Ikastolako irakasleek euskarari eutsi!
Ikastolaren urteko ospakizuna; lagun asko bildu gara egun pasa, haur eta guraso, ikasle ohiak ere hainbat, euskal dantza eta herri bazkari eta guzti.
Bailarako azken herri oraindik euskaldunean gertatu da aurten ospakizuna, baldintza ezin hobeak bada, egun horretan behinik behin, euskaraz arnasa hartzeko kalean, hainbeste euskaldunen artean.
Bazkalondoan tabernara gerturatu gara. Gure ondoan, hemezortzi urte inguruko gazte koadrila, ospakizunera bertaratutako ikastolako ikasle ohiak guztiak, erdara batuaz jo eta fuego, alderik alde . Erronda eskatu ere, erdaraz eskatu diote, azken herri euskaldun horretako tabernari euskaldunari.
Berdin dio zein ikastolaren ospakizuna izan den. Ikastola eta D ereduko ikastetxe asko eta askoren kasuan berdintsu gertatzen baita. Gehienetan beharbada?
Berdin dio herria zein den, ere. Asko eta asko izan litezke.
Argi dago euskaraz egiteko motibazioa aspaldi galdu zutela, inoiz piztu bazitzaien. Argi dago ondotxo dakitela helduon mundua erdalduna dela, eta ikastolaren jaiak, gehiago duela erritualetik errealitatetik baino. “Ikasleek euskararen hautua egin dezaten” ikastola ororen helburu izaki, huts egiten da nabarmen herri asko eta askotan.
Herri askotan, nabarmendu nahi nuke, herriaren eta familien porrota baita, nagusiki, ez ikastolarena.
Gure ikastolako irakasleen ahalegina ezagutzen dugu. Badakigu zinez ahalegintzen direla eta gaiarekin kezka handia dutela. Baina ezin dute asko gehiago egin. Eta ezin dute, ikastolatik irten bezain laster, erdal mundura abiatzen direlako bertako ikasleak… ikastolan bertan ere, erdaraz egiteari utzi ez diotelarik.
Guraso gehienek ikastolaren bizkar uzten dute haurrak “euskalduntzeko” ardura osoa.
Ez dira gutxi, euskaraz jakin arren, erabat erdaraz bizi diren guraso “euskaltzaleak” edota haurrei erdaraz egiten dieten ikastolako aita-amak.
Etxera joanda, eguneroko telebista menua erdaraz jango dute, ETB1-en deskalabruari (esker mila, gure agintariei) eta espainierazko era guztietako telebista kate andanari esker.
Interneteko edukiak erdaraz gozatuko dituzte, euskarazko edukiak mugatuak (eta ezezagunak) baitira oraindik ere. Udalak ez du egiten ahalegin berezirik, kultur eta aisialdiko euskarazko eskaintza duina izan dezagun herrian.
Tabernetan, gure kirol nazionala praktikatzeko egoitzetan, euskarazko musika erbesteratu zuten aspaldi, bakar batean izan ezik…
Baldintza horietan, ez dago ikastolarik haurrak euskaldunduko dituenik. Egin ere, gure haurrek eurok, ikastolako irakasleak erdaldundu ez dituztenean, gaitzerdi!
Helduon esku dago egoera hori iraularaztea. Benetan nahi dugu iraularazi, ala ustezko euskaltasun abertzalearen antzerkian murgilduta jarraitu nahiago dugu?
Artean gainbehera zozoan jarraituko dugu, ez haurrek, ez gazteek (helduok are gutxiago), euskara inor gutxik erabiltzen ez duelako ikastolara eramaten ditugun arren, “zeharo kezkatuta”.
Uff, Itzain, errealitate gordinaren zaplastekoa asteleheneko lehenengo orduan… Arrazoi osoa, gaitza orokorra da, eta oso zabalduta eta errotuta dago gure gizartean. Oso zaila dugu borroka hau, edo erabaki irmoak eta gogorrak hartzen dira, oraintxe bertan, gure erakunde publikoean, edo gureak egin du. Zabarkeria, utzikeria eta lasaikeria guztiz zabalduta daude inguruan. Dena ikastolen/eskolen esku uzten ari gara, eta haiek bakarrik ezin dute.
Euskaldunok jarrera ausartagoa eta konplexurik gabea erakusten ez dugun bitartean, jai dugu. Zergatik onartzen dugu, oraindik orain, ETB2-n euskaldunak espainolez aritzea? Atzo horrela aritu ziren Orioko ama-alabak, “Conquistador del fin del mundo”-ko arduradunek behartuta. Seguru aski elkarrekin espainolez aritu diren lehen aldia izango zen, ez zebiltzan oso eroso. Joan den astean, berriz, Peio Zabala eta Urko Aristi ere, tenporei buruz espainolez, Urkok berak zuzendutako Eguraldia saioan.
Ez al dugu ETB1ean espainolez entzuten? Ez al da Gorka Otxoa lasai aritu euskaraz ETB2n? Zertarako daude azpitituluak?
Oraindik batzuk Franco garaiko harrokeriaz dabiltza espainolez, eta oraindik besteok Franco garaiko konplexuz beteta gaude.
Bestalde, nik behintzat politikarienganako konfidantza guztia galduta daukat aspaldian. Gu geu oldartu behar gara, ozen hitz egin, ozen kexatu, aurpegia eman.
Hitz batean, inSUMISIOA. Edo Etxarrikoen erara, Insumisiyue!!!
Egin behar diren lanen artean, gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zait soziolinguistika-kultura minimo bat zabaltzea jendearen artean. Euskaldunek jakin behar due EZ DELA EZER GERTATZEN beren seme-alabek 5, 6, 7, 8… urterekin oraindik gaztelaniaz ez badakite, hori ez dela arazo bat. Jendea oso gaizki ulertzen ari da elebitasunaren kontua. Bi hizkuntzak batera eta maila berean ikastea dela uste dute, eta gauza bat argi dago: euskaldunen seme-alabek bi hizkuntzak maila beretsuan badakizkite, zein hizkuntza erabiliko dute erdaldunen edo bikote mistoen seme-alabekin elkartzen direnean? Are gehiago gaurko egunean, hitz egiten hasi baino lehen eskolaratzen direnean eta, horregatik, hitz egiten hasten diren unean beraien inguruko haurren artean erdara nagusi denean.