Ikastolen aurkako oldarraldia

Ikastolen aurkako oldarraldia –

Danel Abando Olabarrik NAIZen.


Hezkuntzaren inguruan eztabaidatzeko beharra beti izango badugu ere, EAEn oraintxe dugu parada ezin hobea, datozen urteetan hezkuntza arautuko duen legea onartzeko bezperan baikaude. Horrek zera esan nahi du, beharrezkoa dugula eztabaida, ideien trukaketa, baita talka neurtu bat, zergatik ez. Tamalez, iruditzen zait zenbaitzuk mugak gainditzen hasiak direla, iritzitik gezurrera erraz jauzi eginez. Noski, mota horretako erasoak bereziki mingarriak dira bidaide gisa duzunaren ahotik jasotzen dituzunean.

Ikastolen aurkako oldarraldia
Arg: George Becker

Lehenik eta behin, Eliza da deus zuzentzeko ez duen erakunde bakarra, hura baita akatsgabearen, ahalguztidunaren, orojakilearen babesean jarduten den bakarra. Besteok, autokritika egin, hobetzekoak onartu eta apaltasunez lanari ekitea besterik ez dugu. Zentzu horretan, Ikastolek hobetu beharreko hamaika afera dituzte, dudarik ez dut, eta horiek identifikatzea eta zuzentzea dagokie, aurrera egitea lortuko badute. Izan ere, Ikastolen Elkarteak gizarteak dituen erronka handienei heltzeko asmoa berretsi du (segregazioa, etorkinak, euskara…). Haatik, onartezinak iruditzen zaizkit zenbait sektorek egunotan egindako adierazpenak: Ikastolak “segregaziorako tresna izugarriak”, “jatorriaren eta gizarte-mailaren araberako berdintasun eza erreproduzitzeko instrumentu” edo “sistema publikoa irensteko” erakunde gisa definituz. Hori gutxi ez eta Ikastolak Iberdrola, Confebask edo Blackstone bezalako inbertsio-funts zitalarekin parekatzera helduz. Orain dela ez hainbeste EH Bildu eskuin muturrarekin parekatu zuten, supremazista izatea egotziz euskararen aldeko neurriak defendatzeagatik. Dena ezkerreko pentsamenduaren izenean.

Elizarekin ez dakit, baina nazioarekin topo egin dugu, beste behin. Nazio zapaldua gara, eta hori argi dugunok erraz ikus dezakegu gure herriaren eta hizkuntzaren aurkako eraso bortitzenak sarritan erakunde publikoetatik datozela: euskara zaila delako esku hartzen duen epailea, euskarak atzerriko hizkuntzen aitorpen legal berbera jasotzea edo teorian euskaraz eskaintzen diren hamaika zerbitzu publiko gaztelaniaz soilik jasotzeko aukera egotea, besteak beste. Zerrenda amaigabea da, eta, hortaz, ez da harritzekoa euskal komunitateak sortzeko, antolatzeko eta ekiteko moduak administrazio publikotik kanpo bilatu izana. Noski, Espainia ardatz dutenentzat (oso zilegi dena), fikzioa besterik ez da hau guztia, nazionalisten kontuak, bigarren mailako arazoak. Ostia!, herri honetan sindikatuak dira euskararen aldeko neurriak salatzen dituztenak, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokatu behar dira ikasleak eta gure hizkuntzaren ezagutza eskatzeagatik baztertzaileak garela jasan behar dugu behin eta berriro. Ez dakit ohartuko zineten, baina ez gara normalak. Eta halere, bagara zerbait, bagara norbait, eta ez dugu onartuko izatea ukatuko digunik.

Zorionez, zerbaitetan bat gatoz: lotsagarria da Hezkuntza Publikoan dagoen utzikeria. Eta onartezina da ikastetxe publiko askok bizi duten egoera, ikasleek zuzenean pairatzen dutena. Horregatik ezinbesteko deritzot Eskola Publikoaren indartzea, behar dituen baliabideez hornitzea eta bertako hezkuntza-komunitateak esateko duena aditzea. Baina argi izan: Ikastolen desagertzeak ikastolen amaiera besterik ez dakar, hezkuntza publikoa kudeatzen dutenek agintean eta ildo beretik jarraituko baitute, betiko legez.

Euskadik Eskola Publiko osasuntsu eta indartsu bat behar du, hezkuntza-eskubidea bermatuko bada. Euskal Herriak Ikastolak behar ditu, biziraungo badu. Bakoitzak beretik, bide berbera eginez. Hezkuntzaren, hizkuntzaren eta herriaren alde.

Ikastolen aurkako oldarraldia Ikastolen aurkako oldarraldia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.