Ira kurrin kurrin

Ira kurrin kurrin

Duela hilabete mugikorrak jo eta deia hartu nuenean, ez nuen espero ze saltsatan sartuta bukatu nuen. Goiz hartan jaikitakoan ez nuen aurreikusten Aramaioko umeen irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen batean parte hartzen amaituko nuenik.

 

Ira kurrin kurrinMendebaldeko Saharako ipuinak kontatzen dira “Smara” izeneko liburuan, eta horren bueltan hitzaldi bat eman zezakeen norbait behar zuten, euskaraz. Ez dakit nola, baina konbentzitu ninduten. Ez dakit nola, zeren eta moztu bezain pronto tentsio pixka bat nabaritzen hasi nintzen. Ze kontatu beha nien nik bederatzi eta hamabi urte arteko ume batzuei? Nerabezarotik tokatu izan zait Saharak bizi duen gatazkaren inguruan hitzaldiak ematea gaztetxeetan, formakuntza tailerretan, udal aretoetan… Baina ume batzuei eskola batean ez, eta eguna iritsitakoan, urduri xamar abiatu nintzen Aramaiorantz. Ez nekien zenbait ume egongo ziren, eta ze jarrera izango zuten tipo bat basamortuko istorioak kontatzen ikustean. Beldurra.

Baina iritsi eta Ira kurrin kurrin ekimenaren nondik norakoak ikusi nituenean, oso sorpresa atsegina jaso nuen. Irakurzaletasuna bultzatzeko metodologia oso ona iruditu zitzaidan hainbat arrazoiengatik.

  • Eskolaz kanpoko ekimena da. Horrek borondatea eskatzen du guztien partetik.
  • Gabonetako oporrak hasi aurretik guztiei banatzen zaie ale bana, oporretan denek batera irakurri dezaten. Aisialdia eta liburuak eskutik helduta joan daitezkeela lehen pertsonan ikusten dute.
  • Hautazkoa da. Hau da, umeek ez dute liburua behartuta egin behar dituzten etxeko lanekin erlazionatzen. Beren hautua izan da, beren borondatez eta erabakiz ari dira liburua irakurtzen, eta horrek ez dauka preziorik. Umetan gogoko nuen irakurtzea, baina gure esku artera halabeharrez iristen ziren liburuak ez zeukaten xarma berdina.
  • Eskola komunitatearen eraikuntzan sekulako ekarpena egiten du. Irakasleek, gurasoek, umeek eta ikasle ohiek hartzen dute parte. Umeei eskolaz kanpo ikasi eta harremantzeko beste marko bat eskaintzen zaie, gurasoak eta irakasleak elkar gehiago ezagutzeko tartea daukate, eta ikasle ohiek ez dute erlazioa eteten haurtzaroko eskolarekin.

Beraz, ez da liburu baten irakurketa soila; horren aitzakian makina bat gauza egiten dituzte. Gaia Sahararekin lotuta zegoenez, boluntarioen artean prestatuko afaria kus-kus ezin hobea izan zen. Haur gehienek ez zuten sekula dastatu aurretik, baina plater bakarra zenez guztiek jan zuten eta kito. Afaltzen amaitutakoan, denok batera joan ginen kirol aretora.

Ira kurrin kurrinHan baieztatu ahal izan nuen metodologia eraginkorra behintzat badela. Bakoitza turbante bat jantzita aurkitu nuen berehala, eta ume bakoitzak liburu bat zeukan esku artean. Hasi nintzen berriketan, baina zorionez, gidoia umeek aldatu zidaten. Zenbait galdera! Berdin berdin galdetzen zidaten sugeen edo gerraren inguruan, ea zenbait gradu egin zitzakeen udan basamortuan edo ea zergatik dagoen harresi militar bat desertu erdian. Umeetako batek galdetu zidan ea zergatik dauden aberatsak!

Aurreiritzi guztiak bertan behera geratu zitzaizkidan. Umeek sekulako arreta jarri zuten, liburuaren pasarteak goitik behera zekizkiten, eta aldi berean esku bat baino gehiago zegoen altxatuta galdetzeko txanda eske. Azkenean, zuzendariak hitzaldia eten behar izan zuen, gehiegi luzatzen ari baitzen. Oraindik bideo bat ikusi eta hitz egiten jarraitu behar zuten, baita dantzan ere Saharako musikarekin.

Lan talde txikietan banatu eta lurrean eserita, umeek, irakasleek eta gurasoek (azken hauek ere liburua irakurrita zekarten, noski) “Smara”-ko pasarteen inguruan hitz egin zuten. Joan nintzenean, hantxe utzi nituen 70 lagun, ostiral batean 22:30etan, liburu batean bueltan hizketan.

Goienak albistea eta bideoa jaso zituen.

Aramaioko eskolako irakasle, guraso eta haurrei, zorionak benetan. Ume horiek, ziurrenik, plazer hutsagatik irakurtzen jarraituko dute bizitzan zehar; eta hori, nik behintzat inguruan nabaritzen dudan irakurzaletasuna neurtuta , ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

ANIMO ARAMAIO! ZORIONAK!

Ira kurrin kurrin

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.