Iparralde, Macro-modaren menpe
Iparralde, Macro-modaren menpe –
Ez da Ipar Euskal Herria, ez gaur, ez aitzina, euskaltzaletasun politikoaren eredu bikaina: alta, (frantziar) eskuindar eta kontserbadore xamarra izan dugu beti, hauteskundez hauteskunde, Frantzian demokrazia dagoenetik: Monarkistak hasieran, demokristauak geroago eta zentro-eskuin gaullista azkenik. Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan ordea bere norabidea aldatu du sorpresaz: EAJk 2.000 boto pasatxo lortu ditu lehen aldiz, eta EH Baiko Peio Etxeberri-Aintxart Hego Lapurdiko hautes-eremuko bigarren bueltara pasatzeko zorian egon da, bere berraitona Jean Etxeberri Asanblada Nazionalera pasatzea lortu bazuen ere –orduan, noski, EH Bai existitzen ez zela–. Alde horretatik, abertzaletasuna gora doala esan zitekeen, baina sorpresa galantarekin: bigarren itzulia pasa ostean, atera diren diputatuak ez dira bereziki euskaltzaleak.
Etxeberri-Aintxarten eremuan, Kanboko alkate Vincent BRU zentrista atera da hautetsi (MoDem), lortu berri den lehen euskal instituzioaren alde irmo agertu zena. Esan behar da bertoko EAJk berarentzako eskatzen zuela bigarren itzuliko botoa. Kontrastez, BRUren alderdi bereko Florence LASSERRERE, Baionako eremutik ateratako hautetsi, BRUren kontrako jarrera izan zuen euskal herri-elkargoarekiko, beti kontra eginez. Bitxia da euskal elkargoko hiriburuaren eremuan bera hautatu izana, kontuan hartuta honek bigarren bueltan Colette CAPDEVIELLE sozialista zuela etsai, elkargoaren alde gogor aritu zena Parisen, eta orain hautesleek ez omen diote sinesgarritasun gehiago eman, agian, MACRONi gehiago begira LASSERREri baino.
Amaitzeko, Behe-Nafarroa, Zuberoa eta Biarnoren Hegoaldea hartzen dituen 4. eremuan Jean LASSALLE biarnotar independenteak lortu du eserlekua, euskararen aldeko apustua egindako Loïc CORRÉGÉ makronistaren kontra. Eskarmentu handikoa da LASSALLE, gaskoia eta hizkuntza erregionalen eta deszentralizazioaren aldeko, baina ez benetan eskuzabala Euskal Herriarekin.
Panorama hau ikusita, eta jakinda 3 eremuko bozak ez direla guztiz euskaldunenak, balorazio bipolarra sortzen zait. Ezin daiteke esan euskaltzaletasuna mantentzen ez denik, bai ordea komunitate-nortasuna, behintzat Hego Lapurdiri begiratzen ez bazaio. Baiona aldean argi dago modak izan duela inpaktu gehiago hautetsiek baino, eta nahiz eta 5. eremuko emaitza euskaltzaleek nahi zutena izan, arraroa da aurretik ia deus atera ez zuen MoDem alderdiak bi diputatu atera izana orain, La République En Marcheren talde barruan, jakina. Denarekin, badirudi bertoko euskaldunek gehiago begiratu diotela estatu-politikari, eta ez tokikoari, eta horrek argi uzten du beste behin euskaltzale eta abertzaleek bertan egiteko duten lana, behintzat, hurrengo hauteskundeetan inor Asanblada Nazionalera bidali nahi badute.