Injustizia epistemikoa eskoletan?
Injustizia epistemikoa eskoletan? –
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki etorkizuneko langileak sortzeko xedea duela, batetik, eta hezkuntza sistemaren bidez etorkizuneko herritarrak sortu nahi direla, bestetik. Funtzio ekonomikoa eta politikoa, hurrenez hurren, elkarren artean nahasirik normalean. Gaurkoan bigarrenari behatu nahi nioke, eskolaren funtzio politikoari.
Eskolak herritartasuna sortzeko duen egiteko hori, lurralde orotan, osagai jakin batzuei loturik doa. Ondo dakigun bezala, hezkuntza sistemek ez dituzte munduko herritarrak sortzen, osagai zehatz batzuei lotuta doazen herritarrak baizik. Herritartasuna transmititzen da eskoletan, baina herritartasun hori ez da, ezin du izan, neutroa, eta naziotasuna ere transmititzen da aldi berean. Halaber, badakigu, eta Hezkuntzaren Soziologiaren aztergai kutuna da hori, eskoletan transmititzen diren gauzetako asko eta asko oharkabean hedatzen direla: genero ikuspegiak, lehiakortasuna, nazio ikuspegia eta abar luzea curriculum ezkutuaren bidez zabaltzen dira, inon idatzita egon ez arren, batzuetan inor konturatu gabe ere, transmititzen diren balio, ikuspegi, gai horiek guztiak.
Herritartasunaz ari ginen, baina. Nongo herritarrak sortzen dituen hezkuntza sistema batek. Bada, nongo herritarrak sortzen dituzte Euskal Herriko hezkuntza sistemek? Agian ez da izango hezkuntza sistemaren arazo nagusia, baina estaturik gabeko nazio baten ikuspegitik funtsezko gaia da, ez bada nazio identitate ez-estatalaren transmisioa afera pribatu gisa zokoratu nahi.
Lehen begiratuan, indar politikoen arteko harremanei erreparatuz gero, aurreikustekoa izango litzateke Euskal Herriko mendebaldeko, EAEko, hezkuntza sisteman gai hori argi egotea. Gehiengo abertzalea egonik, hezkuntza sisteman nagusiki euskal nazio ikuspegia lantzeko saiakera egitea, eta ez espainiar nazio ikuspegiaren transmisio hutsa, euskal osagai erregionalarekin. Eskuduntza mugatuen barruan, behinik behin, Euskal Herri osoa nabarmentzea erabilitako materialetan, mapetan, gaietan, eta ikuspegian, oro har. Eta ildo hori ikasleen gehiengoaren artean antzekoa izatea, sare publikoan zein itunpeko ikastetxeetan. Ondoren, curriculum ezkutuak bere lana egingo duela jakitun, norabide bat egotea, nolabait.
Baina iruditzen zait askotan ez dela nabarmentzen eskolak euskal nazio ikuspegia transmititzeko duen funtsezko egitekoa, ez dela aldarrikatzen, eta batzuetan ez dela horren kontzientziarik ere. Edo ikastetxeen nahiz irakasle taldeen gain uzten dela, tokiko erabaki gisa. Iaz EAEko Hezkuntza Legearen inguruan egondako eztabaidan, adibidez, gai honek ez zuen dimentsio publiko handirik eskuratu, oinarri oinarrizkoa izanik ere.
Ezagutzaren transmisioa ere gatazka zelaia da, nazio ikuspegiari loturik ere bai. Bere eskoletan bere buruaz hitz egiten ez duen herriak injustizia epistemikoa pairatzen du, ekintza hori kontzientzia handirik gabe eta oharkabean egin arren. Zentzu horretan, pozgarria da ikastetxeetan transmititzen diren nazio identitateak aztergai dituzten ikerlanen berri izatea, berriki Uztaro aldizkarian Jon Fernández Iriondok argitaratutakoa bezala, Nazionalismo subliminala(k) eta testuliburuak: alfabetatze nazional paraleloak Euskal Autonomia Erkidegoan izenburua duena.
Bada zer hausnartu.