Ikastolak, pribatuak edo herriarenak?
Ikastolak, pribatuak edo herriarenak? –
EAEko Hezkuntza Legearen bueltan eskola publikoak itunpekoaren aldean hartu beharreko pisu berriak zer eztabaidaturik asko eman du. Titulartasunari dagokionean pribatuak, baina zerbitzu-eskaintza aldetik itunpekoak (eta hortaz, zerbitzu publikoa eskaintzen dutenak), diren horien guztien gainean iritzi bera eta bateratua egotea ez litzateke espero izateko Euskal Herrian; hor ditugu ikastetxe erlijiosoak, hor ditugu atzerri hizkuntza baten bati lotutako kutsu “elitista”ko eskolak, hor ere Ikastolen Saretik kanpoko ikastola berezi bakan baten batzuk, eta hor dugu, pisu handi-handi batekin, Ikastolen Sarea. Burgosera egingo bagenu, publiko eta pribatuaren arteko bitasunak askoz hobeto azalduko luke eskola-eskaintza jatorria eta bietako bakoitzaren bezeroen eremua gurean baino. Ikastolen ibilbide historikoaren errealitatea zintzo aintzat hartuta, kolpe bakar batez beroriek pribatu soiltzat jotzera nekez abiatuko ginateke. Klandestinitatetik egundaino iritsitako ikastolak gehien-gehienetan elkar harturiko herritar askoren esfortzutik sortuak izan ziren eta, sarri, herrietan oraindik bizirik zirauen auzolanaren indarraren bultzada ezinbestekoak ahalbidetuak. Herri antolatuaren ekimenak ugariak izan dira eta dira gure herrian, areago ere, gurean gero eta eskastuago den “euskal” delakoaren ezaugarri nagusi eta muinetako bat da, esango nuke nik. Denbora ez da alperrik igaro eta, ezin uka, urteak igaro ahala hastapenezko ekimen horietako asko endekatuz joan direnik. Zirrenik, gaurko egunean ikastolena ez da beti arrosa kolorekoa. “Ahal dutenen” eta “ezin dutenen” arteko bereizte edo segregazio horren larriak Hirugarren Sektorekotzat jo litezkeen ikastolen gainean hausnartzera eraman behar gaitu, argi eta klar, kritikoak izatera. Oso “gure herrikoa”k ziren ekimen horiexek, agian, akaso, gaurko egunean, eta eraldatuz joan diren aldetik, interes- eta botere-gune partikularrek zabaldutako pribilegio eremuetarako eman dute bide. Denetarik egongo da, argi, eta ezin uka, baina nago akats larri-larrira lerratuko ginatekeela baldin-eta jada hasteko eta behin pribatu (kapitalista) eta publikoren (estatala) artean agortuko bagenu gure gerorako eztabaidaren markoaren nondik-norainokoa.
Sare publikoaren eta pribatuaren arteko talka aspaldi zaharreko kontua dugu, eta urteak direla, eta gure hedabide eta egunkariak testigu, batekoak zein bestekoak erruki gabe aritu izan dira elkarren kontra. Azken urteetan elkarren artean izandako ezin konta ahala xextra ekar genezake hona. Horren erakusgarri-edo, dakardan 2017ko urriaren bueltan Steilas eta Ikastolen Elkartearen arteko sonatu harako hura. Hasteko, Steilasek zera leporatzen zien nagusiki ikastolei, interes propioen defentsan interes eta eskubide kolektiboen gainetik igarotzeko prest egotea. Arrapostu moduan, hona hemen zer zioen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk “Osagarri ez, osagai gara, Steilas” izenburupeko Garako artikuluan (2017ko urriak 28):
“Steilas eta ikastolen arteko desberdintasunik handiena sindikatuak eta guk publikotasunaren gainean dugun ikuspegia da. Hala, Steilasek egungo eskema du buruan, Frantziako eta Espainiako ereduetan oinarritua, administrazioaren titularitateko ikastetxeek soilik osatzen dutena, goitik beherako eskemarekin, ikastetxeen autonomia aitortu barik. Guk proposatzen dugun publikotasuna hezkuntza zerbitzu publikotik abiatutakoa da, sistema publiko-partekatu bat, horizontala, hezkuntza komunitatearen eta administrazioaren arteko elkarlanaren eta adostasunaren fruitua, ikastetxeen autonomian oinarritua; hots, Europako herrialde askotan dagoen eredu publikoa.”
Aipatu artikulu honek egoera baretu ez, eta, urtebete pasa igarota, azkenik eraso-erantzun gogor bati eman zion bide, eta, besteak beste ikastolek Sare publikoan “diluitu”-edo beharko luketela iradokita (Berria, 2018ko urriak 30):
“Eta gatozen orain benetan funtsezkoa den gaira, mamira: bada garaia publiko/pribatu sistema dual hau gainditzeko. Urteak daramatzagu esanez birpentsatu eta bideratu behar dugula gure gizartean eskuetatik joan zaigun ezohiko egoera hau. Eskaera egin nahi diogu Hezkuntza Sailari, alde batetik, publifikazio prozesu zabal eta eskuzabalak abian jartzeko, eta, bestetik, itunpeko ikastolei, kontzertatuak izateari utzi eta publiko bihur daitezen. Modu horretan, besteak beste, sare publikoak ez dituen gastuak aurreztu eta kuotak kobratzeari utzi egin ahal izango diote. Prozesu horren ondoren, askoz ere errazagoa izango zaigu, jendarte gisa, sare erlijiosoarekin zer egin dezakegun mahai gainean jartzea eta geldirik dagoen eztabaidari ekitea; izan ere, ikastolen sarearen presentzia errezela edo hesi bat bezalakoa baita egin beharrekoa den gogoeta horren aurrean. Zaindu eta eman diezaiogun lehentasuna publikoa denari. Denak publiko barruan gaudenean, denok hartuko dugu bere kalitatea zaintzearen ardura, elkarren arteko kezka eta ardura delako eta asko dugulako jokoan. Horren alde ari gara borrokatzen, duala izango ez den kalitatezko sistema publiko baten alde, denona eta denontzat”.
Egun segregazioa dugu kezka eta eztabaidagai. Zergatiko eta kausa-faktore zenbait ditu gertakari honek, baina, besteak beste, garrantzi handia duten Itunpeko zentroetan ordaintzen diren kuotak; izan ere, eurak ezean, diru-sarrera eskaseko familiek berdin-berdin egin lezakete baterako zein besterako hautua. Gorago aipatu ditudan liskar horien beraien baitan bazegoen auzi hori eztabaidan. Horren harira, Ikastolek, euren defentsan, zera adierazi zuten, Eusko Jaurlaritzak %34 igo beharko liekeela itundutakoan egoerari eutsi ahal izateko, eta gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari mesede egiten ziotela.
Finantziazioarena, dena den, eskaintza bat ala bestea emateko orduan, nola eman daitekeen, moduari dagokio. Problema hau, egia esatera, berdi-berdin zabal daiteke ikastolak ez diren gainontzeko itunpeko zentroetara. Alabaina, ikastolen kasuan, badirudi horien aldeko defentsa egiteko garrantzi handiagoko zergati kualitatibo bati heldu dakiokeela, herri ekimenez sortua izatea alegia. Honen harira, artikuluaren hasierara egingo dut atzera-salto; Sindikatuak, agian “inkontzienteki” eredu espainolaren erasanez, bitasunezko marko horretatik ezin aterata, ez al dira publikotasunaren gainean eredu hertsiegia maneiatzen ari? Teillituk bide hau urratzen du, eta publikotasunaren definizio berri baten alde egiten zuen, hezkuntza-sistema guztia barne hartuko lukeena, publiko-pribatua bitasunetik kanpo legokeena. Hartara, publikotasunak titulartasunarekin bainoago komunitatearekin eta berorri eskainitzako herri-zerbitzuarekin izango luke zerikusirik (“Hiri erronka, hiru aukera”, Berria, 2019ko uztailak 13):
“Publikotasun berri bat. «Ikastolak eta kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila» izenburua zuen UEUk antolatutako jardunaldiak. Publikotasun eredu berri bat ari gara aldarrikatzen ikastolak azken urte luzeetan, eta publikotasunaren definizio berri bat nahi dugu euskal hezkuntza sistemarentzako. Publikoa-pribatua edota estatua-merkatua dikotomiatik at, badago hirugarren bide bat, Euskal Herrian alor askotatik jorratu dena, horietako bat ikastolek, administrazioak bermatzen ez dituen alorretan komunitateak landu duena, herri ekimenez: proiektu komunitarioak. Horregatik, guk publikotasuna ez diogu titulartasunari lotzen, baizik eta komunitatearen logikari. Gizarte beharrei herriak erantzuten die. Azken finean, komunitateen logikatik datozen balioak instituzionalizatzean datza kooperatibismoa. Demokrazia sozialaren ikuspegi berritua dakarte kooperatibek. Horrelako mugimenduok gizartea beste era batera antolatzeko ezinbesteko baldintza gara. Horrela hezkuntza zerbitzu publikoaren kudeaketaren inguruko planteamendu berritua, planteatzen ari garena, ezin da hondar-aukera edo koiunturala izan, baizik eta gizarte zerbitzuen kudeaketa era berriak, deszentralizatuago, berritzaileago eta eraginkorragoak, ahalbidetuko dituen aukera bezala, sektore eta aktore berriak erabakien eremu publikoan sarraraziko dituena; horrekin, komunitate logikan oinarritutako mugimenduok bihar-etziko ongizatearen diseinu arrazionalago baten erdigunean lekua aurkitu behar dugu. Espazio hori merezi dugula uste dugu, eta horregatik eskatzen dugu legezko aitortza. Uste dugu, gainera, hezkuntzari gagozkiolarik, sistema osoarentzat onuragarria litzatekeela, ez soilik ikastolentzat”.
Ez dabil oker Tellitu, nire ustetan behintzat. Izan ere, “publiko” delako hori ulertzeko eran dago, nonbait, eztabaidaren gakoa, are eztabaida horixe eta berbera izan beharko ote lukeen galdera. Honen harrira, Mitxelko Urangak Bi munduen artean izenburuko liburu ezin gomendagarriagoan Fito Rodriguez eta Txapartegiren aipuak ondo eta egoki asko jasotzen ditu; azken hauen esanetan, “estatuak antolatzen hasi zirenean bilakatu zen “publiko” hitza estatuaren baliokide, hots, estatuaren tresna bilakatu zen publikotasuna…estatuak eskola publikoaz, estatalaz, baliatu izan dira nahi zuten hiritar-mota ekoizteko” (204. Or.). Oso egokiak ere Urangak jasotzen dituen Eduardo Apodakak Berrian honen harira egindako adierazpenak. Publikoa-estatua, batetik, eta, pribatua-merakatua, bestetik, bereizte soil hori eginez, estatuari ematen zaio existitu daitekeen eta ezin daitekeena ebazteko monopolio osozkoa (Berria, 2018ko azaroak 15):
“Estatuak beretzat hartzen du errealitate sozialek existitzerik duten, eta nola, erabakitzeko eskumena. Publikoa bakar-bakarrik izan daiteke estatu-ondarea dena, zehazkiago: estatuaren jabegoa dena. Publikoa, hots, herria, estatuarena da. Halakoa ez dena, pribatua. Eta horrela desagertu dena, hain zuzen, herria bera da. Herri izaterik ez duen jende pribatizatu eta pribatuak baino ez gara. Pribatua: besteei debekatua omen zena, azkenean guztioi debekatua bilakatu da ezinbestez, dena jabegoa, pribatua edo publikoa, baina jabegoa, nahi duen sisteman”.
Zer eztabaidatu luzerako eman beharko liguke honek guztiak. Aspaldiskotik jasotzen dute ikastolek “pribatuaren” ulerpen hertsiaren zama, alegia, soil-soil titulartasunarekin lotura daukana. Eta, egia esatera, bide horretarako atea jada zabal-zabalik dagoelarik, alper-alperrikakoak dira ondotiko balioespen guztiak. Behin ikastolak kolpe huts bakar patez pribatu soiltzat jota, hau da, teoria ekonomikotik kapital pilaketa batetik sortutako irabazi asmodun soziedade modukotzat jota, akabo herrigintza ikuspegi batetik egin litezkeen balizko edozein azterketa edota balioesteri. Txuri-beltzera jokatzea beti da bide txarra, baita, herri-ekimenak Euskal Herrian ugaritu direlako aitzakian, beste muturrera joateko ere. Gure euskal nortasunetik, publikoak ez direnak, baina, pribatutik sortuak izanik ere, herriarenak diren ezin konta ahala ekimenen lekukoak gara (hala nola, AEK, Kotseilua, UEU,…), baina, hau horrela ere, ezin diogu denari gure ezin dudatuzko onespena eman aurretik zer dagoen ikusi gabe, eta zer-nola egiten diren gauzak ikusi gabe. Goazen beldurrik gabe ikastolak euskal herrigintzaren galbahetik pasatzera, goazen horretara, beldurrik gabe, baina betiere goazen geuretik pentsatzera.
Ikastolak, pribatuak edo herriarenak?
Igor, zergatik horrelako manipulazioa? Aipatzen dituzun Steilasen hitzak, ez dira Steilasenak. Eskola Publikoaren aldeko plataformarena baizik. LAB, Tellituren sindikatua, plataformako kide zen eta LABen.oneritziarekin argitaratu zen.
Ikastolek erantzuten dioten iritzi artikulua Steilasek idatzi zuen 0/3 etaparen pribatizazioa salatzeko, Ikastolak aipatu gabe!
Kaixot Aitor,
Ados diozunarekin. Edozein kasutan, ez zegoen nire asmoen artean inongo manipulaziotan sartu asmorik.
Izan ere, sorturiko bi posturen arteko poloak erakutsian jartzea zen nire asmoa. Dena den, nik ez diot erantzuna Steilasena denik. Egia da, “erantzun” moduan jarri dudala, eta hortaz konfusiorako anbigotasuna (“Aipatu artikulu honek egoera baretu ez, eta, urtebete pasa igarota, azkenik eraso-erantzun gogor bati eman zion bide, eta, besteak beste ikastolek Sare publikoan “diluitu”-edo beharko luketela iradokita (Berria, 2018ko urriak 30). Erantzuna jartzen nuen giro bero horren baitan sortutako justu beste muturreko jarrera gisa. Baina, arrazoia zurea; nire aldetik oso abigoa eta horregatik, barka.
Dena dena, bihoa aurretik, nire benetako asmoa zera dela, elkarren kontrako bi muturreko jarrerak erakutsian ondo jarri. Besterik gabe.
Mila esker zure komentarioagatik
Ez da gehiegi idatzi behar egia esateko: Ikastolak pribatuak dira eta euskara salbu dago gaur egun eskola publikoekin. Zerbitzu publikoak eskaintzeak ez du diru publikoa jasotzeko argudiorik, zeren eta garraioak, merkataritza negozioak eta hainbat erakunde eta instituzio pribatuek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, inolako laguntza publikorik jaso gabe. Diru publikoak jasotzen duenak publikoa behar du izan.
Euskal gizarteko ekimen asko eta asko pikutara.
Pena, pixkanaka gureak egina duela gero eta gehiago. Pena
1)Julenen ikuspuntua da hain justu, artikuluan ondo adierazita dagoen bezala, Steilas, eta hanbait sindikatuk defendatzen dutena. Postura oso zilegia, baina publikoa jabetzarekin lotzen duen ikuspegia.
Nire ustetan oso ikuspegi murritza, are gehiago gure euskal gizartea ezagutua. Igorrek dioen moduan, akabo ez dakit zenbat eta zenbat ekimen, elkarte, fundazio, auzolana. Akabo AEK, akabo UEU…
2)Paradigma berri hau ez zen oso gurea orain arte eta kanpotik geureganatua da, beste hainbat gauza bezala.
3) Azkenik: ez dakit Julenek ikastolen kasuari bakarrik egiten dion erreferentzia edo oro har ari den ze…bi argudio-lerro nahasten ditu: batetik paradigma ez-euskalduna (pribatutasun ulerpen bakarra=kapitalista), eta bestetik, Eskola Publikoan euskara badagoela bermatua. Ez nago batere ados bigarren honekin, inondik ere. Bermatua? Jajaja. D eredua dutelako. Guztiz kontra. Dena den hala balitz, Nafarroan ikastolak bai? Eta Iparraladen? Edo hor ere, pribatutasunaren zureikuspegi murritzari heltzen diozu.Baaa
Inolako diru-laguntzarik gabe? Esadazu, faborez, zer enpresak, auzokide taldek, txirrindulari taldek eta majara taldek ez duen diru-laguntzarik jasotzen, eta ez zait gaizki iruditzen. Laburtu beharrez: gerok eskola publikoaren alde egin genuen, ez Euskadin. Ikastolak herriak sortu zituen. Publikoa espainola da, arauz eta izatez.
Gezurra esateko ere, hitz gutxi aski:
“Ikastolak pribatuak dira eta euskara salbu dago gaur egun eskola publikoekin”.
Eta hobe hitz gutxi, zeren eta, bestela, baieztapen horiek hutsal baino hutsalagoak baitira. Ikastolak kooperatibak dira, eta kooperatiboak; ez dira jabe batenak. Ez dira pribatuak; egitura konplexuagoa da eta sinplekeria da lehenengo baieztapen hori. Gaia aztertuta, ez litzateke ondorio hori aterako.
Beste baieztapena… horrek ez du ez hanka eta ez buru, “ikastolekin” ere, hizkuntza ez baitago salbu…