Insorgiamo: Florentziako GKN eta Urdulizeko Mecanerren arteko alderaketa bat
Florentziako GKN eta Urdulizeko Mecaner –
David Goliaten kontra: nolako zirrarak zeharkatzen gaituen, txikiak (ustez) ahalguztiduna garaitzen duenean. Tamalez, oso noizean behin gertatu ohi den zerbait da, hori lortzea biziki zaila baita.
Halako balentria baten berri iritsi zitzaigun orain hilabete batzuk Italiatik. GKN multinazionalak Florentziako lantokia itxi eta laurehundik gora langile kaleratu nahi izan zituen 2021eko uztailean. Borrokak, hiru urteren ondoren, zutik dirau. 180 langile lantokian dira oraindik eta trantsizio ekosozialarekin bat datorren ekoizpena garatu nahi dute modu kooperatiboan.
Azken orduko garaipen judizial batek mantentzen du bizirik mundu guztian eredugarri bihurtu den borroka hau. Berez, 2024ko urtarrilaren 1ean behin betiko itxi behar zen lantokia, baina 2023ko abenduaren 27an atera zen enpresaren kontrako epai batek zabalik mantentzera behartu zuen.
Langileek modu guztietara borrokatu zuten enpresa itxieraren aurka hasieratik bertatik. 2021eko uztailaren 9 hartan kalera zihoazela zioen emaila jaso zuten momentutik, lantokia okupatu zuten goiz, arratsalde eta gau, urteko 365 egunetan, eta gaur egun, oraindik, bertan daude. 2022ko azarotik kobratu gabe egonda ere, zutik mantentzen dira elkartasun funts bati esker. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte eskualdeko hainbat mugimendu sozialekin. Eta 2023ko uztailean, borroka hasi eta bi urtera, urrats bat gehiago eman zuten: berregituraketa proposamen bat ondu zuten lantokiko ekoizpenak trantsizio ekosozialarekin bat egin zezan. Lantokia eta enplegua mantentzeko borroka titanikoaz gain, etorkizunerako proposamen alternatibo bat eraiki zuten. Eredugarria.
Urte hauetan enpresak jokatu du, nola ez, eta langileei eskaintza tentagarriak eginda, haien neke eta beharrez baliatuta, lortu du askok kaleratze indibidualak onartzea ordainsari mamitsu baten truke. Dena den, enpresak ez du bere helburua lortu, borrokan mantentzen diren 180 langileek uko egin baitiote ezer sinatzeari. Ez dago enpresa ixteko arrazoirik. Beraiek bertan lan egin nahi dute eta bidegabekeria horren aurrean zutik jarraitzea erabaki dute, bide errazena eta ekonomikoki mesedegarriena ez dela badakiten arren. Horrexek sortzen digu zirrara.
Normalean erraldoiak irabazten du. Eta Urdulizen, gehiengoa zuten sindikatuek onartu egin zuten enpresaren akordio eskaintza
Euskal Herrian ere izan dugu antzeko kasu bat, Urdulizen. Alde batetik, multinazional batek ongi zebilen lantoki baten itxiera erabaki zuen bat-batean; deslokalizazio kasu garbi bat. Eta bestetik, lan batzordeak, irtenbide bezala, ekoizpenaren birmoldatze ekosozial bat proposatu zuen. Antzekotasunak, baina, ez du berdintasuna esan nahi. Izan ere, alde handia dago Florentziako borrokaren eta Urdulizekoaren artean. Ikus dezagun.
Stellantis multinazionalak, egun batetik bestera, Urdulizeko Mecaner lantokia itxi eta 148 langileak kaleratuko zituela esan zuen, 2023ko irailaren 1ean.
Hemen ere egon ziren langileak hasieratik bertatik, itxieraren aurka, greba mugagabera jo nahi zutenak, baina enpresan gehiengoa zuten sindikatuek (LAB, ESK eta CCOO) ez zuten nahi. Batzuk greba solteak egiten joan ziren, besteak, lan uzteak. Azkenean, 2024ko otsailaren 7tik aurrera ELAko 50 langileek greba mugagabea abiatu zuten. Langile horiek, GKNkoek bezala, bazuten elkartasun funts bat greba mugagabean irauteko: erresistentzia kutxa.
Jakina, hor ere, enpresak jokatu zuen, eta gatazka epaiketetan luza ez zedin, Stellantisek irteera ekonomiko tentagarri bat jarri zuen mahai gainean, enpresa itxi eta gatazka ororekin amaitzearen truke.
Otsailetik greba mugagabean ziren langileak akordio horren kontra zeuden: amore ematea zen; bidegabekeria onartzea. Bai, akordioa sinatzea bide errazena eta ekonomikoki mesedegarriena zen, baina borrokak ez al zuen merezi? Erraldoia garaitu zitekeen. Zaila, gogorra, nekagarria izango zen, baina, pentsa, enpresaren kontrako epai bat, Florentzian bezala, zirraragarria litzateke!
Baina, hasieran esan bezala, halakoak oso noizbehinka gertatzen dira. Normalean erraldoiak irabazten du. Eta Urdulizen, gehiengoa zuten sindikatuek onartu egin zuten enpresaren akordio eskaintza. Dirusari on baten truke, kaleratzeak eta enpresa itxiera onartu eta enpresaren kontrako borroka orori uko egin.
Ulertzekoa da. Muturreko egoera zail horretan dauden langileek eskubide osoa dute amesgaiztoarekin amaitu eta enpresatik ahalik eta baldintza onenekin ateratzeko.
Insorgiamo, altxa gaitezen, Florentziako GKNko langileen aldarriak eta haien borrokak gugan sortzen duen zirrarak ikasgai bat uzten digu: multinazional baten itxiera bidegabearen kontrako langileen borrokak ematen du egiten den ekoizpenaren birmoldatze ekosozialerako proposamenaren benetakotasunaren neurria.