Ikasturte amaiera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko sindikatuon proposamena Hezkuntza Sailari
Ikasturte amaiera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko sindikatuon proposamena Hezkuntza Sailari –
Sarrera
Azken asteotan Hezkuntza Sailak ikasturte amaierara begira gure eskoletarako egin dituen planteamenduak eta horien gaineko ondorengo aldaketak, bizi dugun pandemia larriak eskatzen dituen osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsi barik, irizpide pedagogikoak baztertuz eta beharrezko adostasunik gabe gauzatu ditu sindikatuon ustez;
Maiatzak 7an aurrez aurreko eskolekin hasteko aurkeztutako planaren ezaugarri nagusienak inprobisazioa, prezipitazioa eta aldebakarrekotasuna izan dira. Planak, langileon ordezkarion, zein oro har Hezkuntza Komunitate osoaren gaitzespena eta kritika jaso zituen. Eta presio honen ondorioz, derrigorrez hainbat etapa, maila eta zentrutan aurrez aurreko ikasketak maiatzak 18tik aurrera abian jartzeko asmoan atzera egitera behartuta egon da Jaurlaritza.
Hezkuntza Sailak hasierako planteamenduarekiko hartu dituen ondorengo erabakiak ordea, hezkuntzako langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostu gabekoak izaten jarraitu dute. Hau da, ikasturte amaierara- zein hurrengo ikasturte hasierara- begira, hartu beharreko osasun- neurriak zein akademikoak nagusiki aurrera eraman behar dituzten pertsonen ahotsa entzun gabe.
Bestalde, 2019/2020 ikasturte amaierarako Hezkuntza Sailak egindako azken planteamenduak ere (*) osasunerako berme eta irizpide pedagogikoak modu egokian uztartzen ez dituen planteamendu bat izaten jarraitzen du:
.- Osasun bermeei dagokionez. Hezkuntza Sailak momentuz artikulatutako prozesu eta neurriek gabezia nabariak dituzte.
- Hezkuntza Sailak ez du langileen ordezkariekin itzulera protokolorik, neurririk ez eta baldintzarik partekatu zein negoziatu, prebentzioari buruzko legediak ezartzen duena urratuz. Nolabaiteko dokumentazioa lehenengo aldiz ostiralean -maiatzak 15- bidali zitzaigun; dokumentuaren edukia eztabaidatu eta ekarpenak egiteko betarik eman gabe. Maiatzak 20an gaude eta maiatzak 25erako planteatzen da itzulera, eta gaur gaurkoz sindikatuokin plangintza partekatzeko deialdirik gabe jarraitzen dugu.
- Ikastetxe bakoitzean COVID 19agatiko arrisku ebaluaziorik ez du gauzatu edota ez zaigu langileon ordezkarioi jakinarazi (eskaera gauzatu dugun arren).
- Protokoloan jasotzen diren neurri eta jarraibide orokorrak, Ikastetxe bakoitzak landu eta gauzatu behar duen kontingentzia planean modu egokian txertatzeko eta gauzatzeko oso epe laburrak daude, aste bete eskas. Osasun arrisku serio bat ekar dezakeen presa maila ikusten dugu.
- Protokoloan jasotzen diren neurri orokor asko bestalde eztabaidagarriak dira:
.- Ikasle ratioa 15 ikaslera mugatzea aurrez aurreko irakaskuntzan esaterako, Eraikuntzako Kode Teknikoaren arabera baldintza normaletan eta gela bakoitzaren erabilpenaren arabera, ondorengoa litzateke gela baten gehienezko okupazioa kalkulatzeko erabili beharreko irizpidea:
? Laborategiak, tailerrak, gimnasioa, marrazketa-gelak: 5 m2 pertsonako.
? Ikasgelak: 1,5 m2/pertsonako.
? Haur hezkuntzako ikasgelak: 2 m2/pertsonako.
Gaur egun ordea, COVID-ak eragindako testuinguru honetan ez gaude baldintza normaletan eta beraz, ezarri beharreko okupazioa murriztu beharko litzateke, ez zenbateko orokortu batera (Sailak egin duen moduan) baizik eta kodeak dionari murriztapenak ezarriz.
.- Ikasgeletan maskararen erabilera ezinbestekotzat jotzea: Prebentzio Legeak dioenari jaramon egiten badiogu, ez litzateke egokia maskararen erabilera orokortua ezinbestekotzat jotzea, ondorengo arrazoiengatik:
? Alde batetik, denbora luzean maskara erabiltzeak osasun arazoak ekar ditzakeelako (hainbat ikerketek agerian utzi duten moduan). Esate baterako, arnas aparatuko gaixotasunak, maskararen eraginez ahoan sortzen den hezetasunak eragindako onddoak, etab.
? Bestetik, Prebentzio Legediak dioen moduan (15.artikulua), “Babes kolektiboa norbanakoaren babesaren aurretik jartzen duten neurriak hartu behar dira”.
.- Eskola-postuen arteko distantzia 1,5 metrokoa izatea: Orain arte, erreferentziazko segurtasun-distantzia 2 metrokoa izan da argitaratu izan diren prozedura eta dekretu guztietan (esate baterako, tabernetako terrazetako mahaien arteko gutxieneko distantzia). Gure harridurarako, Hezkuntza Sailak 1,5 metroko distantzia ezarri du segurtasun berme gisa. Orain arte segurtasun bermea 2 metroko distantzia mantentzea bazen, zergatik ikastetxeetan 1,5 metrokoa? Nolako segurtasun bermea ematen du distantzia honek?
.- Garbiketen maiztasuna: irizpide orokor gisa ezartzen da instalazioen garbiketa gutxienez egunean behin egin beharko dela, ukipen handieneko azalerei eta ekipamenduei arreta berezia jarriko zaielarik. Hiru gabezia aipagarri ditu protokoloak garbitasunaren aferari dagokionean:
? Alde batetik, garbiketak egunean behin eginda ez da inolaz ere bermatzen instalazioen higienea. Garbiketen maiztasuna ondo aztertu beharreko faktorea litzateke eta ez arinki kontsideratu beharrekoa. Langile eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatu nahi bada, garbiketen maiztasuna konstantea izan beharko litzateke, gehien erabiltzen diren gela eta gainazalei garrantzia berezia emanez.
? Bestetik, ez da inon aztertzen maiztasun hori handitzeak garbitasuneko langileengan eragingo duen lan zamaren handitzea. Sakonki aztertu beharreko gaia litzateke eta Hezkuntza Sailak ez dio ilara bat bera ere eskaintzen gai honi.
? Garbiketa eta desinfekzioa areagotu behar bada, garbiketa azpikontrataturik dagoen kasuetan enpresei zerbitzua handitzeko, ikasleak dauden bitartean garbitzeko (ordutegia handitzea edota moldatzea ekar lezake honek) zein langile gehiago kontratatzeko eskaria egina dagoen ez dakigu. Langile hauei oraingoz ez diete ezer jakinarazi. Hezkuntza Sailaren kontratupeko garbitzaileen kasuan ere, garbiketa eta desinfekzioa egiteko jarraibide eta prestakuntzarik oraingoz ez zaie eman.
? Azkenik, garbitasuneko langileek kutsatuak egon daitezken gelak eta gainazalak garbituko dituztela kontuan harturik, Hezkuntza Sailak kontuan hartu beharko luke langile hauentzat aplikagarria litzatekeela 664/1997 Errege Dekretua, Arrisku Biologikoei dagokiena. Hau hala izanik, bertan jasota datozen prebentzio- eta higiene-neurriek guztiz aplikagarriak izan beharko lukete.
.- Ebaluazio-probak: Ebaluazio-probak paperean egingo direla ulertzen da protokoloaren irakurketa eginez, baliabide telematikoak erabili beharrean. Pandemia eragin duen birusa gainazaletan itsatsia gera daiteke denbora luzez. Osasunaren Munduko Erakundeak dioenaren arabera, birusak 24 ordu inguru biziraun dezake kartoi edo paperezko gainazaletan. Beraz, Sailak proposatzen duen ebaluazio modua irakasleen segurtasun eta osasunerako kaltegarria izan daiteke.
.- Aipatutako guztiaz gain, protokoloak ez du inondik inora garrantzia handia duen beste alderdi bat aztertzen: Ez dira kontuan hartzen langileek lan egiteko egoera eta prozedura hauek eratorri ditzaketen Arrisku Psikosozialak, ez eta hauek ekiditeko aplikatu beharko liratekeen prebentzio-neurriak. Guztiz ezinbestekoa da arrisku hauek ebaluatzea eta beharrezkoak liratekeen neurri guztiak hartzea irakasleen pairatu ditzaketen ondorioak ekidite aldera.
.- etabar luze bat.
.- Irizpide pedagogikoei dagokionez. Hezkuntza saila aurrez aurreko ikasketak hastea planteatzen ari den etapa/kasu gehienetan 2019/2020 ikasturte lektiboa praktikoki amaituta dago, eta jadanik ikastetxeek antolatuta daukate ikasturtea, ebaluazioak etab. on line nola amaitu. Horrela, DBH4 eta Batxilergoko 1. mailako ikasturte lektiboa maiatzak 29an amaitzen da eta Batxilergoko 2. mailakoa berriz, maiatzak 19an.
0-3 adineko ikasketei dagokionez, aldiz, osasuna bermatzeko hartu beharko liratekeen neurri oinarrizkoenak hartuz adin honetako haurrek dituzten behar pedagogiko eta emozionalak asetzea ezinezkotzat jotzen dugu.
Lanbide Heziketan praktikaldian leudeke ikasleak eta ikasketa praktiko presentzialak aurrera eramateko hartu beharreko osasun neurri bermedun eta egokiak abian jartzea konplikatuagoa da oraindik ere.
.- Ikasleen aukera-berdintasunari dagokionez. Hezkuntza sailak, ikastetxeen autonomiaren aitzakipean, bere arduraz beste eginez, ikastetxe bakoitzari pasa dio maiatzak 25etik aurrera aipatutako etapen/kasuen artean (DBH4, Batxilergoko 1 eta 2, Lanbide Heziketa, 0-3 adineko ikasleak), zein etapetan, zein datetan eta zein ikastalderentzat presen1tzialki hasi erabakitzeko pisua eta ardura. Ikastetxe desberdinek har ditzaketen erabaki desberdinak kontuan izanik, ikasleen arteko desberdintasunak sortu eta areagotzeko arriskua dakar horrek.
Aipatutako guztiari gehitzen zaio, atzo bertan, maiatzak 19, Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoko langileen aurrez aurreko itzulerarako atera zuen jarraibidea, zein itunpeko ikastetxe eta ikastoletako patronalek egin dituzten plangintza propioen inguruko jakinarazpenak.
Hezkuntza Saila, ikasturte amaierari begira egiten ari den kudeaketa inprobisatu, prezipitatu eta planifikatu gabearen ondorioz, hezkuntzako langileak, ikasleak, eta oro har hezkuntza komunitateko kide guztiak ziurgabetasun eta kaos egoera onartezin batean kokatzen ari da.
Hau guztia kontuan hartuta, eta Hezkuntza Sailaren planteamenduari ikusten dizkiogun gabezia eta hutsuneen aurrean, zein egoera kaotikoaren aurrean, sindikatuok 2019/2020 ikasturte amaiera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko proposamena bat helarazten diogu Hezkuntza Sailari EAEko Hezkuntza sistema osorako.
.
Ikasturte amaiera seguru baterako sindikatuon proposamena
? Ikasturte amaierako plangintza zein aurrez aurreko itzulerarako baldintzak, neurriak, protokoloak eta prozesuak langileon ordezkariokin negoziatu eta adostuak izateko, negoziazio prozesu errealak abian jartzea.
? Bidalitako osasun protokolo eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedura zein edukiei ikusitako gabeziei dagokionez:
- Ikastetxe bakoitzeko COVID 19agatiko arriskuen ebaluazio zein honi egokitutako kontingentzia-planak langileon ordezkariekin partekatzea eta adostea.
- Protokoloan jasotzen diren neurri konkretuak langileon ordezkariekin partekatu, eztabaidatu eta beraien komenigarritasuna aztertzea.? Hezkuntza Sailak ikastetxe guztientzat irizpide berbera finkatzea aurrez aurreko ikasketei ekiteko (zein etapetan, zein ikastalderentzat), horrela ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea ekiditeko.
? 2019/2020 ikasturtean aurrez aurreko ikasketak berrartu behar diren erabakitzeko, ikasketa presentziala abian jartzeak dakarren osasun arrisku gehigarria eta ikasleentzat izan ditzaken onura pedagogikoen arteko ponderazio ariketa serio bat egin beharko litzateke. Sindikatuok ariketa hau egin ondoren, ikasturte honetarako ikasketa presentzialetara itzulera EBAU azterketa prestatzeko beharra duten 2. Batxilergoko ikasleentzat soilik mugatzea proposatzen dugu.
Konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan dituzten ikasleen kasuan (arrazoi sozioekonomikoengatiko, arrakala digitalaren ondorioz nagusiki, on line ikasketetatik erabat deskonektatuta egon diren eta hala jarraituko duten ikasleentzat) errefortzu gisa aurrez aurreko ikasketak planteatzeko aukera eta hauei mugatuta ere aztertu beharko litzateke.
.
Eskaera
Aurrez aipatutako guztia kontuan izanik, idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzeko;
Era berean, negoziaketa prozesu horiek gauzatu arte eta sindikatuok gaur bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diren bitartean, ikasturte amaierara begirako aldebakarreko erabakiak bertan behera utz ditzala, hezkuntza publikoko langileak eskolara presentzialki itzultzeko maiatzak 19ko jarraibidea barne.
.
(*) Maiatzak 18tik maiatzak 25era atzeratu du aurrez aurreko ikasketei hasiera eman ahal izateko epea DBH4, Batxilergoko 1 eta 2, Lanbide Heziketan, Heziketa Bereziko zentruetan; zein etapa konkretutan, zein ikas-talderentzat eta zein datetan ikastetxe bakoitzak erabaki dezakeelarik. 0-3 adineko etapari dagokionez oraindik erabakia definitiboa ez bada ere, adin honetan aurrez aurreko ikasketak abian jartzeko aukera irekita mantentzen du.
Ikasturte amaiera seguru Ikasturte amaiera seguru
Maiatzak 7an….maiatzak 17tik.
.