Irabazleak eta galtzaileak

Irabazleak eta galtzaileak –

Europako Batzordeak eta Erresuma Batuak adostu dute Sole Handiko legatz kuota %20 murriztea (40.000 tonatik 32.000ra) 2025erako, eta zenbaitzuk are kuota eskasagoa espero bazuten ere, ez da albiste ona. Nahiago bada, albiste oso txarra da hara joaten diren euskal ontzientzat, batez ere Ondarroatik doazenentzat. Erabaki horren eta gisa berekoen inpaktu ekonomikoaren irakurketa ondorioen gertutasunaren araberakoa izaten da: kaltetutakoa hurbil dugunean erabaki txarra edo kaltegarria dela esan ohi dugu, eta aldiz, gorriak ikusiko dituena urruti dagoenean, ebatsitakoaren alderdi positiboak nabarmentzen ditugu. Energiaren xahuketa eta neurri gabeko kutsadura nola edo hala eten egin behar dugula esaten dugu, baina gure industriaren kaltetan diren neurrien aurrean planto egiten dugu. Gauzak aldatzea nahi dugu, baina guk ez dugu aldatu nahi; giza-kondizioaren ispilu.

Irabazleak eta galtzaileak

XXI. mendeak erronka globalaren ispiluaren aurrean jarri gaitu: den-dena eraldatu behar dugu, iritsi garen puntutik aurrera amildegia besterik ez dugulako ikusten, eta amildegitik behera zer datorren hobe ez pentsatzea. Jasangarritasunerako bide horretan, galdera deseroso baina funtsezkoak sortzen dira: prest gaude irabazle eta galtzaileak izango direla onartzeko? Are gehiago, prest gaude gu irabazle ez izatea gerta daitekeela onartzeko? Posible al da trantsizio horiek modu bidezkoan kudeatzea?

Energia-eraldaketak, teknologia jasangarriak hartzea eta mugikortasuna birdefinitzea ez dira prozesu neutralak. Etorkizun berdea lortzeko bidean, ekonomia, sektore eta lurralde batzuek ezinbestean atzerapauso bat egin beharko dute. Petrolioaren industria herrialde eta eskualde jakin batzuen bihotz ekonomikoa izan da eta gainbeherak korporazio handiei eragiteaz gain, milioika langile eta komunitateri ere eragiten die, sektore horren mende baitaude bizirauteko.

Historiak ikasgai baliotsuak eskaintzen dizkigu. XIX. mendeko Industria Iraultzan, milioika nekazarik landa-bizitza atzean utzi zuten hiri lantegietan lan egiteko. Erreten handia sortu zen: Europako ekonomientzat orobat irabazien aldia izan zen, baina landa-komunitateentzat eta artisauentzat, kolpe latza izan zen, ordura arteko bizimodua desagertzerainoko kolpea, hain zuzen. Teknologia digitalak XX. mendean izan zuen gorakadak sektore osoak eraldatu zituen, eta, aldi berean, unikornio teknologikoak eta industria desplazatuak utzi zituen, inprenta tradizionaletik hasi eta denda fisikoetaraino.

Gaur egungo eraldaketak berekin dakarren erronka maila horrelakoa da, baina are eskala handiagoan jokatzen ari da. Energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta garraio elektrikoa dira eredu berriaren zutabeak eta pentsatzekoa da gaur arlo horietan inbertitzen ari diren herriak munduko ekonomiaren buru izango direla bihar. Eta hala izanik ere, badakigu trantsizioak oso luze egiten zaizkiela horien ondorio txarrak pairatu behar dituztenei.

Galdera ez da nork irabazi edo egingo duen, baizik eta nola bermatu dezakegun aldaketa-olatu horiek ez dituztela gaur egungo desberdintasunak betikotuko. Fabriketara migratu zuten nekazariek ia babesik gabe egin zuten prozesu osoa; esku hutsik irten eta esku hutsik iritsi ziren eraldaketaren hasieratik amaierara. Garaiz gaude zerbait ikasi ote dugun erakusteko: kargak eta onurak birbanatuko dituzten politikak bermatu behar dira.

Historiak erakusten digu trantsizioak ez direla inoiz errazak. Hala ere, oraingoan kontua ez da soilik aldaketa ekonomiko edo teknologiko batera egokitzea, baizik eta espezie gisa gure existentzia bermatzea. Agian, kolektiboki irabazteko, batzuek banaka galdu beharko dutela onartzeko unea da. Galera horiek konpentsatzea, kudeatzea eta, ahal den neurrian, aukera berri bihurtzea da giltzarria.

Bikiak

Irabazleak eta galtzaileak  Irabazleak eta galtzaileak

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude