[Ipar EH hauteskundeak] Immobilismoa zigortua, desberdinen arteko aliantzak sarituak
Immobilismoa zigortua, desberdinen arteko aliantzak sarituak –
Kontestu bitxia
Zentzugabekeria badirudi ere, herriko bozak iragan ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan joan den igandean. Emmanuel Macronek hexagonoan jendeen joan-etorrien mugatzeko neurriak iragarri baino egun bat lehenago milioika hiritar bozka bulegoetara igorri zituzten.
Astelehen arratseko adierazpenean, aurreikus zitekeen bezala, bigarren itzuliak gibelatzea erabaki du: ekainaren 21a da entzuten den eguna. Lehen itzuliko emaitzak baieztatuak direla adierazi du Frantziako gobernuak.
Datuak begiratzen saia gaitezen hala ere.
CO-Vid 19aren kontestuak abstentzioaren emendatze argia izan du ondorio estatuan, kasik 20 puntukoa.
Pandemiaren bizkar soilik ezin da ezarri zenbaki hori, aitzinetik ere abstentzioa duela sei urtekoa baino handiagoa izanen zela aurreikusten baitzen, baina bistan dena, ez hein horretakoa. Ipar Euskal Herrian ere parte hartze zenbakiak apaldu dira, bereziki kostaldeko herrietan: Baionan %39 (-20) eta Angelun %40 (-26). Herri ertain eta txikietan, bariazioak ez dira hain handiak eta lehiaren interesak du eragin gehiago. Zerrenda bakarreko herri batzuk aipa daitezke: Baigorrin %51 (-34) edo Bardozen %56 (-29); eta aldi berean bi zerrenda agertu direnetan kontrako dinamika: Ortzaizen %83 (+10),
Bigarren itzulia aipatu dugu lehenago, hemen 160 herritik 18tan iragaitekoa dira. Horietan aurkitzen dira bereziki gehiengo osorik nehork erdietsi ez duen 1000 biztanlez goitiko herriak : Baiona, Ziburu edo Senpere adibidez. Badira 1000z beheitikoak ere, botzen gehiengo osoa erdietsi duen hautagairik aski ez delako: Landibarren, Amenduzen, Alduden, Larrainen eta Bildozen.
Emazte gehixeago
Kanpaina denboran, Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) koordinaketak agerian utzi zuen emazteen presentzia eta ikusgarritasun eskasa bizi politikoan. Hauteskunde hauek aitzin, 160 auzapezen artean 17 emazte aurkitzen ziren, eta 2020an zenbaki hori emendatuko da. Orain arteko emaitzen arabera, 24 izanen dira herriko etxe baten buru. Horien artean 11 dira lehen aldikotz hala izanen direnak, nagusietan aipa dezagun Isabelle Pargade Hazparnen, Nathalie Martial Etxegorri Ahurtin, Laurence Samanos Larresoron…
Herri txikiagoetan: Xole Aire Urepelen edota Maite Pitrau Atharratzen. Gehiago ere izan daitezke, zerrendaburu argirik ez duten herrietan eta bigarren itzulian erabakiko diren beste herri batzuetan: Biarritzen, Ziburun edo Azkainen adibidez. Portzentaia hala ere txikia geldituko da, eta elkargoko batzorde osoan sentitu. Hala ere, elkargoko gobernantza itunean agertzen da batzorde iraunkorreko izendapenekin emazte-gizon parekotasunaren orekatzea. Horrek erran nahi luke, aipatutako auzapez horietarik batzuk ardura postu goragoetan ere ikusi behar genituzkeela.
Irakurketa orokorra
- Ezkerreko abertzaleen aliatuen emaitza onak. Gobernatu dituzten herriak atxikitzen dituzte (Baigorrin) edo atxikitzeko lehian dira (Uztaritzen). Boto kopurua emendatzen dute herri frankotan, lehen indarra ere dira batzuetan (Ziburun eta Urruñan), hautetsi kopurua emendatzen dute (Donibane Garazin eta Kanbon). Beste emaitza batzuk ezkorragoak dira, boto galtze handia herri batzuetan (Donibane Lohizunen eta Hazparnen) eta alternatiba izatea ez dute lortu beste batzuetan (Baionan edo Maulen)
- Lapurdiko itsasertzeko herrietan, elkargoko populazioaren zati handiena bizi den eskualdean eskuina azkar da. Baionan eta Biarritzen lehen postuan; Angelun, Bidarten eta Donibane Lohizunen lehen itzulitik garaile. Hendaia eta Bokale salbuespenak dira.
- Aldaketaren haizeak ufatu du Biarritzen, Donapaleun eta Hazparnen. Hiru zartako ikusgarri: Michel Veunac, Barthelemy Agerre eta Beñat Intxauzperentzat.
Eguzki Urteagaren balorazioa NAIZ irratian
Herriz-Herri
Lurralde poloka ikus dezagun:
KOSTALDEA-ATURRI
Abstentzio maila handiak ikusi dira eremu horretako herri guztietan. Hori gogoan atxikiz irakurtzekoa da analisia.
Baionan galdera nagusia zen ezkerreko hiru zerrendak nola sailkatuko ziren. Henri Etxeto sozialista agertzen da argiki beste bi zerrenden gainetik. Abertzale-Berde-Intsumisoen aliantzak ez du zenbakietan jauzirik eman, Mathieu Bergéren zerrendarekin bozak banatu dituztela pentsa daiteke. Lauek bigarren itzulian aurkezteko aukera badute. Orain ezkerreko indarren batzerik izanen ote den ikustekoa da. Henri Etxetoren profil jakobinoa arrasta bat izan daiteke, 2014an bezala, bai hautagaientzat eta bai hautesleentzat.
Biarritzen, gorago aipatu bezala, Veunac auzapezak ostikoa bildu du. Bosgarren indarra da LREM alderdi Macronistak sustengatu zuen Modemeko kidea. Arrazoiak anitz dira: G7aren antolaketa, Hotel du Palais afera, BO errugbi taldearen inguruko polemikak… Maider Aroztegi LR alderdikoa da agertu lehentasunezko hautu gisa. Saint Cricq-ek sustengua segurtatu dio bigarren itzulirako. Motsch eta Barucq auzapezorde ohiak elkartuko ote dira? Biak zentristak dira, Barucq profil ekologistarekin. Abertzale-Berde-Insumiso formulak emaitza txukuna ateratzen du, bere sustengua negoziatzeko gisako pisuarekin, jakinez duela sei urte ez zirela aurkeztu.
Angelun eta Bidarten, Claude Olive (LR) eta Emmanuel Alzuri (zentrista) elkargoko exekutiboko kideak jaun eta jabe, %67 eta %66, hurrenez hurren. Bokalen ezkerreko hiru zerrenden artean bigarren itzulia izanen da. Francis Gonzalez auzapezak abantaila du %41arekin.
HEGO LAPURDI
Donibane Lohizunen, sorpresa izan da lehen itzulian erabaki dela auzapezgoa. Jean François Hirigoien eskuindarrak Peyuco Duhart zenak hasitako kargualdia bukatu zuen. Herritarrek zilegitasuna aitortu diote %50,5arekin. Herri Berri oposizio talde abertzalearentzat, emaitza txarra, hirugarren indarra baita 2014an baino 500 boz gutiagorekin. Abstentzioa %51ra iritsi dela kontutan hartu behar da, hala ere (2014an %36)
Hendaian Kotte Ezenarro auzapez sozialista eta azken sei urteetan bidelagun izan dituen ezkerreko abertzaleak bi zerrendatan aurkezten ziren. Aitzineko udal taldea indarturik atera da, bien artean kasik %60ra iristen baitira. Baieztatu behar da hala ere, bigarren itzulian elkartuko ote diren.
Ziburun, ezkerreko indarren batasunak funtzionatu du eta eskuinaren zatiketak, sektore horren bozak barreiatu ditu. Eneko Aldana-Douat EH BAI-ko kidearen gibelean lerrokatu dira ekologistak eta sozialistak, duela sei urte bi itzulien artean egin zuten bezala eta auzapezgoaren eskuratzeko abantaila batekin aurkeztuko dira bigarren itzulira. Guy Poulou auzapezaren gehiengotik bi hautagaitza baziren (Hirigoienberri eta Dubarbier-Gorostidi), Duguet Macronistarena eta alderdirik gabeko beste bat Aranburu buru. Zerrenda guzti horiek hautagaitza mantentzen ahal dute.
Urruñan, auzo herrian, egoerak antzekotasunak baditu. Lehen lekuan ezkerreko dinamika Filipe Aramendi oposizioko hautetsi abertzalearen eskutik (%40), bigarren, Francis Gavilan gaurko auzapezorde eskuindarra (%30) eta Sebastien Etxebarne etiketarik gabeko hautagaia (%29). Etxebarnek mantenduko dela dio. Bozka anti-abertzalearen mobilizazioa da Aramendirentzat arrisku nagusia. Ziburun bezala funtsean.
Azkainen zerrenda guztiek bigarren itzulira aurkezteko aukera dute. Fournier auzapezak, Luberriaga auzapezordeak eta Taberna abertzaleak hala eginen dute. Beste biek ez dute oraindik hauturik argitu.
Senperen duela sei urte aurkeztu ziren indar berak dira agertu. Pierre-Marie Nousbaum eskuineko auzapeza (%42), Dominique Idiarten zerrenda herritarra (%41) eta Jeff Bederederen zerrenda abertzalea (% 17). Joan den aldian Idiarten zerrendak ez zuen onartu Bederederenarekin mintzatzea nahiz eta bi zerrendek pundu amankomunak dituzten. Idiart ikastolen mugimenduan engaiamendu handia izan duen pertsona da. Kontaketa bukatu ondoan, hitz egiteko borondatea erakutsi du aldi honetan.
Saran Battitt Labordek auzapez segituko du (%73), Ellande Alfaro (% 27) abertzalea zuen parean.
ERROBI
Uztaritz 2014ko sorpresa izan zen, zerrenda abertzale batek bereganatu zuen herri handiena izanki (6.800 biztanle). Talde krisia izan zuten, mediatikoa gainera, gehiengoko hautetsi batzuek dimisioa eman baitzuten, kritikak eginez euskararen aldeko neurri eskasari eta hirigintza planari. Ezusteko ona abertzaleentzat, abantaila hartu baitute lehen itzuli horretan. Bigarren itzulirako Lesbats 2008tik 2014ra auzapez egon zenak, hautagaitza kendu du Cendrésen alde bozkatzera deituz. Saint-Jeanek sei puntu galdu ditu aitzineko aldiarekin alderatuz.
Kanbon Christian Devèze (%53) auzapezordeak hauteskundeak irabazi ditu Argitxu Hiriart-Urruti (%47) abertzalearen aurka. Ehuneko 52ak bozkatu ez duen egunean, 20 puntuz emendatu da ezkerreko abertzaleen emaitza.
Arrangoitzen eta Ezpeletan auzapezek errepikatuko dute, eta Larresoron auzapezorde batek hartuko du segida. Hiru herrietan bigarren zerrenda bat aurkeztu zen.
Abertzaleek hor ere emaitzak hobetzen dituzte, bigarren lekua hartuz eta 150 boz batuz. Ustarroz zerrendaren erabakiak baldintza lezake bigarren itzulia. Gaurko gehiengoaren kontra osatutako zerrenda denez, nekez ikusten da Iturburuarekin elkartzen.
ERROBI-ATURRI
Hiriburu eta Mugerren, zerrenda bakarra zen, horregatik Alain Hiriart eta Roland Hirigoien elkargoko batzorde eragileko kideek errepikatuko dute. Orain arteko gehiengoak atxikiko du Lehuntze, bigarren zerrenda garaiturik.
Urketan bigarren itzuli bat izanen da, gaurko gehiengoaren buru den Raymond Darricarrere da posizio hoberenean (%42), Gilles Sallaberri eta Laurent Ianzi kasik berdinduak dira (%29)
Lurralde polo horretan ez da indar harreman aldaketarik izanen.
HAZPARNEKO LURRALDEA
Lehen itzuliko ezusteko handienetarik bat Hazparnetik etorri da. 2008tik auzapeza zen Beñat Intxauzpek bere lekua galdu du lehen itzulitik. Ongi finkatu zela zirudien 2014an zerrenda abertzalearen aurka %76arekin garaile atera zen. Hazparneko gizon azkarraren figura baieztatua zen beste hauteskunde batzuetan ere (2015ko departamentalak), emaitza potoloak egin baitzituen herrian. Pilotari ohiak partida alde handiz galdu du, hauteskunde hauen berritasuna zen Isabelle Pargadek, Intxauzperen axuanta izandakoak, gehiengo osoa bereganatu baitu etiketarik gabeko zerrenda batekin. Abertzaleak ez dira %10era iristen, 2014ko bi hautesletatik bi galdu badituzte pentsa daiteke Pargaden hautagaitzak kalte egin diela, Intxauzperen kontrako bozak bereganatuz.
Lekuinen bi zerrenda ziren eta Michel Etxeberri auzapezak errepikatuko du. Eskualdeko beste herrietan orain arteko taldeek segitzen dute, herri batean izan ezik. Lekornen Luzien Betbeder eta bere taldea ez ziren berriz aurkezten.
BIDAXUNEKO LURRALDEA
Lurralde eremu horretan lehia bakarra Bidaxune herrian berean da. Jean François Lasserrek hartzen du Dallemane auzapezaren udal taldearen segida. Lasserre dinastiako hirugarrena, Pirinio atlantikoetako presidentearen semea eta diputatuaren neba, lehen lekuan ateratzen da. Veronique Robert sozialistak 2014tik 6 puntu galdu ditu. Bi zerrenda elkartu diren ala ez, ikustekoa da oraindik.
Bardozen Maider Behotegi zentristak hartuko du auzapezgoa Jean Paul Diribarneren segida hartuz. Behotegi Bidaxuneko herri elkargo ohiko burua zen eta hirigune elkargoko lehendakariordea da. Elkargoko figura femenino nagusi bat da.
IHOLDI-OZTIBARRE
Lurralde eremurik txikiena da. 13 herrietatik 3tan bi zerrenda aurkeztu ziren eta aldaketa bakarra Larzabalen izan da Christelle Caset-Urrutiren zerrenda osoa hautatu baitute, Jules Larramendi auzapeza kanpo utziz. Izuran eta Iholdin, Daniel Olzomendi (EH Bai) eta Beñat Cachenaut (LR) elkargoko exekutiboko kideek auzapez izaten segituko dute. Landibarren Patrick Etxegarai, duela aste batzuk arte ipar Esukal Herrian FDSEA laborari sindikatuaren buru zena garaile atera da. Kontutan hartzeko datua da, elkargoak elikadura eta laborantzaren erakunde publiko baten sortzeko ideia aztertzen baitu (FDSEA aurka da, ELB alde)
AMIKUZE
Iraultza (txiki) bat Donapaleun. Charles Massondo zentristak eta abertzaleek osatu zuten zerrendak airez aire irabazi du Barthelemy Agerren aurka. Agerre itzal handiko politikaria da Amikuzen, 40 urte baino gehiago bizi politikoan dela. Joan den mende erdian eskualde hori manatu duen ideologia produktibistaren ikur, enpresaburu-laboraria eta ipar Euskal Herriaren ezagupenaren aukari historikoak zartakoa hartu du. Horrek indar politikoen oreka aldatuko du Amikuzeko lurralde poloan, Donapaleuk 7 ordezkari (35etatik) ditu bertan, jakinez bestalde Amenduzen ere auzapez berria izanen dela. Jean Marc Trenthomasen zerrendan aurkitzen dira herriko ezkerreko abertzaleak.
GARAZI-BAIGORRI
Donibane Garazin, sorpresarik ez da izan eta Laurent Intxauzpek hartuko du Alfontso Idiarten segida, orain arteko taldearen zati batekin. Azpimarratzekoa da hala ere, Xabi Larreren zerrendak (EHBaik sustengatua) emaitzak hobetzen dituela 12 puntu irabaziz sei urtez eta aldi honetan lau hautetsi izanen ditu Donibane Erne-k.
Aldaketa nagsitu da hiru herritan, Irulegin Joseph Mochoren taldeak irabazi du Jakes Irumeren (25 urtez auzapez) segida izan nahi zuen taldearen aurka. Alduden, Martin Sukilbideren zerrendak hartuko du orain arte herriko etxean zen taldearen lekua eta Ortzaizen abertzale batzuen inguruan osatu zerrendak bidea moztu dio Martin Elge auzapezaren seigarren kargualdiari. Ikustekoa da lurralde poloan nolako eragina izanen duten aldaketa horiek. Baliteke Garazi-Baigorritik hirigune elkargoko ardura postuetan buru berriak ikustea.
XIBEROA
Zuberoan interes puntu nagusia Maule. Louis Labadot Frantziako komunistak ditu irabazteko xantza handiak. Mixel Etxebest auzapezak boz andana bat galdu du, hori esplika daiteke, partez, kargualdia markatu duten bi proiektu polemikatsu batzuengatik : espartinaren etxea eta Agerria hotela. Kudeaketa pertsonala egitea ere leportu diote aurkariek. Beñat Elkegarai abertzaleak progresio bat lortu du baina hirugarren lekuan da. Aliantzak oraindik ez dira argitu, baina ezkerra elkartzea nekez irudika daiteke Labadoten profil jakobinoarengatik. Elkegaraik eta Etxebestek bat eginen ote dute? Elkarri opsozioan pasatu dituzte pasa diren sei urteak baina puntu amankoun batzuk ere badituzte : hizkuntza lehenik eta hirigune elkargoaren aldeko jarrera ondotik.
Atharratzen, gehiengoko kontseilari zen Maite Pitrau izanen da auzapez. Larrainen hauteskundeak beti tinkoak izaten dira, aldi honetan ere, bigarren itzuli bat izanen da baina oposizioak gehiengoak segurtatu du. Datu esanguratsu bat parte hartzearena da: %97,5
Lerro hauek idazterakoan lehenesten den aukera, bigarren itzulia ekainaren 21an egitea da. Ea orduan, gauzak argiago ikusten diren!
Mila esker informazioagatik, Hegoaldekoentzat oso preziatua.