Iraila

Iraila –

“Iraila izango zen hitzak urtaro batetik bestera”… abesten zuen Berri Txarrak talde nafarrak. Eta halaxe nabilela sentitzen dut nik, hitz hauek urtaro aldaketaren muga gainetik izkiriatzen nabilela. Izan ere, iraila badoa, nahieran.

“… Nola igarri orduan
iragan hau guztia
betiko izango genuela aurretik”…

Egunotan, zenbait lagunen artean oroitzen ibili gara efemeride partekatu batzuk: 2019ko irailaren 16an Entzutegi Nazionalean geunden azken makro-epaiketari hasiera eta ilegalizazio ziklo luzeari amaiera ematen, 2013ko irailaren 30an guardia zibilak gure aurka burututako sarekadarekin abiatu zena, hain zuzen ere.

Nik beste baten bat erantsia dut, ordea: irailaren 14an (bai, 2002an  lege betearazleek Bilboko kaleetan demokraziaz ureztatzen gintuzten egun berean) atera bainintzen, 2006an, behin behinean, Madrilgo Soto del Real-eko espetxetik, fidantzapean.

Eta horixe izan zen -ondoren 2020.ko irailaren 4ean hilik aurkitu zutenean Martuteneko ziegan- Igor Gonzalez Sola ikusi nuen azken eguna.

Kaletik elkar ezagutzen genuen; aspaldi. Zorionez sare sozialik eta mugikorrik ez zegoen garaitik. Horraino kontakizuna. Eta gure bizitzek elkar topo egin zuten urte hartan ni berriz ere espetxeratu, eta bera zuten modulura eraman nindutenean.

Ez zen nire garai hoberena izan, guardia zibilaren komandantziatik pasatu eta gero.

Iraila

PC(r)ko kide batekin zegoen bera, eta gainerako euskal presoak modulu ezberdinetan sakabanaturik.

Hilabete batzuk eta gero, leku-aldatzeak egitea erabaki zuen espetxe zuzendaritzak, alde bateko su-eten testuinguruan. Sei kide elkartu gintuzten modulu bakarrean: Igor eta biok, Gasteizeko bi, Zumarragako bat eta Donostiako bat (azken hau ere kaletik ezagutzen nuen). Estatu frantziarreko espetxeetatik ekarritakoak, deportatuak izandakoak, behin-behineko egoeran bateraturik.

Konturatu naiz orduan jokatzen genituen mus partida haiek ez ditudala aspaldi bizi izan. Gaztetatik kuadrillan oso errotua genuen karta-jokoak oso egoera berezi eta muturrekoan elkartu gintuen seiok eta espetxealdia igarotzeko euskarri bihurtu zitzaigun. Bizitzako beste pasarte batzuetan bezala, Igorrek barre algaraka hor dagoka heltzen zion jokoari sarri.

Iraila

Irailaren 13an agente judizialera deitu ninduten, eta,  familiak 12.000  euroko fidantza ordainduta, kalera ateratzeko aukera jakin arazi zidaten. Esan bezala, hurrengo egunean eman zen. Egunen batean mintzatu beharko ginateke zenbat eta zenbat diru “ordainarazi” digun estatuak ehunka euskal herritarroi. Haria hemen ere ez dela eten ikusten gabiltza, gazteekin.

Urteak pasata, eta gertaera ugari tarteko, “zerua ilun soineko beltz” jaiki zen iraila, 2020an. Igorren heriotzaren berri izan baikenuen. 47 urte zituen. 15 urte baino gehiago zeramatzan espetxeraturik, zigorraren hiru laurdenak beterik. Martutenen zuten bi hilabetez geroztik.

Espetxe politikak hiltzen jarraitzen duela beste adibide lazgarria. Bizirik espetxeratu zuten… Noiz arte?

Hego Euskal Herrian, egun,  Espainiako Barne Ministerioaren urtekariaren arabera, 2000 preso daude. Horietatik 333 Martutenen. Hala ere, Zubietako espetxea aurki zabalduko dutela iragarri dute.

2021.eko irailetik espetxe eskumena du EAEk eta ankerkeria, krudelkeria eta muturreko egoerak iraganean utzi eta bestelako izaera batekin kudea ditzakete agintariek. Ezin genezake esan pausu nabariak eman direnik norabide horretan, oraingoz.

Iraila datorrenean, ikasturte hasierak, oporren amaierak, egitasmo berriak etab.ak datozkigu burura. Bizitzaren gora-beherek sorrarazitako esperientziak, pasarteak eta bizipenak gehitu behar dizkiogu, aitzitik. Bizitza, horixe ere badelako. Ziur naiz  gure ama zenak, iraila hasieran orain 47 urte erditu ninduenean, ez zituela bere seme txikiarentzat horrelakoak buruan izango.

Eta horregatik begiztatzen zait hain garrantzitsua gogoratzea, eta kontatzea: espetxeraturik dituzten euskal preso politikoak lehen bait lehen etxean egoteko beharra azaltzeko. Espetxeak hiltzen jarraitzeko gaitasuna duelako. Igor azkena izan dadin.

Irailean “maite izan genituen gauzek zentzua”… ez dute inoiz galduko.

Iraila

Iraila

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude