Inbestiduraren kontua
Inbestiduraren kontua –
Gaur arratsaldez bukatzen da Espainiako gobernuaren inbestiduraren kontu hau. Tira, ez bada adituek tamayazo deritzoten istorio haren errepikapenik gertatzen. Azken kontu hau dela-eta, Iñarrituren irudi bat ikusi nuen telebistan, eta ulertu izan nahi nuen Iñarrituk zioela EHBren jarrera abstentzioa zela, baina zirkunstantziek bestelakorik eskatuz gero agian alda litekeela, hau da, Sánchez presidente atera dadin jarrera proaktiboagoa izan lezkeela EHBk, inkluso barruko eztabaidak finkaturiko posiziotik haratago joateko. Horri heldutasuna eaten diot nik. Posizio politiko bat finkatzen baduzu helburu bati begira eta egoera baten zertzeladen arabera, eta zirkunstantziak aldatzen badira, di-da, zuk ere zure jarera egokitzen duzu, helburu horren mesederako. Udan baino lehenago ikuspegi estrategikoa erakutsi zuen EHBk, eta orain are zorrotzagoa erakutsi du.
Izan ere, asko idatzi da azken asteotan indar politiko bakoitzak mantentzen duen jarreraz, horren esanahiaz, horrek dakarren ardura-mailaz. Niri dagokidanez, CUPen ezezkoa euren logika politikoan ulertzen ahal dut (“Sánchezek ez digu ez autodeterminaziorik ez sozialismorik ekarriko, etsaia da, ezezkoa“), baina taktika-estrategia kontu horretan darabilten ekilibrioa ez da nirea. JxCat.en ezezkoa ulergaitzagoa zait, bi aukera ikusten ditut: edo jarrera partidista hutsa da, edota estrategia definitibo baten barruan kokatu behar dut (hau da: oraingo hau da, bai, Principat delakoaren subirautza azken asaltoa. Logika horretan kokatzen dut Torráren inhabilitazio merke eta tranpati horren aurreko plantoa, … plantoak suposatzen duelarik errekurtso judizial guztiak agorturik Palau.n gotortuko dela eta ez dutela handik tiroka ere aterako. Auskalo). ERCren jokoa klasikoa izan da, adierazpen politiko itxurosoa eskuratu dute, eta horri tiraka saiatuko dira procés.ari bulkada ematen, .. baina nago eurek ere badakitela ibilbide laburrerako gasolina dela hori. Besteen posizioak, espero litezkeenak eta, niri dagokidanez, azterketarako mamirik gabe.
GARAko zutabegile baten komentarioaren harira, ñabardurak. Sánchez gobernura eramaten baduzu, bazara, neurri batean, berak hartuko dituen erabakien erantzule. Baina gobernuan hartuko diren erabakiak kalean borrokatzen badituzu, ez zara hain erantzule, edo bat ere ez. Eta bazara ere megaeskuina gobernuan ez egotearen erantzule partziala. Txiripaz Sánchez hau presidentziara ez bada iristen eta zuk horretan ardurarik baduzu, bazara etorriko den inboluzio are handiagoaren erantzule, Casadoren gobernuaren erabakien erantzule. Jakina, erabaki horien aurka kalean borrokatzen bazara, zure ardura-maila txikiagoa izango da, edo ez deusa. Baina, objektiboki, lotsarik ez duen faxismoari aukera handiagoak eman dizkiozu, sozialdemokrazia epela baino egokiagoa ikusi duzu faxismoa. Tira.
Erakundeetan hartzen ditugun posizioek guri buruz hitz egiten dute. Baina gure definizioa, azkenean, kalean egunerokoan daramagun ildoak borobiltzen du. Urtarrilaren 30ean greba orokorrerako deia dago zabaldurik. Zabaldurik dagoenez, alferrik da orain horri buruz eztabaidatzea. Esku-orri batean urtarrilerako plangintza oso bat irakurri ahal izan dut, tartean kontsumo masiboaren aurkako ekimen bat. Beno, gutxienez batzuk ez daude etengabean telebistari begira.
Inbestiduraren kontua