Inoiz baino herri eta sortzaile gehiago nazio mailako ‘geuretik sortuak’ kultur egitasmoan

Inoiz baino herri eta sortzaile gehiago nazio mailako ‘geuretik sortuak’ kultur egitasmoan –

  • Udalbiltzak antolatutako ekitaldian, Iruñeko Kondestable Civivox aretoan elkartu dira gaur Geuretik Sortuak proiektuaren 3. edizioan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak, beka lortu duten sortzaileak eta proiektuko bidelagun politiko zein teknikoak.
  • Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dira, inoiz baino gehiago; sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan.
  • Euskal artisten sormena eta euskal herrietako kontakizunak uztartzea du helburu Geuretik Sortuak proiektuak, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko.

Inoiz baino herri eta sortzaile gehiago nazio mailako ‘geuretik sortuak’ kultur egitasmoan

Geuretik Sortuak proiektuak jada baditu aurpegi berriak. Bi urtez luzatzen den egitasmo kultural honek, 2021-2022ko eta 2023-2024ko edizio arrakastatsuen ostean, hirugarrena hasi berri du gaur, Iruñeko Kondestable Civivox aretoan, Udalbiltzak antolatutako ekitaldian.

Iazko urrian beka deialdia zabaldu zenetik zegoen martxan hirugarren aro honen prestaketa. Gaur arratsaldeko ekitaldian aurkeztu dituzte deialdi horretan hautatuak izan diren sortzaile guztiak, baita edizio honetan parte hartzera animatu diren euskal udalerri guztiak ere. Bai sortzaileak, baita haiek hartuko dituzten herriak edota herri multzoak ere –kasu batzuetan herriek taldeka parte hartuko baitute– 30 izango dira edizio honetan; inoiz baino gehiago.

GEURETIK SORTUAK

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi edizio izan ditu dagoeneko, 26 sortzaile bekadunekin lehenengoan, eta 22rekin bigarrenean.

EKITALDIAN, UDALERRIAK ETA SORTZAILEAK PROTAGONISTA

Iruñeko partehartze eta euskara zinegotzi Aitziber Campionek egin dio ekitaldiari harrera. Haren ostean, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Begoña Enbeita euskara eta kultura arduradun politikoak hartu dute hitza, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, baita bertan parte hartzera animatu diren udalerriei merezi dituzten eskerrak emateko ere. Euren hitzartzea amaitzeko, Geuretik Sortuak-en esentzia laburbiltzen duen bideo labur bat jarri dute.

Ekitaldiko protagonista nagusiak, ordea, udalerrietako ordezkariak eta hautatutako sortzaileak izan dira. Herriei dagokionez, Alberdi eta Enbeitaren hitzartzearen ostean bi ordezkari igo dira; Berriatuako (Bizkaia) alkate Joseba Goienola, batetik, eta Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) hautetsi Elena Casiriain, bestetik. Lehenengoak edizio guztietan mantendu den udalerri bateko ordezkari gisa bota ditu hitzak, esperientziatik eta egitasmoaren hazkundea ikusi izanaren harrotasunetik. Bigarrenak, aldiz, egitasmoan lehen aldiz parte hartuko duen udalerriaren azaletik hitz egin du, proiektu nazional honen parte izatearen ilusio eta espektatibatik, eta bereziki azpimarratu du kulturak euskalduntasuna lantzeko tresna gisa duen indarra.

Ondoren iritsi da sortzaileak fokuan jartzeko txanda. Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget eta kultur teknikari Maria Oses igo dira oholtzara edizio honen xehetasunen berri emateko. Abenduan osatu zen balioespen batzordean, goi mailako epaimahaia izan da beka jasoko duten sortzaileak hautatzearen arduradun: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Estibalitz Urresola zinegintzan.

Bekaduna izan den Eñaut Aiartzaguena komikigilea gonbidatu dute oholtzara eta, Rougetek eta Osesek edizio honetako sortzaile eta udalerrien zerrenda bota bitartean, Geuretik Sortuak-en filosofia irudikatzen duen ilustrazio bat egin du.

Ekitaldia amaitzeko, antzerkigintzan hautatua izan den amaHiru konpainiaren obra labur bat ikusteko aukera egon da.

EDIZIO HONETAKO UDALERRI ETA SORTZAILEAK

Honakoak dira Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizio honetan parte hartuko duten sortzaile eta udalerriak:

Komikigintzan

• Eñaut Aiartzaguena: Ataun eta Etxarri-Aranatz
• Amane Apalategi: Hernani
• Uxue Bereciartua: Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri
• Usue Egia: Legorreta
• Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar
• Eneritz Ibarra: Atharratze
• Asier Iturralde GASTON: Mutriku

Literaturan

• Miren Artetxe: Atxondo
• Naia Arantzamendi: Baigorri
• Ixabel Agirresarobe: Asparrena eta Ziordia
• Garazi Albizua: Ortzaize
• Peru Calabaza: Ikaztegieta
• Zigor Garro: Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla
• Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar
• Saioa Iribarren: Oiartzun
• Goiz Eder Iturain: Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera
• Maitane Nerekan: Amasa-Villabona
• Maitane Perez: Gorliz

Zinemagintzan

• Alba Lozano: Zumaia
• Raúl Barreras: Baztan
• Aitor Arruti: Elorrio
• Olatz Ovejero: Larrabetzu

Antzerkigintzan

• Metrokoadroka: Galdakao
• Jon Ander Urresti: Usurbil
• Infinito taldea: Leitza eta Berastegi
• Argimalutak: Berriatua
• Zelako kultur ideiak: Astigarraga
• Ekhiñe Famoso: Plentzia
• Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika
• amaHiru: Hiriburu

 

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude