Ikusi Zaha Hadiden Zorrotzaurreko BBK dorrea


bbk1 Bilboko bigarren etxeorratz garaiena eraikitzeko proiektuaren informazio freskoa eman berri du Zaha Hadid arkitekto ospetsuaren lantaldeak. 105 metro garaiko kankailua altxa nahi dute Zorrotzaurre eraberrituaren planaren baitan. 2009an hartu zuen aintzat Hadid-ek BBKren eskaera; eta orain eman ditu zehaztapen batzuk.

Zorrotzaurreko penintsula abandonatua irla dinamiko bihurtzeko asmoak gauzatu artean tantaka-tantaka ari da informazioa heltzen. 601.000 metro koadro urbanizatzeko aukera gozoki ederra da politikari handinahitsuentzako eta negozioen lagun apetatsuentzako. Birmoldaketa honen baitan Zaha Hadid-ek diseinatu zuen Zorrotzaurrerentzako Master Plana 2003 urtean.

Abandoibarraren tankerako aldaketa, industria arrastoak gelditu diren lekua zerbitzuen eta aisialdiaren gune bihurtuz. Horrez gain, etxebizitzak eraiki asmo dira, baita babes ofizialekoak ere. Krisi aurreko garaian diseinatu zen hau guztia, eta plan horren ikur gorena BBK dorrea da; orain eskaini dira horren irudiak. Bilboko Aste Nagusiko kontzertu handienen ereamuan hutsean sortuko da 22 solairu eta beirazko fatxadadun etxeorratza.

Zaha Hadid-en webgunean argitaratu berri dira eraikinaren planoak, errekreazioak eta beste hainbat informazio. Zalantzarik gabe arkitektura eskultorikoaren paradigmari eusten dio Hadid-ek; erabilgarritasuna gutizia formalen itzalean gelditzera utziz. Lau puntako bi izarrek marraztuko dute Bilboko zeru berria, BBKk atzera egin ezean.

bbk2

Iraingarritzat jo dute

Deia egunkariak ekarri du igandeko alearen azalean proiektuaren berria. Zehaztazunez itzuli dute Hadid-en webgunean emandako informazio guztia. Webguneko iruzkinetan haserrea nagusitu da beste edozein gogoetaren gainetik; krisi sozial gordinean horrelakoak gehigikeria kapitalistak dira. Arkitektoen eta urbanisten iritzirik ez da entzun, baina herritarren joera argia da. Kutxabankek etxegabetzeei eusten dien bitartean horrelako proiektu faraonikoetarako finantziazioa gordetzea iraingarria dela diote. Edota, Kutxabank bera bezeroekiko zerbitzua bera hertsitzen ari den heinean. Iruzkinetako batek distopia gordina eskaini du (itzulita):

“Hau da etorkizuna: Basauriko edo Barakaldoko hiritar bat. BBK txartelarekin arazorik? Zentralera joan behar duzu, garraio “publikoan” hobe. 2017 urtea: Metroko joan-etorriko bidaiak 8 euro. BBKren egoitzara tranbiak 5 euro. BBKn zain zauden bitarteko kafeak 3 euro. Itxaronaldia luzatu da, ez zenuen horrelakorik espero. Otartekoa eta edaria egoitzan: 18 euro. Hartu zaituzte, paper batzuk falta zaizkizu, etorri hurrengo batean. Guztira 34 eusko eta tramiteak egin barik”. 

bbk3

 

 

 

9 pentsamendu “Ikusi Zaha Hadiden Zorrotzaurreko BBK dorrea”-ri buruz

  • Euskal Manhattan?

  • Obseznoa ere bada Kutxabank bezalako erakunde batek horrelako eraikina egiteko asmoa izatea. Bezeroak nola zukutzen dituen ikusita, obra soziala desmantelatzen ari dela.
    Nazka pixka bat ere ematen du.

  • Eraikin ederra! Santimamiñe amaitutakoan honi ekin beharko diogu!

  • ez-bilbotar bat 2013-10-28 22:36

    Ekonomikoki bideragarria edo beharrezkoa den kontutan hartu gabe zorrotzaurren eraikin berriak egitea ideia ona da. Gaur egun hiriak goraka hazi behar dira, ez alboetara, lurra mugatua delako eta eraikinak politak badira hobe. Gainera zorrotzaurreko plana bilboko hainbat auzo bakartu elkartuko ditu.

  • Niretzat iraingarria da horrelako edifizioa eraiki nahi izatea noiz eta azkenaldiko krisirik latzenak kolpatzen gaituenean, noiz eta Kutxabank bezalako bankuek herritarrak kaleratu, etxerik gabe utzi eta gizarte politikak bazter batean uzten dituztenean…. lotsagarria

  • Ikusita zelako lurren eskasia daukagun bilboalde osoan, oso ideia ona iruditzen zait gorantza eraikitzea. Naturak eta ekologiak benetan eskertuko digute.
    Horrez gain, eraikina polita bada, hainbat hobe.

  • Hitz batean:

    RUBBISH

  • Ba neuk ere Deustutik idazten dut eta gorago idatzi duen herrikideari erantzun nahi diot: egia da lurzoru
    falta dagoela. Hori horrela izanik, zergatik galdu behar ditugu kanalaren irekitzeak jango dituen 24.000 m2ak?
    Hona hemen bidegabekeria horren aurkako sinadura bilketarakin bat egiteko esteka:

    http://www.change.org/es/peticiones/ayuntamiento-de-bilbao-bilboko-udala-no-a-la-apertura-del-canal-de-deusto-deustuko-kanala-ez-ireki

    Bide batez, Deustuko Erribera ez da “penintsula abandonatu bat”.

  • Natura eta ekolojiagatik hain zuzen ez dauka zentzurik Kanala irekitzeak. Nork sinisten du horrekin uholdeak sahiestuko direna? Uholdeak Zazpi Kaleetan izan ziren, ez Deustun, eta Kanala irekitzearekin ura apur bat jaitsita ere, orduko ibaiaren hazkundea eta suntsiketa ezingo luke Kanala irekitzeak sahiestu.

    Natura eta ekolojiak eskatzen dutena da Ibaizabalek hazkundea dakarrenean urak zabaltzeko izango dituen landa-eremuak alboetan izatea, hain zuzen Deustuibarran egin nahi denarekin lortuko ez dena.

    Natura eta ekolojiak eskatzen dutena da Kanala lehengoratzea, baratzak zirenak baratz, edo zelai, edo aisialdirako baliagarri izan den ur-emari estu baten alboetan urari arnasa hartzeko balioko dion eremu zabala bihurtzea.

    Guggenheimen lilurak Guggenheim II ia eraman zuen Urdaibaira, eta orain Manhattan ekarri nahi digu Deustura Central Park aldiz ez da Bilboko Udalaren plangintzetan agertzen. Ez dago beharrik antza, ez dago lehentasunik. Arraiz mendiko parkeak dira bilbotarrentzako parkeak.

    Partehartzea zabaldu behar du Bilboko Udalak. Bizkaian inoiz eman den hirigintza egitasmorik handiena aurrera eraman nahi du herritarron behar eta iritziei guztiz entzungor eginez, eta hori ez da presentablea XXI. mendean. Entzungor eginez eta gainera uholdeen argudio “lojiko” eta “naturalarekin” bestelako planak aplikatuz. Herritarron interes orokorretik urruti diren plangintzak.

    Adibidez: Kanala irekitzeak 30 miloi euroko inbertsio eta XXX langilerentzat lana sortuko du. Bada, 24.000 m2 horiek alperrik galdu beharrean, parke eder bat sortzeko erabiliko balira berdin berdin sortuko luke XXX langilerentzat lana.

    Aitzakiarik ez. Kanala ez Ireki!