteko Euskal Herrian, ia ia konponduta zegoen, baina EH berria, oso dibertsoa da.

  • Txakurrada globalista hasi da zaunkaka. Gizartea hustu eta hustu ezerezarekin gelditu arte. Eta hasi dira komeriak, gizarterik ez zuzentasun globalistaren dogma berriak txertatzeko. Dena pikutara. Matrikulatu zuen umeak erlijioan. Eskola publiko euskaldun eta abertzalearen alde!

  • Irakaskuntza kolonialik ez dugu behar EHn, ez publiko, ez pribatu. Hezkuntza zipaiorik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude