Independentzia nola?

Independentzia nola? –

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko mugimenduak Euskal Herrian eta Katalunian], hiru adituren ardurapean: Xabier Irujo, Queralt Solé eta Antoni Segura. Denetara hamahiru irakasle eta ikerlariren lanak batzen ditu, aipatu bi nazioen independentziarako bidea zertan den arakatu eta beste zenbait nazioren kasuekin konparazioak proposatzeko, tartean Eskozia, Quebec, Flandria edota Groenlandia. Sakon aztertzen dira independentziaren aukerak, eta ondorioetan aukerak neurtzen direnean, badira ondoko hau segurutzat ematen dutenak: “Europan euskaldunen, katalanen eta eskoziarren errepublikak sortzea saihestezina da, denbora kontua da”.

[#EztabaidaNazionala] Sinesgarritasunaz Independentzia nola?

Hain ikuspuntu baikorrak, aldiz, kontraste handia egiten du beste alde batzuetatik heltzen zaizkigun azterketa eta balorazioekin. Estatuko zein autonomietako iritzi azterketa soziologiko ofizialek behin eta berriro errepikatzen digute Katalunian zein Euskal Herrian, azken hamarkadetako bizipenen ondoren, independentzia nahia gainbeheran doala herritarren artean. Hori entzun eta jarraian bere politika negoziatzaile eta integratzailearen bertuteak goraipatzen ditu txandako gobernu presidente espainiarrak.

Estatu menperatzaileen eta haien zerbitzarien argudioek ez gaituzte konbentzitzen, baina kikildu egiten dute menpeko herritarren multzo zabala

Indarrean den estatuaren eta hari lotutako erakundeen azterketa horiek ez dira fidagarriak, irakurketa oso interesatuak egiten dituztelako. Askoz hurbilago daude errealitatetik, baita aurrera begirako aukeretatik ere, liburu honetan eskaintzen zaizkigun ikerketak eta emaitzak. Lehenengo eta behin, ez dutelako tranparik egiten aztergaiaren premisetan ez argudio nagusietan. Adibidez: independentzia ezin dela aldebakarreko erabakia izan, diote, baina liburuko adituek argi frogatzen digute estatu inposatzaile horien eraketa bera izan zela aldebakarrekoa eta biolentziaz inposatua kasu guztietan. Eskozian 1707tik aurrera, 1707-1716 urteetatik aurrera Katalunian, eta 1789tik aitzina Ipar Euskal Herrian eta 1833aren ondoren Hego Euskal Herrian. Ondorioz, estatu zapaltzaile horietatik askatu eta estatu propioa eratzea ere, logikaz, alde bateko erabakimena izan ohi da. AEBetako Independentzia Adierazpenak 1776an zioen eran, “herri bat beste batekin lotu dituen soka politikoak desegitea beharrezko gertatzen denean, nazioek askatasuna lortzeko eskubidea dute”.

Estatu menperatzaileen eta haien zerbitzarien argudioek ez gaituzte konbentzitzen, baina kikildu, uzkurtu, egiten dute menpeko herritarren multzo zabala. Hori da gertatzen zaiguna, era tamalgarrian. Ez kaletarrak soilik, baita politikariak, unibertsitate irakasleak, komunikatzaileak, ikerlariak, iritzi emaileak eta abar ere, maiz bigundu, moldatu, otzandu egiten dira agintarien diktat horien aurrean, amen esan eta gezur ofizialak bere egiten dituzte.

Ez alferrik hemendik urrun, AEBetan, argitaratzen dira gure independentziari buruzko azterketa sinesgarrienak. Bertoko aditu eta politikari ez gutxi “independentzia nioen baina orain elkarbizitza diot”, edo “estatua aldarri nuen baina orain hobe estatus berria” eta halakoak esaten entzuten ditugunean. Gogoan izan Gernikako bonbardaketan gertatua ere atzerrian historialari zintzoek argitu behar izan zutela, bertokoek, are Gernika bertako batzuek ere, “hildako apur batzuk” egon zirela zioten bitartean, edo “nazi alemanen kontua” izan zela.

Independentzia gurera ekarri behar dugu. Nola? Aditu fidagarriei kasu egin eta geure izanari, nortasunari eta bihotzari jarraituz.

ARGIAn argitaratua

Independentzia nola? Independentzia nola?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude