Inbasioa dela eta Iparraldean
Inbasioa dela eta Iparraldean –
Batez ere azken hamarkadetan Iparraldean gertatzen ari den frantsesen inbasioa kolonizazioaren eta asimilazioaren mekanismo esentziala da. Argi eta garbi, horrek gure populuari azken golpea, golpe fatala emaiten ari dio.
Lehenik eta behin, inbasioa orain nehork uka ez dezakeen fenomeno bat da. Aski da begiratu bat ematea euskal kostako hiri handienetan, Hendaian, Donibane Lohitzunen gaindi, edo pizka bat barruan, adibidez Uztaritzen edo Senperen, edo oraindik barrurago Hazparnen edo Kanbon.
Estatistikek nahu dutena erranik ere, bertan euskara gero eta gutiago entzuten delarik, bazter guziak etxe eta bizitegi berriz betetzen dira, eta gehienak kanpotarrentzat dira eraikitzen. Nahiz beti aurkituko ditugun oraindik espantuegile edo zozo batzu aldarrikatzeko hori gertatzen dela bakarrik Lapurdin baina ez haien zokoan, inbasioa bere ondorio etnozidioekin zabaltzen ari da edo zabalduko da Iparraldeko herriko zoko-moko guzietara, Baionatik eta Pauetik eskualde urrunenetara ere etorriko da; denbora kontua da bakarrik.
Beraz inbasio hori denok ikusten badugu, gutik baizik ez du salatzen.
Hautemangarriena da, ordea, euskal partiduen eta euskal erakundeen isiltasuna, baita independentistak direnen uzkurtasuna ere. Isiltasun hori esplikatu behar-premia daukagu. Baino hori esplikatzeko gai izaiteko, oro baino lehen inbasio horren mekanismo sozio ekonomikoaren tripan sartu behar gara gure harrokeriari min egin behar badiogu ere. Ez da inolaz ere aski erraitea bakarrik Frantziaren zapalkuntza politikoaren falta dela, ezta etorkinen falta ere, zeren eta, inbasioa biderkatu da azken lau hamarkadetan, zapalkuntza horrek bi mende eta erditik taigabe inbasio agerraldi hau aztertu eta esplikatu behar dugu: zergatik, bada, gaur? zergatik, bada, onartzen dugun? eta nola deabru guhaurrek aktiboki parte hartzen dugun erdi hilketa erdi suizidio etniko horretan?
Orokorrean, erran ginezake nahitaez denok aldez edo moldez inbasio horrekiko konplizitate batean bizi garela.
Lehenik gure aurrekoek bildu eta atxikiriko funtsak, lurrak eta etxeak saltzen dizkiegulako gehien eskaintzen dutenei, alegia arrotzei gehienetan. (Artetik erraiteko, zenbat jende leher egin zuten lanean beren bizimodu xumea funts horretatik ateratzeko, eta oinordekoari osorik transmititu ahal izateko, asmo berarekin beste haurrideak sakrifikatu behar zirelarik? eta zein aproposa zen lapurtarren eskubide zaharra lurrak eta etxaldeen biziraupena gostarik gosta babesten zituena kanpoko erosle potentzialetatik).
Horrek, erakusten digu, anitz tokitan bezala Euskal herri moderno honetan ere, iraganaren eta arbasoen bizitzaren oroitzapenak guti pisatzen duela diruaren aldean.
Gero funtsen dilapidazio horri esker merkatu jori bat sortzen da: zer nahi etxe eta bizitegi bada eraikitzeko, zaharberritzeko eta ekipatzeko. Gure arkitektoek eta artesauek urte oparoak pasatzen dituzte eta haien problema handiena da langileak kontratatzeko aurkitzea komanda guziei aurre egiteko.
Nabari da kanpotiar horien guzien etortzea onugarria ere dela gisa guzietako merkataritzarako baina, hala ere, gero ta gehiago ikusten ditugu merkarari zaharrak, oinordeko interesaturik familian ez izanki beren denda arrotzei saldu behar dietenak.
Jinberri horien artean, bada beti, meritua duten jende batzu AEKn ikasten entseiatzen direnak, eta haurrak ikastoletan sartzen dituztenak, nahiz eta, salbuespenak salbuespen, giro disglosiko larritu honetan emaitza ez daitekeen gutitan baizik erabakigarria izan. Baina, halere, seguraski hemengo joera hilkorraren arabera beti baikor izan nahian, gauza harrigarriak entzuten dira hala nola etorkin horiek Euskal Herria salbatuko dutela eta gainera euskaldun petoak baino motibatuagoak omen direla!
Ez nakike egon inbasio mekanismo horren esplikazioari XX. mendeko eraldaketa sozio ekonomiko inportante bat aipatu gabe. Baionak eta BABko zonaldeak hartu duten inportantzia ekonomikoa, batez ere euskaldunei lanpostu ugari eskainiz, zein herri-zerbitzuetan, zein ospitaletan, zein eskola eta lizeotan zein aeronautikako enpresa handietan eta abar. Hortik datorkigu egoera artifizial hau zeinean gutariko asko handik baitugu ateratzen gure bizimodua, han bizi garela edo egunero harat honata egiten dugula. Horretaz konbentzitzeko aski da ikustea, adibidez, goiz arrats guziko auto-ilara erraldoiak Baionatik Garazirako errepidean, Euskal herriaren dependentzia ekonomikoaren ikur dramatikoa.
Eraldaketa horrek, exoda ruralarekin batera asko egin du industrializazioa eragozteko eta herria odolhusteko. Zergaitik, bada, nekezian ahalegindu lantegiak sortzen gure herri triste eta lohitsuan, lanpostuak dena prest eskaintzen zaizkigularik hiri erdaldun moderno bezain polit batean?
Behar ote dizuet oroitu 1789ko urtearen inguruan, Lapurtarrek ez zutela inolaz ere Baiona eta Baionesekin batu nahi, iraultzalariek inteligentuki bortxatu nahi zituzten bezala. Lapurtarrek zioten Lapurdin euskaldunak zirela denak, eta Baionan frantsesak edo gaskoiak baizik, hots arrotzak zirela haientzat. Kontseilatzen dizuet irakurtzea frantsesez Michel Duharten «Ustaritz au temps de la Revolution» liburu baliosa edo euskaraz «Uztaritze 1789ko iraultzaren denboran» Lapurdi 1609 elkarteak argitaratuko itzulpena, Zuzeun atalka argitaratu zena eta oraindik bertan eskuragarri duzuena.
Ezdakit oroitzen zareten hirurogeita hamar urteetako pestetan kantatzen ginuela «Nire aitaren etxea defendatuko dut…» eta gure hiru probintzietan, bide-bazterreko murruetan pintatzen zela «Turismarik ez!» edo «herriak kooperatibak eta lantegiak behar ditu!».
Ba, gaur erran dezakegu denetan huts egin dugula, gure aiten etxeak eta lurrak saltzen ditugula tira ahala, eta turismoaz gain inbasio larri eta itogarri bat pairatzen ari garela. Aldiz honetan ere estatu frantziarrak denetan asmatu du.
Ba orai errazago izanen zaigu isiltasun orokor horren esplikazioak eta modalitate batzuk —ez denak, lanketa bada oraindik— ematera:
Lehenik eta behin kontziente gare inbasio hori perfektuki egokitzen zaio estatuari bere betiko asimilazio planoak betetzeko, eta gu sekula baino gutiago kopuruz, eta ahulago indarrez garenak ez eiki gara ausartzen aurka egitera. Gero gure arimen segeretuan kontziente gara inbasio hori egiten dela gure kolaborazio aktiboarekin, funtsean gure oraiko bizimodua gozatzeko ordaindu behar dugun prezioa delako. Lehenagoko politikari abertzale radikaletarik asko berziklatu dira Elkargoaren dependentzia ugarietan. Gaurgoiti politikaren paradigma kolaboratzean eta “politikan” parte hartzean datza, eta nabari da inbasioaren gaineko gatazka bat alderdi guzietatik oso gaizki ikusia litzatekeela; arrazakeria edo faxismo agerraldi bat bederen!.
Gainera, nola guk frantsesei egotzi gu inbaditzeagatik guhaurrek Baionan inbaditzen ditugularik. Logikoa izan behar gara, edo denok inbaditzaile gara edo nehor ez da. Bake zibilarentat, hobe nehor ez izaitea! Elkargoaren erreforma tipitto hori izango da hemen EAEaren baliokidea ez eiki mamiaz baina bai efektuaz.
Azken aldiko artikulu batean, migratzaileak berak pertsonalki kondenatu gabe, baldarki entseiatu nintzan erakusten herriarteko imigrazio masiboa zela globalisazio kapitalistaren mekanismo funtsezkoenetarik bat euskaltasunari kalte asko egin diezaiokeena.
Aldi honetan, aurrekoan bezain baldarki, entseiatu naiz erakusten orai bizi dugun eta ikusi nahi ez dugun arrotzen migrazioa asimilazioaren mekanismoaren parte funtsezkoenetariko bat dela eta ari dela herri honen euskaltasuna betirako suntsitzen.
Testu honen gaia minbera zait eta hain segur izan daiteke beste askorentzat ere, eta zinez sentitzen dut. Baina herriaren egoera eta etorkizun aurreikusgarria aldez edo moldez denoi mingarriagoa izan beharko liguke. Horregatik, denok badugu probetxu errealitatea erraiten eta esplikatzen saiatzean. Gustukoa dutan filosofo batek zioen bezala, memorioz aipatzen dut hemen baina uste dut bere ideiaren zentzua ez dudala trahitzen: “barka dakiguke, ahuleena izaiteagatik, erahilak izaitea baina inolaz ere deus konprenitu barik tonto hiltzea”.
Inbasioa dela eta Iparraldean
Nundik dator, bada, gure herriaren berebiziko erakargarritasuna etorkin horientzat guzientzat?
Anitzek, baina jubilatu berriek eta funtzionariek batez ere pentsatzen dute bizi modu agradagarria izateko aukera dutela hemen: aroaren eztitasuna, mendiak txangoak egiteko, itsasoa surfan aritzeko, “Espainia”exotikoaren hurbiltasuna, toklko folklorea eta pesta giroa, prezio moderatuak Cote d’Azur eskualdearen aldean, Afrikarren eta Ipar Afrikarren presentzia biziki moderatua eta nik dakita zer gehiago;
Baina kanpoko gazteek ere aurkitzen dituzte bertakoek (askotan diplomatuagoak izanki hiri handietarat doaztenek) baliatzen ez dituzten lan aukera xumeak, laborantxan, artisautzan, bertako teknikaririk aurkitzen ez duten enpresa bakarretan, komertzioetan, ostatuetan eta abar.
Udaletxeek legez eraiki behar dituzten bizitegi sozialen gatik ere jende xumeaa jin daiteke hona.Izan ere langabezian izatekotan hobe da hemen Parisen baino, eta gero, sobera exigebtea ez izanez geroz, lanbidea aurkitzen dute hemen beren bizitza egiteko eta xarmanki gainea.
Erran gabe doa, jende horiek guziek ez eiki dutela kolonoak edo imigranteak izateko inolako sentimenturik. Haientzat denak frantseak gara, eta ikusi dugun bezala askotan guk diegu eskua ematen hona jiteko edo tokia uzten.
Imigrazioaz zein inbasioaz mintzatzerakoan, bada aspektu bat ahantzi dutana, ene ustez gaurko ideologia liberalaren muturreko aspektu bat da.
Izan ere gizakiaren eskubideetan tokiz edo herriz aldatzeko eskubidea eta nahi dugun tokian bizitzeko eskubidea eskubide absolututzat kontsideratua dago. Aldiz herri edo komunitate batentzat mugak kontrolatzea, kanpotiarren etorrera kontrolatzea bere zibilizazioa nolazpait bizirik mantentzen entseiateko, hor ez dago eskubiderik. Oso itsutsia dago arrazakeria eta faxismotik biziki hurbil.
Idduritzen zait, beste askori bezala, elita liberal globalizatuak behintzat horrela pentsatzen duela; Populazioen toki trukaketa horiek kapitalismoaren beharra izaiteaz gain, elita horrentzat oporrak pasatzeko nahi duen tokian eskubide ezinbestekoa da, Amazoniako ehun kideko tribu batean baldinbadaere. Horregatik migrazio guziak begirunez konstsideraten du.
Gaurko egunean, gure baitan bain gure gazteengan batez ere, zapalkuntzaren eta arrisku nazionalaren kontzientzia seguraki nahasia dateke muturreko ideologia liberala horrekin. (gaurko kapitalismoaren esku makila seguruena dena)
Ezdakit biziki ulergarria naizen.
Artikulu ausarta eta argigarria.
Laster euskal txotxoloak hasiko dira kritikak botatzen, arrazakeria, enpatia falta,… Ta bitartean Euskal Herria poliki poliki desagertzen…
Kaixo. Eskertzekoa da norbaitek gai honen inguruan artikulu serio eta heldua egin izana. Zalantza asko geratzen dira airean, baina zalantza da askotan aurrera egin ahal izateko modu bakarra, zalantzaren zama gora-behera.
Uste dut, Beñat, laudatzekoa dela horrelako gai konplexua plazaratzeko adorea izatea, kuraia eta bihotz garbia behar baita garaiotan dauzkagun tabuak izanda horrelako gai arantzatsuaz serio eta aurreiritzirik gabe idazteko. Zuk aipatzen dituzunen kontrara, zuk bai, problemari ekin diozu. Alderdi abertzaleen isiltasuna ulertzekoa da, ez dituzte bozemaileak uxatu nahi. Garaiotan politika instituzionalean egiten dena oso neurtua daukate, publizitate txarrak bezeroak, bozemaileak barkatu, ez ditu erakartzen eta, zer esan diezazuket, iruditzen zait jadanik alderdi nagusientzat independentzia, euskara eta identitatea zama bat direla horren gainean politikak egin behar direnean. Baina hauteskundeak heltzen direnean azkar ateratzen dute fraseologia guztia, badaezpada. Abertzale indibidualen uzkurtasuna, ordea, ulergaitza egiten zait, indibidualismoaren garaiotan abertzale bakoitza zelula militante bat izan beharko zenean. Agian guk ere, beste herrialde askotan bezala, gure burua saldu dugu arazo gutxiago izatearen alde, merkeago ateratzen baita espainol edo frantsez izatea eta mundu mailan seguraski etekin handiagoak atera daitezke norbera horrela aurkeztuta. Agian euskaldunok historiaren bukaeraz hitz egiten duen teoria hori onartu dugu baita, ez dago iraultzarik, ez dago alternatibarik, geratzen zaigun bakarra kapitalismoaren besarkada suizida da. Etsipenak irentsi gaitu.
Mingotsa da baina egitate bat da, geografia, demografia eta matematika purua. Euskaldunaren pisua bere lurraldean ez da arrotzarena beste. Bada kopuru bat zeina jadanik ez den asimilagarria eta kopuru hori aspaldi gainditu zuen Ipar Euskal Herriak eta nago Hego Euskal Herrian berdin gertatzen dela baldin eta erdaldundu direnak kontuan hartzen baditugu. Orain zalantzetan mingotsena dagokit aurkeztea: zein da inbasio demografiko honi aurre egiteko aterabidea?
Nik batzuk planteatuko ditut:
1. Atzerritar gehienak bertakotzea.
2. Atzerritarren gehiengoa Euskal Herritik botatzea.
3. Euskal bikote abertzale bakoitzak haur anitz izatea eta bataila demografikoa irabaztea.
4. Euskaldunak endogamikoki antolatzea eta komunitate erdi-hertsietan antolatzea, bere lurrean minoria izanik baina ahal denean bizirauten.
Goikoetatik bat bakarra ez da, gaur egun, egingarria nire ustez baldin eta ez bada abertzaletasuna politikoki eta ekonomikoki indartzen. Euskal abertzaletasunaren dinamikak berritu behar dira, Ipar-Hego harremanak indartu, muga ezarriaz gaindiko proiektu ekonomikoak garatu, nazio mailako kooperatibismo errealari oinarria ezartzea autarkia maila bat erdiesteko bidean, ulermen batera heltzea, Hego Euskal Herriko euskaldunak Iparrera joatea oporrak igarotzera eta bertatik frantzesak botatzera!
Badaukagu beste bataila bat, zuk aipatutakoa: erreferentzia geografikoak.
Atzerritarrak hona datozenean Frantzia edo Espainia dela pentsatzen dute eta nolabait akats horretatik libratu behar ditugu. Baina gutarrak ere akats horretatik libratu behar ditugu ez baita lehenbiziko aldia izango eta azkena ezta ere zeinetan abertzale edo euskaldun bati, ni Hegoaldekoa izanik, “hemen espainian” edo “pais vasco frances” entzuten diodana. Oso esanguratsua iruditzen zait aise erakusten duelako zein punturaino kolonizatzen gaituzten guk jakin gabe, nola gure portaerek traizionatzen gaituzten askotan eta nola azken honek ez duen zerikusirik askotan erakutsitako jarrerarekin.
Iruzkinarekin bukatzeko, luzatu egin baizait, hori da nik uste abertzaleengan daukagun arazo nabarmen bat: hura pentsatu eta kontrakoa egitea. Kristo guztia da euskaltzale euskara egunerokoan erabili behar den arte.
Ondo segi eta ez utzi idazteari, niretzat Zuzeuko sinadurarik serioena zaren hori (Ipar Euskal Herrikoak ZZn izan ohi zareten legez).
Adeitasun biziz, aio!
Eskerrik asko Joxe eta Txikitero, gogaideak nunbait baditugula jakitea asko da
Etsipenari dagokionez, nik aspalditik ezagutzen dut, hura gainditzeko, hona nola entseiatzen naizen baleki bale arrazoikatzen:
Lehenik,errealitatea ikusita, gure morala hondoan egotea erabat normala da. Baina etsipena edo morala, errealitatetik beretik baino gehiago gure orai artinoko asmo eta desioen irrealismotik datoz. Hobeki erraiteko, oraiko errealitate eta lehenagoko espero aldarrikatuen arteko bateraezinetik.
Ez Jose historia ez eiki da amaitua baina egia da historio berri bat egiten ari dela gure lehenagoko historiarekin alde handia ukanen duena.
Errealitateak, arerioek eta etsaiek bortxatzen gaituzte, populu errespetatu gisa nolazpait biziraun nahi badugu bederen, historia berri bat asmatzera, aurrekoarekin araiz lotua baina harekiko diferentea, estonagarria ere.
Ezdakit argia naizen baina konkretuki mintzatuz (eta Iparraldeaz bakarrik) eta zuk Joxek proposaturiko akzio oso logikoak aztertuz, espero dut adierazi nahi nukeena argituko den piska bat.
Arrazoi guziz diozu: “Bada kopuru bat zeina jadanik ez den asimilagarria eta kopuru hori aspaldi gainditu zuen Ipar Euskal Herriak”
Izan ere, konbentzitua nago ez garela gai izanen atzerritar gehienak gure hiru probintzietatik botatzeko, ezta, salbuespenak salbuespen, haiek “bertakotzeko” ere ( “bertakotu” aditza erabiltzen dugun zentzuan behintzat, zeren haien gehiengoa bertakoak sentitzen baita bere zentzu propioan).
Gehiengo numerikoa lortzeko iradokitzen duzun demografia borroka, momentuz, nekez ikusten dut hiru probintzien eskalean eta beste baldintza guziak berdin egoiten balira. (Baina ez beharbada puntualki komunitate berezi batean edo etorkizun batean). Estastistika orokorrik ez dago, baina Uztaritzeko urte bateko sasi-estatistiketan ikusi nuenez, sumatuko nuke frantses jatorriko poulazioan, familia berri gehiago eratzen dutela, haien familiak gureak baino ugalkorrak direla. Ezdakit zergatik. Gainera, gure gazteetarik asko urrun badoazte ikasketen edo lanarengatik eta zenbait lan urteren buruan ez dira guti bikote frantses batekin itzultzen direnak, erabat ulergarria dena ene aldetik.
Horregatik ez dugu sekula ikusiko amestu ohi dugun Iparralde oso bat, hiru probintzia tradizionalez osatua, libre, batu eta euskaldun. Ezta Hegoaldeari etorkizun politiko ederrena opatzen badugu ere gure laguntzera jiteko.
Azkenean esaten duzun 4. aukera gelditzen da, erraiten duzunaren kontrara egingarria dena, eta sustut oraitik beretik prestatzen has ginezakeena baldintza, kondizio edo aurrekari gehiagorik gabe, baizik eta, umiltasunean, gure indarraren eta kuraiaren neurrian bideratzen badugu.
“ 4. Euskaldunak endogamikoki antolatzea eta komunitate erdi-hertsietan antolatzea, bere lurrean minoria izanik baina ahal denean bizirauten”
Espero dut ekimen horrek du lukeela abertzaletasuna politikoki eta ekonomikoki indartuko ez eta alderantziz iradokitzen duzun bezala. Bestenaz beti esperoan gera gintezke.
Den-dena zehaztear dago oraindanik ideia horretan eta inguruan, batez ere hasiera batean, den-dena zorrozki eta umilki taxutu behar da oraiko errealitateari eta gelditzen zaizkigun indar apurrei, bainan bai hau litzateke abertzaleentzat, ene ustez ere, sakondu beharreko ardatza estrategikoa gure historio zaharrari jarraipen bat eman ahal izaiteko, eta bederen euskal populua gure lurretarik desager ez dadin, epe guti edo asko ertainean, erabat eta betiko.
Beldur naiz ardatz estrategiko horri guti edo asko nolazpait lotua den aktibitate politika guzia ez den denbora galtzea baizik. Iparraldean behintzat.
Ez adiorik.
Mila esker Txikitero, Joxe eta Beñat zuen ekarpenengatik, Bilbotik.
Joxe B-ren 4 proposamenak irakurri ondoren, beste hau irakurri dut twitterren:
“Kafe Iruñan pote bat hartzera hurbildu, euskaraz eskatu eta zerbitzariaren erantzuna: “No sé euskera, soy de Murcia… Y no tengo porque aprender euskera…*
Ospa egin dugu. ”
*Itzulpena: Euskaraz ez dakit, Murtziakoa naiz eta ez dut zertan euskara ikasi behar.
Argi dago kasu guztietan etorkinak bertakotzea zaila izango dela edo ezinezkoa.
Kanporatzea, legalki bederen, ezinezkoa da (horrelakoak ez kontratatzea bide bat izan daiteke, baina enpresari guztiak ez dira euskaltzaleak).
Demografiaren afera faktore askoren menpe dago (ekonomia batez ere) eta zaila da hori epe laburrean aldatzea.
Laugarren puntua litzateke gomendagarriena, izan ere, twitterreko txio horri erantzun dioten mezuetan alternatiba gisa LABA (@labasarea) ageri da, hau da, Iruñeko gazte euskaltzaleek diru-bilketaz (crowdfunding) eta auzolanez sortutako gune euskalduna.
Euskaldunontzako guneak masiboki sortu behar dira (aisialdia, kultura, negozioak, tabernak…). Horretarako, gutxi batzuk dena eman ez dezaten, denok diru pixkat eman beharko genuke.
Ez dadila desagertu hainbeste proiektu sortu zituen jarrera kooperatiboa!
““Kafe Iruñan pote bat hartzera hurbildu, euskaraz eskatu eta zerbitzariaren erantzuna: “No sé euskera, soy de Murcia… Y no tengo porque aprender euskera.”
Iruñan %11 bakarrik dira euskaldunak. Hala ere, euskararen etsai legez murtziar etorkin pagaburu bat seinalatu gurago duzu zuk Nafarroan sortuak ei diren ehuneko beste 89 erdaldunei begiratu beharrean. Ikusmen selektiboa, gero! Hori ez bada xenofobia, zer da? Eta Beñaten artikulua, beste horrenbeste bider lau.
Xenofobia? Euskaldunen aurkakoa izango da, ezta?
Hori al da euskaldunekiko izan behar duen begirunea?
Uler dezakegu murtziarra izanda ez duela euskara hitz egingo, baina “Y no tengo porque aprender euskera” horrek argi islatzen du bere gutxiespena.
HH, justu errealitatea den bezala erraitea baina xenofobian erori gabe– erraza beti ez da– ene kezketarik bat da eta horregatik eskertuko nizuke esplikatuko bazenit zertan artikulua xenofoboa den.
HH, arrazoia daukazu!
Kolonoak ez dira benetako arazoa.
Benetako arazoa etxean daukagu.
Koherentzia falta nabarmena da gure artean. Itxurakeria.
Baina orain arte esandakoa ez da xenofobia, Euskal Herriarekiko maitasuna baizik
Eta non da ba etxeko arazoa Iparralden? Parisen agian?
Nik Iparraldeko egoera ez dut gertutik ezagutzen, baina Paris ez da gure etxea.
Hegoaldean berriz espainolez ari diren zenbat aberchale daude?
Kolonoek arazoa areagotzera datoz
Lapurdiko kostatarra izanki, ez dakit zer pentsa testu horretaz.
Lapurdiko kostatarra izanki, eta bertako populakuntzan hainbat jende jatorri erdaldunekoa izanki, norbaitek probabilitate gehiago du guraso erdaldun bat izateko, eta hala suertatzen da nere kasuan. Nere lehengusuen artean (19 gara), badira bi talde: ni bezala guraso erdaldun bat dutenen artean, erdia inguruk euskaraz badaki. Aldiz bi gurasoak hemengoak dituztenen artean, inork. Familia askok aspaldi utzi zuten euskara, bigarren gerraren ondoren eskolara joan zen belaunalditik hasiz. Eta hori ez zen kanpotik etorritakoen erruz, ezta ere eskolan izandako zapalkuntzaren ondorioz (nere aitatxi-amatxien belaunaldiak pairatu zuena, baina ez zuten horregatik euskaraz mintzatzeari utzi), baizik eta gizartearen modernizazioa estatuaren hizkuntzaz mintzatzen zelako, eta gazte horiek moderno izan nahi zutelako. Horri gehitzen ahal diozu lehen gerrako propaganda, buruak frantses nazionalismoz betetzeko. Horretarako ez zen behar erdaldun inbasiorik, estatu baten tresnak baizik.
Bigarren gerra ondoko gazte horien haurrek oso gutitan berreskuratu dute hizkuntza. Eta egin dutenek aktiboki alfabetatu ziren, borondate propio bat izan zuten. Inpresioa dut, nere lehengusuen artean begiratuz, guraso euskaldun bat bakarrik dutenek kuriositate gehiago zutela euskararengan, bi burasoak hemengoak dutenek baino, eta kuriositate horrek bultzatu zituela euskara ikastera.
Bertze kontu bat da noski familia guziz kanpotarrekin, eta horiek euskaraz jakitera ezin ditugula behartu, horretarako tresnak emanen lituzkeen estaturik eta legerik ez dugulako. Baina susmoa dut horiek kanpotik etorri gabe ere, gerra ondoko belaunaldia erdaldunduko zitzatekeela antzeko mailetan. Faktore horrek errextu du frantsesaren hegemonia gurean. Bi arazo ditugu bat bertzearen gainetik, eta susmoa dut kanpotik etorritakoen kopurua ez dela bi arazo horien haundiena.
Eskerrik asko Beñat, gordina izanagatik, horrelako gai garrantzitsua azalaratzeagatik. Errealitatea ikusi nahi eza gailendu zaigu, bai “abertzale”-en artean. Kolonizazioa eta asimilazioa, nazio menpekotasunarekin batera dira euskal jendeak “euskal” irauteko dituen arazo nagusiak. Horri ez ikusiarena egiten badiogu jai daukagu.
Tristea da horrelakoak entzunda, aztoratu eta mezpretxuzko mezuak idazten dituen jendea ikustea. Xenofobia eta arrazakeria zer diren jakin ere ez dakitenek, gauzak nahastu, eta, ahulenak iraintzeko erabiltzen dituzte.
Argi dezagun bada:
Arrazakeria eta xenofobia, beste “arraza” batekoak gutxiestea eta kanpokoak gorrotatzea esan nahi dute.
Kanpotarren aurka ezer eduki ez, baina gure identitate euskalduna mantendu nahi dugun euskaldun asko gaude. Batak ez du bestea kentzen. Arrazista/xenofobo batek norbanakoak gorrotatzen eta mespretxatzen ditu.
Arrazakeriaz/xenofobiaz oso bestelako kontua da, ondorio sozio-politiko sakonak edukiko dituzten fenomeno masiboen aurrean, ondorio kaltegarri hauek, etnozidioa adibidez, galarazteko bideak eskatzea. EHn gertatzen ari den inmigrazioa integratzeko tresnak behar ditugu, Euskal Herriak irautea nahi badugu, beste herrialdeek behar dituzten bezalaxe. Eta horretarako gaiaz hitz egin behar dugu.
Baratzezain jauna
Zure duda ongi ulertzen dut. Gainera zure familia- kontu horiek–barnetik ezagutzen ditut– ez zaizkit bate arrotz eta, egia erraiteko, horietarik “abstrakzio” bat egin behar izan dut inbasioaren fenomenoa artikuluan analisatzeen entseiatzeko hondoraino eta serioski.
Zure lekukotasuna gustatzen zait zeren, segur naiz objektiboaz izaiteaz gain ez du tipitzen euskaldun osoen beraien “axolagabekeria” eta sustut estatu etnozidio baten erantzukizuna.
Iduritzen zait halere bi akats tipi ikusten ditudala zure ikusmoldean.
Lehenik zure familiaren kasua kasik iraganekoa da jadanik, imigrazioa (kasik) moderatua zen denborakoa, baina asken bi edo hiru hamarkadetan akzeleratu anitz eta akzeleratuko da oraindik. Orain gero ta gehiago familia arrotz osoak jartzen dira Euskal herrian. Nahi baduzu Uztaritzeko datuak emaiten nizkizuke nahi bazinu.
Gero, ohikoa denez, arrazoitzen duzu euskararen “ezagutza”jakin baten gainean. Baina egiazko ezagutza beste gauza bat da, praktika erreala beste gauza bat, eta sustut “euskaltasuna” ere beste gauza bat. Eta parametro denak kontuan hartuz ikusiko duzu orduko errealitatea ere (imigrazioa moderatua zenekoan) jadanik diozun baino kezkagarria zela.
Orai aldiz eukararen ezagutza serioaren, praktika serioaren eta sakonago euskaltasunaren beraren galerak orokortzen direla itsuski.
Baina, arrazoi duzu, beti oroitu behar da 1789tik bederen bizi garela estruktura administratibo etnozidio baten pean. Eta horren efektua handitzen ari dela denbora joan ahala. Horrek du araiz ahalbidetu zuzenean edo zeharka oraiko inbasioa.
Baina artikulu honetan, ene asmoa ez zen orokorrean eta orokorki berriro estatuaren gain-erantzukizunaz aritzea askotan egiten dugun bezala ( edo ginuen bezala hobeki erraiteko) baizik eta inbasioaz, zapalkuntzaren fenomeno konkretu eta partzial agerraldi batez aritzea zeina estatuaren politikaren erantzukizunarekin hertsiki lotua den.
Ulertu bazaitut zalantzan zaude ian bertakoen axolagabekeria ez den arrotzen etorrera bezain hobendun. Proposatuko nizuke biak grabeak direla, ezin dugula erran zoin den grabeena, baina biak jatorria bera dutela, alegia gure herriaren okupazio 1789ko iraultzatik bederen.
Milesker Baratzezain jauna, espero ez naizela sobera lausu mintzatu eta nahi bazinu segi dezagun elgarrekin gure baratzea jorratzen.
Kaixo Mikel I.E
Ba iduritzen zait gauza asko konpartitzen dugula gai horretan.
Justu bi detalle:
Beharbada tronpatzen naiz baina iduritzen zait arrazakeria litzatekeela diozun bezala “arraza” bat gutiestea edo mespretxatzea arrazoin askorentzat, adibidez fisikoak edo intelektualak.
Aldiz xenofobia arrotzak orokorrean gorrotatzea litzateke edo usuago arrotz talde berezi bat gorrotatzea: alemanak edo frantsesak edo berdin euskaldunak edo nik dakita?. Adibidez frantses anitz guti edo asko anglofoboak dira, baina hori ez da inolaz ere egiazko arrazakeriarik horretan.
Gainera askotan xenofobia pasatzen da, aldiz arrazakeria nekezago.
Seguru da guti egin behar dela gaur bata ala bestea gu euskaldunoi aurpegira bota diezaguten .
Iduri du populu bat asimilatzea normal dela, aldiz populu horrek erresistitu nahi izaitea hori bai dela xenofobia edo arrazakeria!
Azken ohar bat: etorkinen tasa neurri bat gaindituz geroz ez dago bertakoentzat etorkinak integratzeko tresnarik; edo bi talde bereizi osatzen dira, eta gehienetan batek gaina hartzen du bestearen gainean (ez beti ordea! horregatik Suitzaren kasua biziki interesgarria da!) edo bi taldeak nahasten dira eta bertakoek onartu behar dute beren identitearen modifikazio sakon bat, adibidez euskara galtzea, eta euskaltasuna asko modifikatzea behintzat.
Ez da modan gai horietaz hitz egitea argi ta gabi eta sinpleki. Segur anitzek erranen dute xenofobia edo berdin arrazakeria dela, alta eni zinez ez zaut iduritzen. Zuri zer deritzozu?
Horregatik erraten da pentsatzea bera ( adibidez, aukera diferenteak aipatzea balore aurrejujamendurik gabe ere) badela ariketa danjeros bat. Alta sekulan baino gehiago ikasi behar ginuke denok gure errealitatea sakon pentsatzen, nik behintzat oraindik aski denbora banu nahi nuke.
Adeitasunez Mikel.
Artikulu bikaina eta bai herri guztian kolonoak dauzkagu, kolaborazionismoaren jarreretan eta onkeriaren epelean, batez ere, baten bat ezjakina edo kokoloa bere patuaz ez jakiteagatik, baina, indiferentziak hizkuntzak hiltzen ditu. Zergatik , betiko galdera, euskaldunak izan behar dira elebidunak eta erdaldunak elebakarrak? Hor nor da intolerantea edo supremazista? Zergatik ez daude euskaldun elebakarrik? Onkeria defenditzen eta kolonizaziorik ez dagoela diotenei galdetuta.
Lehen eta orain , batzuei gustatu ez arren, kasurik gehienenetan etorkinak ez dira integratzen, huskeria bat baino. Hiriburuetan zein herri handietan
nahi beste froga egiaztatzeko. Bertoko askok euskara ikasi barik ere jarraitzen dute, “jin barriei” eredu bilakatuz, azken batean hau “Espainia eta Frantzia da-eta! Zerbait berezkoa aldarrikatzen denean, inposatzen omen duzu, hala jarraituz gero, euskara uste baino abiada biziagoan desagertuko da.
HH, Cafe Iruña Bilbon dago, ez Iruñean. Bilboko kafetegi-tabernarik aintzinakoenerarikoa da. Zertara dator Nafarroako kontu hori?
Euskahaldun, Iruñean ere badago.
Euskahaldun, Cafe Iruña Donostian ere badaukagu.
Eta Semenogorrirekin guztiz ados.
Eskerrik asko Beñat gai hau plazaratzeagatik. Gai zaila da, baina debatitua izan behar du.
Julen,
Bai gaia zaila alde eta arrzoi askorengatik baina enetzat zailena da pentsatzea maite ditugun, integratzeko esfortzuak egiten duten, eta berdin guregatik aspaldian jin diren gure inguruko pertsona konkretu batzuei,zaurituak izan litezkeenak. Nik uste euskadunen orokorrean eta abertzaleen partikulazki erantzukizuna ez dela sekula ezkutatu behar eta esplikatu denak garela konkista eta kolonizazio perbertso batek determinatuak edo eraginduak behintzat. .
Baina horiek guziak erran eta,.Iparraldearen parte handi bat jada galdua dugu, azken denboretako inbasio hau hilgarria izan da, neurriz kanpokoa da eta Neo Kalledonian bezala estatu frantsesak badaki denbora bere alde jokatzen duela. Aski du .egoera hau oraindik bulta batez iraunaraztea euskal arazoa betiko soluzionatua izan dadin..
“Debatitu” behar dela bai, baina galdera izango da:”.zein da inbasio demografiko honi aurre egiteko aterabidea?”, galdera mingotsa Joxek dioen bezala.pista batzu pentsatzeko iradokitzen dituela..
Barkatu Hego, ez nekien Iruñean ere bazegoenik. Akatsa nirea
Mila esker Beñat afera honen inguruan argi eta garbi mintzatzeagatik, eta zorigaitz honi dagokion bezala deitzeagatik. Inbasio bat da finean, ez besterik.
Tamalez, inbasioaren ezikusia eta zuriketa da herri honetako eragile gehienen jarrera. Horren arrazoi nagusietako bat da bizkarroi baten moduan kistatu den ideologia oroberdintzaile liberal-globalista, batez ere ezker eta eskuin liberalak sustatua. Ideologia honen arrakastaren infrentzua da ideal nazionalaren ahultzea euskaldungoan.
Euskal independentismo mainstreama ez da kutsadura honetatik libre. Horren ordez, pozoin honen sustatzaile bilakatu da ere. Abertzaletasuna, nazioaren ideia eta hizkuntzaren zentralitatea izpiritu unibertsalista oroberdinzale batek ordezkatu du, zeinak ongizatea, askatasuna eta demokrazia gisako ideia abstraktuak dituen diskurtsoaren erdigune.
Zer egin inbasioaren aurrean? Datozen ehundaka mila atzerritarrak “euskaratzea” ez da posible ezta desiragarri ere. Horiek kanporatzea ez da posible ere, eta ondorio politiko garestiak lituzke posible izatekotan. “Eskura” genituzkeen aukera bakarrak guda demografikoari ekitea litzateke, batetik, eta euskaldunon artean batuz gainontzekoengandik bereiztea, bestetik, endogamia etnikoaren hautu politikoa eginez eta modu auto-segregatuan biziraunez.
Guzti horrek, baina, euskaldungoaren pentsamendu politikoaren biraketa diametral bat eskatzen du (etnonazionalismo geurekoi baten garapena kosmopolitismo eta zuzentasun politikoaren aurrean), non komunitate nazionalaren biziraupena, ongizatea eta subiranotasuna erdigune den beste edozein irizpideren gainetik, baita borondate eta kemen handiko herritargo antolatu eta konprometitu bat ere.
Gauden egoeran fantasia hutsa dirudi halako zerbait, duela ez horrenbeste errealitate bazen ere. Hori horrela, aurreikusi daiteke herri honek itsu-itsu jarraituko duela bere buruaren hilketa isil eta koldarrean aurrera. Edonola, batzuetan patuak ustekaberik ematen du ere, eta nehork daki zer dakarkigun biharramunak. Nola edo hala eutsi eta aurrera egiterik badugu, akaso izango dute aukerarik datozen belaunaldiek.
Agur bero bat!
Eskerrik asko zuri Oier testua irakurri eta komentatzeko denbora hartu izanagatik
Momentuz inportantea da abertzaleak errealitatera itzuli eta bertan fermuki kokatzea kontu lokargarrietarik askatuz. Etorkizuna amesten ginuen bezain ospetsua izan ez izan arren, hari arreta eta interesa emaiten diotenentzat ez dago erabat hetsita, zirrikatatuak eta arriskatzeko abentura anbiziosak eta halere arrazoigarriak badaude. Nahiz errealitatea eskualde guzietan berdin berdina ez izan arren, biziki inportantea da ulertzea diferentziak eta antekotasunak. Elgarretarik asko dugu ikasteko. Baina oro baino lehen, herriarentzat arreta, eta irrika duten haiek nolazpait erlazionatu behar ditugu lurraldeetako egoeren desberdintasunen gainetik…
Animo. .