Independentzia laster eskura
Independentzia laster eskura –
Munduan iraultza handia gertatzen ari da. Indar hegemonikoak 180ºko biraketa egin du eta, jarrera inperialistari bizkar emanda, nazioen subiranotasunaren alde jarri da. Euskal Herriari ere argi berri bat piztu zaio zeru gainean.
2013an Ukrainan Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkariordeak Maidan Plazako estatu-kolpea abiarazi zuenean asmo garbia zuen: Ukrainaren subiranotasuna babestu. 1991n Ukraina independentzia eskuratu zuenetik bere buruaren jabe zen eta lasai bizi zen. Herritar gehienek europar guztiekin harreman normalizatuak nahi zituzten eta 2010etik presidente zen Viktor Yanukovichek ipar hori ipini zion bere agintaritzari. Ez zien ultra eskuindarrei jaramonik egin, hauek Errusiarekin tratu guztiak etetea eta soilik EBrekin negoziatzea exijitu zioten arren. EBk ere baldintza bera jarri zion: “gurekin harremanak nahi badituzu, Errusiarekin tratu guztiak eten behar dituzu”. Yanukovichek Ukraina inperialismo errusiarraren hatzaparretan erortzeko arriskutan jarri zuen eta demokrazia bermatzeko behar zen estatu-kolpea eman zioten, yankiek gidatuta.
Viktoria Nuland maila goreneko politikari estatubatuarrak estatu-kolpearen ondoren Petro Poroshenko oligarka aukeratu zuen lehen presidente hautatua izateko (Nuland berak esana da estatu-kolpea antolatu eta hurrengo agintarien zerrenda prestatu zuela). Poroshenkok azkar batean erabaki zuen lehentasunezko helburua zela Errusiako kultura Ukraina subiranotik ezabatzea. Bide horretatik abiatuta, demokratikoki debekatu zituen errusiera eta kultura errusiarraren aztarna guztiak unibertsitatea bitarte hezkuntza-sistema osoan. Donbassko herritarrak protestaka kalera atera ziren eta presidenteak demokraziak ematen zion zilegitasunez tankeak bidali zituen mobilizazioak geldiaraztera eta hegazkinak zibilak bonbardatzera. Guda zibilaren hasiera izan zen. 2014. urtea zen.
Poroshenkok lanak bukatu gabe utzi zituen. 2019an Volodimir Zelenskik irabazi zituen hurrengo hauteskundeak. Hauteskundeetako bere mezu nagusia Donbassko guda zibilari amaiera eman, Errusiarekin negoziatu eta Ukraina osora bakea ekarriko zuela izan zen. Baina naziek berehala ohartarazi zuten bide horretatik ukrainarrek Errusia inperialistaren gatibu bukatuko zutela eta hauteskundeetako mezua iraultzea erabaki zuen. Stepán Banderaren jarraitzaileekin eta AZOVeko naziekin eskutik helduta hasi zen gobernatzen eta berehala ekin zion alderdi politikoak, sindikatuak, komunikabideak eta Eliza ortodoxoa legez debekatzeari. Geroztik oposiziorik gabe gobernatu du. Milioika jendek alde egin du Ukrainatik; errepresiotik lehenik eta gudatik ondoren. Egun polizia eta militarrak ehunka zibil ari dira egunero kalean atxilotzen gudako frontera gogoz kontra bidaltzeko. Iheslariei bizkarretik tiro egitea libre dute. Gerra nahi ez izan arren kalean harrapatutakoak frontera eramaten dituzte… beste aukerarik gabe hiltzera.
Putin txarkeria guztien errudun bakarra eta osoa
Hau dena Putinen erruz izan da. Hona hemen arrazoien azalpena:
– 1991n Sobiet Batasuna desegin ala ez erabakitzeko, errepublika sobietar guztietan erreferendumak egin ziren. Ukrainakoan, biztanleen %83,5ak parte hartu zuelarik, %70ek Sobiet Batasunaren (SESB) barruan jarraitzearen alde bozkatu zuen. Hortaz gain, errepublika gehienek SESBk bizirik jarraitzearen alde bozkatu zuten. Baina Putin diktadoreak -nahiz oraindik ez zen presidente- erabaki zuen sistema komunistarekin amaitzea eta SESB sakabanatzea. Ukrainak erreferendum askean herritarrek hautatu zutenari bizkar emanez, Boris Yeltsinek eta lagunek independentea bihurtu zuten. Urte batzuk beranduago, 2022an zehazki, Putinek oso ongi ez dakizkigun arrazoiengatik Ukraina inbaditzea erabaki zuen.
– George W. Bush AEBetako presidenteak Lisboatik Moskurainoko Europa batua nahi zuen eta 1990. urtean James Baker Estatu-Idazkaria bidali zuen Moskura NATO milimetro bakarra ez zela ekialdera zabalduko Gorbachovi ziurtatzera. Baina Putinek -oraindik presidente ez zen arren- 1999an NATO ekialdera zabaltzen has zedin konbentzitu zuen Bush presidentea eta hiru estatu berri sartu zuten elkarte atlantikoan (Polonia, Txekia eta Hungaria).
– Putinek -orain presidente zela- 2004an beste zazpi herrialde sar zitezen konbentzitu zuen eta kolpean Estonia, Letonia, Lituania, Bulgaria, Errumania, Eslovakia eta Eslovenia sartu ziren. Horiek denak aski ez eta ondoren, hurrenez hurren, Albania, Kroazia, Montenegro, Ipar-Mazedonia, Finlandia eta Suedia sartzea lortu zuen Putin inperialistak.
– Urte batzuk beranduago, 2008an zehazki, Bukaresten egindako goi-bileran, NATOk ofizialki gonbidatu zuen Ukraina elkartean bazkide gisa sartzeko. Putinek pozik hartu zuen berria, horrela beste aitzakia bat gehiago izanen baitzuen aurrerago Ukraina inbaditzeko.
– Yanukovichen agintaldian zehar Ukraina Europako Batasunean sartu ala ez biziki eztabaidatua izan zen. AEBak eta bertako naziak eta politiko ustelak Ukraina EBn sartzearen aldeko ziren, baina Putinek Yanukovichi EBri bizkar ematea agindu zion. Honela estatu-kolpea justifikatua geratu zen eta Putinek Ukraina inbaditzeko beste aitzakia izan zuen.
– Putinek oniritzia eman zion Viktoria Nulandek zuzendutako eta naziek gauzatutako 2014ko estatu-kolpeari. Naziei lanak errazteko asmoz, Putinek mertzenario sail bat bidali zuen Odessara eta beraiek izan ziren Sindikatu-Etxean kizkalita hil ziren iheslarien eta tiroz hildako polizien heriotzen errudunak.
– Putinek konbentzitu zuen Poroshenko Donbassen errusiera debekatzeko, lehenik, eta ondoren manifestariak sakabanatzeko tankeak eta populazioa bonbardatzeko hegazkinak bidal zitzan.
– Putinek konbentzitu zuen Zelenski hauteskundeetako bakearen aldeko bere mezua aldatu eta naziekin bat egin zezan. Honela, nazismoarekin amaitzeko aitzakia izanik, Ukraina inbaditzeko beste argudio indartsu bat gehiago izanen bailuke.
– Aurreko guztiak gutxi balira, Donbassko guda zibilari amaiera emateko 2014tik prestatuta zeuden Minskeko hitzarmenak bete gabe utzi zituen Putinek, nahiz eta Angela Merkel eta Françoise Hollandek babes osoa eman zieten akordioei.
– Areago joanda, 2022ko martxoaren 29an, inbasioa hasi eta lau astetara ukrainarrek eta errusiarrek Istanbulen lortu zuten hitzarmen berriaren zirriborroa berak baliogabetu zuen, nahiz eta sare sozialetan Boris Johnson britainiarrari leporatu izan zaion astakeria hori.
NATO eta EB gure salbatzaileak
Europako Batasunak garbi du Ukrainan azken hamarkadan gertatu den triskantza guztia Putin diktadorearen erruz izan dela. Gizon zital honek Europa osoa konkista dezan ekiditeko, berehala aktibatu zuen AEBekin hitzartuta duen lankidetza eta horri esker ari da orain NATO nagusitzen eta Europako punta batetik besteraino askatasuna ziurtatzen.
Ukrainak nazio subiranoa izateko eskubide osoa du. Eta eskualde bateko biztanleei bere kulturaren arabera bizi ahal izatea ukatu nahi badie, nork uka liezaioke eskubide hori gobernu demokrata nazi bati? Eta bertako zibilak bonbardatu nahi baditu, nork uka liezaioke milaka zibil batzuk hiltzeko eskubidea, horrela demokrazia askatzailea milioi askori ziurtatzen bazaio? Ez al zaio hori bera Israeli onartzen? Gobernuak ez al du denek menderatzen duten ukraineraren inposaketa jasotzen duen hizkuntz-politika ezartzeko eskubiderik? Eta gainera nork eman dio Putini Donbassko terroristen alde tankeak eta hegazkinak Ukrainan sartzeko eskubidea?
Zorionez, NATO eta EB azaldu dira Ukraina nazioaren eskubideak babesteko. Guda honek ukrainar eta errusiarren artean eragin dituen milioi bat hildakoak albo-ondorioak besterik ez dira. Tristea da, baina hildako eta elbarritutako guztiak beharrezkoak izan dira Ukraina nazio askea izan dadin. Ez al dira, ba, NATO eta EB nazio askapenerako borrokan ari direnen aldeko instituzioak?
Euskal Herrian ezkerreko abertzaleok badugu independentziaren aldeko geure ametsa errealitate bihurtzea gertu sentitzeko arrazoirik. Espero dezagun, Ukrainan egin bezala:
- AEBetako egungo Estatu Idazkariorde Jake Sullivanek, Victoria Nulanden lana errepikatuz, Madrilen azal dadin eta estatu-kolpea presta eta gobernu nazia jar dezan.
- Eta, bide beretik, nazio askapenerako euskal mugimenduari eta estatuko gainerakoei armak, dirua eta babes osoa eman diezazkigun nazio askeak izan gaitezen.
Inork zalantzan jarriko al du, agian, nazio askapenerako borrokan diharduen Euskal Herriari NATOk eta EBk sostengu osoa emanen digutela?
Ez AEB eta ez NATO ez dira nazio askapenerako borrokan ari direnen aldeko instituzioak. Ez eta ERRUSIAR inperioa ere. Biak ala biak bere inperioaren handitasunaren alde diharduten agenteak dira. Haientzat gainerako nazioak xake taulako peoiak besterik ez gara. Ukrainaren, Txetxeniaren, POLO deitutako inperioek EHren ala beste edozeinen autodeterminazio eskubidea haien interesen arabera babestu ala errefusatzen dute, horretarako arrazoiak orain balekotzat joz, orain ez, orain aitzaki hauek asmatuz, orain beste batzuk.
Baina borroka bat zilegia den ala ez ebazteko, ez ditugu AEB/NATO ala ERRUSIA aintzat hartu behar, haien borroka zitala aurrera eramateko hautatu duten biktimari erreparatu behar diogu. Eta gertatuko da, zilegitasuna, Palestinarrek daukatela, ERRUSIAk babesten dituen arren eta gertatuko da zilegitasuna Kurduek daukatela, AEB/NATOk lagundu arren.
Ukrainari dagokionez, independentzia, ERRUSIA, Bielorusia eta Ukrainiako presidenteek Belavezhan 1991an elkartu eta Sobiet Batasuna desegitea erabakitzearen ondorioz gertatu zen. Erabakia berresteko erreferendumaren emaitza ez da artikuluan jarri duzuna.
1991ko erreferendumeko datuak (Errusiak ere onartuak) ondorengoak dira: %84ak bozkatu zuen, haien %90 alde, hau da, herritarren %75 inguruk.
Aldeko gutxien Krimean egon zen, baina ala ere ezezkoak baino gehiago izan ziren baiezkoak.
1991ko independiantzia erreferenduma Ukrainan emaitzak barrutika.
Barrutiak Baiezko botuen % 1?
República Autónoma de Crimea 54.19
Óblast de Cherkasy 96.03
Óblast de Chernígov 93.74
Óblast de Chernivtsí 92.78
Óblast de Dnipropetrovsk 90.36
Óblast de Donetsk 83.90
Óblast de Ivano-Frankivsk 98.42
Óblast de Járkov 86.33
Óblast de Jersón 90.13
Óblast de Jmelnitski 96.30
Óblast de Kiev 95.52
Óblast de Kirovogrado 93.88
Óblast de Lugansk 83.86
Óblast de Leópolis 97.46
Óblast de Mikoláyiv 89.45
Óblast de Odesa 85.38
Óblast de Poltava 94.93
Óblast de Rivne 95.96
Óblast de Sumy 92.61
Óblast de Ternópil 98.67
Óblast de Vínnitsa 95.43
Óblast de Volinia 96.32
Óblast de Transcarpacia 92.59
Óblast de Zaporiyia 90.66
Óblast de Zhitómir 95.06
Ciudad de Kiev 92.87
Ciudad de Sebastopol 57.07
Autodeterminazio eskubidea ez da interruptore batekin piztu eta itzal daitekeen zerbait. Afganistan AEB/NATOk inbaditu zuten eta zorionez kanporatu zituzten. Ukraina ERRUSIAK inbaditu du eta espero dezagun kanporatuko dituztela.
MIE, zuk oso garbi esan duzun bezala, Sobiet Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko erreferendumean gehiengo oso handi batez ukrainarrek esan zuten barruan jarraitu nahi zutela, hau da, Errusiarekin eta egungo Federazioko gainerako errepublikekin estuki lotuta. Yeltsinek prestatutako eta AEBek diseinatu eta babestutako operazio traidore baten bitartez erabaki zuten Ukraina nazioa zela eta independentea behar zuela izan. Erne!, ia ukrainar guztien iritziaren aurka.
Agian horrek ematen dio argia gaur egun guda gogor eta triste horretan gertatzen ari denari. Errusia Ukrainako azpiegitura asko ari da hondatzen. Egunero asko, astero dozenaka, dira bete-betean asmatzen dituen helburuak. Nondik ateratzen du hain informazio zehatza? Bide bat baino gehiago du, noski, baina bat da denen artean azpimarra daitekeena: Ukrainako herritarrek berek ematen dioten informazioarena, partisano ukrainarrena alegia. Adibide ezin garbiagoa da herenegun Poltava hirian gertatutakoa. Bertako Komunikazio-Institutu Militarrean bi iskander erori eta hildakoen kopuru izugarriak mundu osoa aztoratua dauka. Gaur zabaldu da hildakoen gorpuzkiak eramateko atzo Suediara 15 kamioi (!!!) abiatu zirela hiri horretatik. Ukrainako hainbat iturrik ehunka direla hildakoak esan dute eta esanguratsuenak, hirikoa bertakoa delako, 760 direla esan berri du.
Guda hau une honetan Errusia irabazten ari da eta, neurri handi batean, ukrainarrek berek emandako laguntzagatik dela esan liteke.
Beraz, Ukraina ez al zaigu oroitarazten ari Errusiako Federazioarekin (lehengo SESBren ondorengoarekin) elkartuta bizitzeko hautua egin zuela eta errespetatzeko garaia dela?
Horregatik Zelenski agertzen da egunero herritarren aurrean, oroitarazteko Ukrainar gehienek, gehiengo handiz, Errusia Handiaren parte izan nahi dutela, eta horregatik Errusiak bonbak bota eta bota ari da egunero, azken batez, Ukrainarrak Errusiarrak direlako. Putin oso listoa da.
Ados jarriko al zarete? MIEk hain zuzen aurkakoa esan du.
Mikel, MIEk eta biok iritzi desberdinak ditugu. Bestalde, Zelenskik ez ditu ukrainarren interesak defenditzen, inondik ere. Boris Johnsonek Istanbuleko akordioak hautsi eta gudari ekiteko esan zionetik bakar-bakarrik estatubatuarren eta britainiarren interesak defendatzen ditu. Eta bere sakelakoak, noski. Ukrainarren interesak defendituko balitu, Boris Johnsoni gudari ezetz esan izan ziokeen, geroztik gutxienez izan diren milioi bat hildakoak ekidin izan zirelarik.
Zelenskyk gudari ezetz esan eta Errusiak Ukrainaz jabetuko zen, dudarik gabe. Horretara sartu zen haren armada eta horretarako zen “Operazio Militar Berezia”. Ez zuen ongi kalkulatu, ordea, eta Errusiar hildakoak eta zauritutakoak gehiago dira Ukrainarrak baino. Ez du gobernua aldarazi, ez ditu bere eskutik okupaturiko lurrak, eta ez ditu aurkitu Ukrainan omen zeuden 28 edo 30 inguru gerra biologikorako laborategiak. Boris Johnsonen kontuak aspaldikoak dira; askoz geroagokoak dira Europar Batasuneko herrialdeen laguntzak, mota guztietakoak, Txekiaren laguntasuna, Poloniarena, Lituania eta beste egiten ari diren defentsa ahaleginak… eta abar.
MIEk erakutsi duena da Krimean bertan ere Ukrainar gehienek Ukrainar izan nahi zutela une hartan, eta gutxiago batzuk Errusiar, edo Errusiarrekin bat egin nahi zutela. Une honetan, herritarren posizioa, gehienen posizioa, antza, Europar batasunarekin bat egitea da. Ez dut esaten NATOn sartu, baizik eta Europan, eta horretarako urratsak ematen hasi ziren, Zelensky buru. Oso nazia izanagatik ere, Europak harrera egin dio, eta, bestalde, Ukraina bezain nazi diren herrialdeak ez daude Putinen jomugan. Ukraina bakarrik. Nahiz eta Putinen gloriak kantatu dituzun ausarki artikuluan…
Mikel ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Urte honen bukaeran esnatuko zara, halabeharrez, baina esnatuko zara.
Mikel, gomendio batekin bukatuko dut zurekin izaten ari naizen eztabaida. Mesedez, ez geratu hemengo telebistek ematen dituzten informazioekin bakarrik. Bila ezazu informazio desberdina sare sozialetan, kontrastatu eta ondoren zure ondorioak atera. Osasunerako oso ona da informazio desberdinak entzutea eta norberak ondorio propioak ateratzea.