Inflazioa ez da neutrala
Inflazioa ez da neutrala –
Oraindik Covid-19 erabat gainditu gabe geneukanean ekonomian ezaguna zaigun fenomeno batek eraso gintuen, inflazioak. Hain zuzen, prezio orokorretan egoten den etengabeko igoera azaltzen hasi zitzaigun 2021eko amaiera aldera, Ukrainako gerra hasi aurretik…
Inflazioaren zergatiak ugari dira, baina laburbilduta bi bereiziko nituzke: gehiegizko eskari orokorrak sortzen duena edo ekoizpen kostu gehigarriak erakarritakoa. Egia da, Covid-19 gainditzen hasi ondoren, metatuta genituen aurrezkiak erabiltzen hasi ginela, eta ondorioz eskari orokorrak gorakada handia izan zuela, baita erregaien prezioek ere. Horrela, lehenengo kasuan, ondasun eta zerbitzuen eskasia da inflazioaren zergatia; bigarrenean, aldiz, erregaien prezioek, baita garraio kostuek ere, eragin nagusia dute ondasun eta zerbitzuen salneurrietan.
Berehala, finantza munduko agintariek neurriak hartu zituzten, eta, ekoizpen kostuen gain eraginik handiena duten erregai eta energien prezio oligopolistak kontrolatu ordez, interes tasak igotzen hasi ziren, bai AEBetan bai EBn. Neurri horrekin ekonomia hoztu egiten da eta langabezia handitu, eta langabetuak txirotzea eragiten du; izan ere, lehentasuna prezioak egonkortzea da, langileen ongizatea saihestuta. Haatik, langileak dira kaltetuta ateratzen direnak inflazioaren ondorioz, beraien zatia murritzagoa izango baita urteko BPGan; halaber, langileek bizirauteko erosten dituzten ondasunen prezioak ere garestiagoak direnez, are txiroago bihurtzen dira. Horregatik, ezinbestekoa litzateke langileen soldatak indexatzea –inflazioaren ostean erosahalmena ez galtzeko moldatzea–, eta prezioak igo ahala, soldatek ere bide horri heltzea. Baina horretarako langile sindikatu boteretsuak behar dira. Halere, indexazioak ez du esan nahi langileek beraien zatia mantenduko dutenik BPGan, produktibitateak ere gora egiten baitu.
Langileek bizirauteko erosten dituzten ondasunen prezioak ere garestiagoak direnez, are txiroago bihurtzen dira
Inflazio tasa altua zela-eta, ezagunak izan ziren soldaten indexazioak Brasilen edo Mexikon. Halaber, Frantziako Estatuan ezarri zen soldaten indexazioa, baina Bigarren Mundu Gerratea amaitu berria zen, eta langile sindikatuak oso sendo zeuden lan baldintzetan baikorki eragiteko. Halere, geroago, Mitterrand sozialdemokrata lehendakari zela, bertan behera utzi zuten indexazioa, soldatak merkatu indarren arabera finkatu behar zirelako. Bien bitartean, aurrekontu publikoak finantzatzeko zor publikoa indexatzen hasi ziren, finantza eragileei ziurtasuna emate aldera.
Mailegu hipotekarioen hartzaileak ere zigortzen ditu inflazioak, prezioak kontrolpean edukitzeko interes tasak igo baitituzte, finkoa ez bada, bederen. Horrela, sektore ekonomiko galtzaile horren errentaren beste zati bat finantza sektorera igaro da.
Bestalde, zor publikoa errentistek eskuratzen dute. Gobernuek betidanik jaulki dute zor publikoa, eta dirudunentzat inbertsio paregabea da. Orain, funts putreek zein pentsio funts pribatu erraldoiek zor publikoa erosten dute eta beronen zati bat indexatu, edo zorraren interes tasa garaiagoak exijitu… Ez da kasualitatea Espainiako Estatuko konstituzioaren 135. artikulua aldatzea, zor hartzaileek lehentasuna izan dezaten gobernuaren ordainketetan.
Beraz, soldatak indexatu beharko lirateke, langileen eros ahalmena eusteko. Are gehiago, neoliberalismoaren zaindari den Nazioarteko Diru Funtsak demostratu du soldaten igoerak ez duela inflazioaren espirala abiarazten, baina igoerak inflazio tasaren azpitik egon behar omen du. Zergatik ez da bera gertatzen soldatak inflazio tasaren gainetik igotzen badira?
…
ARGIArentzat egindako kolaborazioa
Mundu hau, daducagun mundu bakar hau, ossotoro berpensatu beharra daducagu erro errotic.
Euscaldunoc Euscal Herritic,
haur da,
naffarroc Naffarroatic.
Ber gauça baita.
Adeitassunez