Imanol Lasa ahalduna eta ETB
Imanol Lasa ahalduna eta ETB –
Apirilaren 4an ETBri buruzko artikulu bat argitaratu zuen Berriak: funtsean, ETBren ikusle kuotak ziren. Ez zitzaion ba gustatu Imanol Lasari. Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiaren eta Azterlanen arduraduna da, eta Gipuzkoako Buru Batzarreko Burua. Hauxe idatzi zuen sare sozialetan: “Ez dut ulertzen, eta ez dakit arrazoia zein den, baina azkenaldi honetan Berria egunkarian EITBri buruz ez dut kritika onik irakurtzen. Zerbait badago. Esango al digute? Jakingo al dugu?”
Bueno, ba, nahi badu, nik emanen diot pisuzko arrazoi bat, adibidez:
ETBn BETOA jarria zaio nazioarteko filmak euskaraz emateari. Erabakia dute denak espainolez ematea.
Kataluniako TV3k katalanez ematen ditu. Galiziako TVGk, PPko gobernuak izan dituen arren, galegoz. Valentziako Erkidegoko telebista publikoak (lehen Canal Nou, orain À Punt), hasieran programazio orokorra valentzieraz ematen zuen, eta filmak eta serieak espainieraz, baina orain film eta serie guztiak beren hizkuntzan ematen dituzte. Ibilbide bera egin du Balearretako IB3 telebistak ere: hasieran, programazio orokorra beren hizkuntzan, eta filmak eta serieak espainieraz, baina hark ere orain beren hizkuntzan ematen ditu film eta serie guztiak.
Eta, hara non, ETBk, 40 urteko ibilbidean, kontrako bidea egin du: hasieran film eta serie guztiak euskaraz, eta, gaur egun, nazioarteko film guztiak (hau da, film gehien-gehienak) espainieraz ematen ditu. BETOA dio jarria nazioarteko filmak euskaraz emateari. Zergatik? Félix Linares kazetariak (La Noche De) argitu digu Kultura Sailaren eta ETBren irizpidea: “Jendeak ez zituen euskarara bikoiztutako filmak ikusten, eta audientziak erakusten du bidea”.
Bistan da ETB telebista autonomikorik okerrena dela hizkuntza propioaren defentsan. EAJri eskatu beharko litzaioke alda dezala euskararen kontrako politika hau, eta EH Bilduri, lehentasuna eman diezaiola gai honi. Ez al da eskandalua? EH Bilduri dagokionez: zenbat mobilizazio egin ditu hau dela eta? Behin galdetu zion Legebiltzarrean EITBko buru Andoni Aldekoari zer gertatzen zen gai honekin, eta hark erantzun zuen “euskarazko filmak erreserban zeudela, Primeran plataformaren zain”. Eta hortxe gelditu zen kontua.
Kuota jarri beharko litzateke: hasteko, filmen %50 euskaraz izan dadila, eta urtez urte igotzen joan dadila, beste telebista autonomikoen mailara iritsi arte.