Inpunitatea amaitu da
Inpunitatea amaitu da –
Noizbait norbait engainatzea erraza da. Noizbait denak engainatzea ez da hain erraza. Zaila da denbora guztian norbait engainatzea. Baina ezinezkoa da denei iruzur egitea denbora guztian. Abraham Lincolnek esan zuen (1808-1865) XIX. mendean.
Alarde Fundazioa Hondarribia izenekoa ez zen inoiz legez eratutako fundazioa izan. Egia da izen horrekin sortu zutela Nafarroako Foru Komunitatean diktadura garaiko lege baten babesean, baina Nafarroako Foru Gobernuak ukatu egin zion erregistro ofiziala. Gauza bera egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak ere. Arrazoiak: interes orokorrari erantzuten ez ziola eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako legeak urratzen zituela.
Hogei urte baino gehiagoz iruzur egin zion, Alarde Fundazioa Hondarribia izenekoak Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Jaurlaritzari, beren bazkideei eta lagunei, poliziei eta baita Guardia Zibilari ere. Hogei urte baino gehiagoz irailaren 8ko desfile armatua antolatu zuen, loteria saldu zuen, dirua publikoki bildu zuen, afariak antolatu zituen, aseguruak kontratatu zituen, armak erakusteko eta herriko kaleetan animaliak paseatzeko baimenak eskatu eta lortu zituen. Kargu publikoekin eta agintariekin bildu zen, eta herria Fundazio gisa ordezkatzeko eskumena bere gain hartu zuen.
Inork ez zion inoiz eskatu bere legezko izaera egiaztatzea, ez zuen inoiz justifikatu behar izan ofizialki erroldatutako fundazioa zenik. Ez kargu publikorik, ez alderdi politikorik, ez epailerik, ez fiskalik, ez kazetaririk, ez poliziarik, ez herri-erakunderik, ez zion inork ere eskatu. 2019-2023 legegintzaldian, Ezker Abertzaleko zinegotziek hala eskatuta, legez erroldatutako fundazioa zirela egiaztatzeko eskatu zietenean, berriz ere Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatu zioten Jaurlaritzako Gobernantza Sailari. Bi aldiz ukatu ondoren auzitara jo zuten. Epaiketa orain galdu dute, arrazoia aspaldi.
Urteetan ez zuten zergarik ordaindu, eta ez zuten beren diru-sarrera eta gastuen kontu publikorik eman. Ez dakigu zenbat bazkide dituen erakundeak, ez eta zenbateko ekarpen ekonomikoa egin duten ere. Hala ere, urtero agintari publikoek eta polizia desberdinek Hondarribiko espazio publikoa okupatzeko baimena eta ahalmena eman die.
Orain agerikoa bada ere, beti jakin izan dute ez zirela fundazioa, badakite ez dutela legea betetzen Fundazio izendapen hori erabiliz, badakite ez dutela berdintasun-legea betetzen eta ez diotela erantzuten herritarren interes orokorrari. Lege-iruzurra egiten dute kultura-elkarte bat eratzean, berdintasun-legea urratzen jarraitzeko.
Egia da alardea osatzen duten konpainien babesa dutela oraindik, Jaizkibel konpainiarena izan ezik. Horregatik, Hondarribiko udal gobernuak, alkatea buru duela, eskuzabal eta bihozbera izan behar du haiekin. Orain hiriko udal-gobernuari dagokio, Hondarribiko herriaren ordezkaritza legitimo gisa, ia hogeita hamar urtez luzatzen ari den Hondarribiko Alardearen gatazkari irtenbidea proposatzea.
Irtenbidea konpainia guztien legitimitatea onartzea da, Jaizkibel konpainiarena barne, Hondarribiko Alardearen osagai gisa. Haiek, konpainiek, Jaizkibel konpainiak barne, antolatu dezatela alardea egoki deritzoten moduan. Horretarako, logikoena 1995ean bertan behera geratu zen Alardearen Batzordea berriz eratzea litzateke.
Konpon daiteke, legealdi honetan bertan konpon daiteke. Borondate politikoaren kontua baita. Alkatearen, udal gobernuaren eta Alardeko konpainia guztien esku dago. Ez dago, jakina, iruzur egin digutenen esku. Herritar askok ahalik eta azkarren konpontzea nahi dugu jaietan alaitasunez eta berdintasunez gozatu ahal izateko.
Inpunitatea amaitu den ez dakit, baina urteroko txapa hasi dela argi dago.
Urteroko txapa erdalzale hori….ez dakit bada. Baina Hondarribiako euskararen galtze azkarra ezaguna da. Eta betikoak dira espainolenak.Noraino? Bikingoa hitza euskaraz idazten ez jakiteraino.
B-erena barka liteke, baina A-rena ez.
Ea behingoz Hondarribiko (eta Irungo) udalak otsoari belarrietatik heltzen dion eta, beraz, Hondarribiko (eta Irungo) emakumeek aske, pozik eta lasai parte hartu ahal duten euren herriko jaiXetan
Zu zein zara, euskaldun ete euskalzale karnetak banatzen dituena? Euskal polizia nazionala alegia? Ze irizpide duzu zein den Euskaldun eta zein ez juzkatzeko? Ta zerikusi du euskerak, alardearen aferarekin? Kaka nahasten…
Mezu hau Nagore erabiltzailearen mezuari erantzuna da.
Atsaldeon, guzioi noski. Ni ez naiz soziologoa, baina gogoko izan dut betidanik jakintzaren adar hori. Familiaren adar bat, zer emankorra den Adarra euskaraz, bidenabar, Jaizkibel magalekoa daukat, eta jun eta jakinekoa da Hondarribia azken gotorleku karlista dugula, nafarra izan baitzen. Azken hamarkadetan EAJk kudeatu du udala, baina berdin izan zitekeen PP. Eta zer ikusirik daukan batak eta besteak? Hizkuntzak eta herri nortasunak pentsakera osatzen dute. Neronek ezagutu nuen laurogeiko hamarkadako Hondarribia eta gaur egungoa bi herri guztiz ezberdinak dira, denboraren joanean normala den bezala, baina bere buruaz beste egiteraino ez nuen espero.
Kaxo Xabier:
Hemen beste alde batetik erantzuna zuri:
https://aberriberri.com/2024/08/21/alardea-herria-legea-eta-inpunitatea/