Iparraldea ez da existitzen
Iparraldea ez da existitzen —
Ba omen da lurralde exotiko bat ekialdeko mendi altuen atzean. Lurralde bat non hobbitak bizi diren, kolore ederretako etxetxoetan. Kaleak naturarekin nahasten dira bertan eta loreek edertzen dituzte urrezko baldosen bideak. Badute hizkera berezi bat, Hegoalde deritzogun zibilizazioari ulertezin egiten zaiona. Noizbehinka mendiak gurutzatzen dituzte, baita Bidasoa itsasoa ere, eta gure artean agertzen dira. Lurralde horri ‘Iparralde’ deitu ohi zaio.
Badira bizpahiru aste gipuzkoar kostaldea utzi eta Arabako bihotzera etorri nintzela unibertsitate-ikasketak burutzera. Ordutik hainbat dira ikasi ditudan gauzak. Esaterako, ikasi dut sarritan arnasguneak ez ditugula behar bezala baloratzen haietatik irteten garen arte; ikasi dut bizikletentzako erraiak eskola pribatu erlijiosoetako gurasoen aparkaleku pribatuak direla; ikasi dut pisu batean isiltasun osoz bizitzen, hozkailuak sortutako zaratatxoekin batera.
Baina, bereziki, beste zerbait ikasi dut, ziurrenik hemen aurkitu ditudan lagunei esker. Sarreragatik agian ohartuko zineten zertaz ari naizen (izenburuan ezin nuen argiago esan). Iparraldea (hemen) ez da existitzen. Eta hemen ohartu naizen arren, egoera ez da horren desberdina Hegoaldeko bazter desberdinetan.
Zehazki EHUk baieztatu du baieztapen hau. ‘Euskal Herri’-ko Unibertsitatea. Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutela diogun arren, EHUko hainbat galdetegitan Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta ‘Besteak’ dira euskal lurraldeak (ez naiz sartuko irakaslearen ala unibertsitatearen ardura diren). Hau da, lau lurralde gehi besteak. Antza, hainbatentzat gauza bera dira Madril, Urepele eta Paris.
‘Bestetar’ izateak ezabatu egiten du Iparralde deritzogun horren euskalduntasuna. ‘Bestetar’ denak bere herritartasuna galtzen du, figura exotiko bihurtzen da gizarte EAE-zentrista batean. Berdin estatubatuar bat, berdin altzürüküar bat, biak ala biak bilakatzen dira zoologiko EAE-zentrista horretako animalia exotiko. Zoologiko horretako bisitarien zati bati harrigarria zaio ekialdeko mendietatik haratago euskaraz mintzo den norbait topatu ahal izatea eta hori frogatzeko ezin dute beste ezer egin “baina, badakizu euskaraz?” galdetzea baino. Besteek, ia euren osotasunean, euskaraz mintzo direla identifikatu bai, baina “eh?” batekin erantzuten diete bidasoaz bestaldeko perpaus guztiei. Hori bai, nola da posible euskaraz dakien norbaitek ez ulertzea azkoitiar bat?
‘Bestetartasunak’ (ala Iparralde kontzeptuak berak) berdindu egiten ditu Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa euren artean. Gauza bera dira Urruña, Baigorri eta Maule, guztiak dira osotasun beraren parte, hau da, Iparraldea. Denek dute Hobbitoneko etxetxoa, koloretako egurrez apaindua eta atzean baratzetxo eder batekin. Guztiek hitz egiten dute Westron-a. Guztiek erabiltzen dute seigarren bokala (ü) eta guztiek ahoskatzen dute berdin ‘R’ hizkia.
Batenbati eguna izorratuko badiot ere, barka esatea, errealitatea ez da hori. Halakorik ez duzue topatuko J.R.R Tolkienen eleberri batetik kanpo, are gutxiago Euskal Herria deritzogun honetan. Errealitatea oso bestelakoa da eta ez, ez dira gauza bera Hendaia, Donapaleu eta Atharratze.
Muga politiko imaginario batek banatzen ditu, berez, Iparralde eta Hegoalde, mendiek eta ibaiek baino. Zergatik ezin genezake esan Zugarramurdi Lapurdi dela? Zergatik ez Hendaia gipuzkoar bat? Beste hainbeste esan genezake Hegoaldeko zein Iparraldeko barne-mugekin. Zerk egiten du Aramaio arabar? Zerk Leintz Gatzaga gipuzkoar? Zerk galarazten digu Leitza Gipuzkoako mapa politikoan kokatzea? Zerk Bardoze Baxenafarroa dela esatea? Noizbait norbaitek nolabait erabakitako muga ikusezinek. Baina hori beste gai bat da.
Zinez harritu nintzen duela astebete eskas EHUko irakasle batek Baxenafarroako eta Lapurdiko ikaskideei, Ipar Euskal Herria existitzen zela esan ostean, ea Erasmus egiten ari ziren galdegin zienean. Iparraldeari buruz zituen ezagutzak azaltzen ahalegindu zen luze eta zabal, baina, antza, ‘Ipar Euskal Herria’ kontzeptutik ‘Ipar’ soilik ezagutzen zuen. Mahai gainean lerro gorri bat marraztu zuen hitz haiekin: “Hau Hegoaldea da, Euskal Herria; hau Frantzia”. Galdera haren bitartez baieztatu zuen Iparraldea ez dela existitzen, akaso EHUri ‘E’-a sobratzen zaiola. Hegoaldeko Unibertsitatea. Eta ez pentsa irakalse horrek soilik egiten dituenik halako baieztapenak.
Horiez gain, hamaika dira hegoaldezentrismoaren adibideak. Adibidez, Euskal Ikasketak ikasi arren euskarazko testurik ez izatea. Euskarari buruz ikasi ahal izateko espainiar izan behar omen zara. Ulertu dezaket, hein batean, hainbat adibidek erdarara eta, bereziki, gaztelaniara jo behar izatea, euskaraz gain ikasleen gehiengoak uler dezakeen hizkuntza bat delako. Dena den, minoria beharko lukete gehiengo diren testu horiek. Eta ulertezina zait duela 43 urte sortutako unibertsitate batek, 35.000 ikasle inguru dituen unibertsitate batek, ‘euskal’ hitza izenean daraman unibertsitate batek bere irakaskuntza prozesuan erabiltzen dituen testuak ez euskaratu izana. Baina, tira, hori ere beste artikulu baterako utziko dut.
Laburbilduz, errepika nezake enegarrenez Iparraldea ez dela existitzen gizarte eta unibertsitate hegoaldezentristan. Eta errua ez da soilik EHUrena. Hori garbi utzi nahi nuke. Arazoa sakonagoa da eta hezkuntza-sistemaren erroetan aurkitu beharko genuke. Arazoa Euskal Herriaren historia lantzean Hego Euskal Herriaren historia lantzea da. Arazoa euskara ikastean batutik at dauden dialekto guztiak albo batera uztea da. Arazoa Euskal Herriko mapa politikoetan EAE soilik erakustea da. Arazoa ‘ERKIDEGOA’ deritzogun hori (bai, letra larriz idatzita) soilik ezagutzea da. Arazoa Larrun mendi gipuzkoar bat dela ikastea da. Arazoa, agian, gainerakoari, ‘bestea’-ri ‘Iparralde’ deitzea da, muga imaginario horiek onartuz.