Ikastolak

Ikastolak –

Josu Txapartegi Aramendik Naiz atarian.

IkastolakAzken aldian, ikastolei buruz irakurri ditudan iritzien artean, honakoan sakondu nahiko nuke: «Ikastolak sortu ziren euskara salbatzeko, batez ere, nahiz eta egia den frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela».

Zertarako sortu ziren ikastolak? Noski, euskara salbatzeko sortu ziren ikastolak. Baina helburu hori oinarrizko beste helburu batzuekin batera ikusi gabe oso motz gelditzen da.

– Euskal kultura eta euskal nortasuna berriro pizten hasteko intentzioa jaiotzatik bertatik presente zegoen. Eredu nazional bat deitu daitekeena, Euskal Herria osotasunean hartzen zuena.

– Horrekin batera hezkuntza eredu berri bat ernaldu nahi zen, eredu demokratikoa. Eredu demokratikoa diot, nahiz eta badakidan borroka ugari izan zirela ikastoletan. Demokraziak ez ditu kontraesanak itzaltzen edo ezabatzen, kontraesanak antzeko baliabideekin borrokatzeko parada eskain lezake gehienez.

– Belaunaldi berrientzat euskarazko gune akademiko formalizatuak sortzeko ahalegina ere hasieratik presente egon zen. Pedagogia eta metodologia eguneratu bat, eta ikas-materiala sortzea izan zen hasiera bertatik intentzio finko bat.

Guztia kontuan, «euskara salbatzeko» baino Euskal Herria bera salbatzeko ahalegina gehiago izan zela esan daiteke.

Zer bilakatu ziren ikastolak?

Noski frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela. Baina horrekin batera azpimarratzekoak dira beste hauek ere.

– Hezkuntza sistemaren monopolioa zuten estatuen eta erlijioen aurrean alternatiba berri bat eraiki zuten. Herritarrek behetik gora eratua. Eredu herrikoia, gizartekoia, autogestionatua.

– Gauzak egiteko estilo eta modu berezia erabili zen, gurasoak eta irakasleak elkarrekin, jendearen eta herriko elkarteen laguntzarekin… denen artean proiektua bultzatuz. Elkarrekiko konfiantza landu zen horrela.

– Ekintzaile bihurtu ziren milaka euskaldun. Denentzako zegoen tokia, borondatezko lan sozialak abiada handia hartu zuen, jendea ahalduntzea bultzatuz, eskema organizatibo berriak ezarriz zentroetan, batzarrak, lan-taldeak… antolamendu horizontalak bultzatuz.

– Baita ere heziketaren kalitatea bermatu nahi izan zen, beste herrialdeetako esperientzien ezagutza, adituen ekarpenak… Inguruan ongi errotzea bilatzen zen, komunitatearekiko lotura. Horretarako irakasleen finkapena bultzatuz.

Batzuk diote aurreko guztia orain zentro publikoek ederki ordezkatzen dutela eta ikastolen aportazioa jada ez dela beharrezkoa. Nire iritzian, haserako ildo herritar hura jarraitzen duten bitartean ikastolak beharrezkoak izaten jarraitzen dutela deritzot. Eta etorkizunerako soluzio onena dela lege berrian txertatu ahal izatea ikastolen historia herritar guzti hori, esperientzia aberats hori.

Ikastolak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Ikastolak”-ri buruz

  • Ikastolak beharrezkoak izaten jarraitzen duten? Litekeena da, ondo azaldu duzun moduan, ekarpen handia egin zutelako eta ustez egiten jarraitzen dutelako. Hala ere, salbuespenak salbuespen, koantuan hartu behar dira publikoaren eta itunpeko zentroen artean dauden desberdintasun sozioekonomikoak. Zentzu horretan, testuinguru berrietara egokitzeko momentu da. Horretarako, argi dago proiektu jakin bat aurrera eramateko oinarriak jartzea beharrezkoa dela. Baina, aldi berean, ezin da premiadun zentro ahulak edo pobreak sortzen utzi eta gizarte-desberdintasunak handitzen lagundu.

    Nola uztartzen da hori? Nik ez dakit baina argi daukat ezin dela bata (ikastola) bestearekin (publikoa) alderatu, ezberdinak baitira, bai onerako, bai txarrerako. Publikoa askotarikoa da eta hori da bere indargunea. Proiektu jakin baten defentsa da ikastolen indargunea.

  • Mikel Haranburu 2022-08-10 14:52

    Nik ere errespetuz, akats logiko sakon bat egin duzula esan nahi nizuke: Desberdintasun sozioekonomikoak egotea ikastolen eta eskola publikoen arteko desorekan eragin dezake, baina ez alderantziz. Ikastoletara jotzeak ez dakar gizarte-desberdintasunik haditzea. Desberdintasunik ez dagoelarik, edonork erabakitzen ahal du nora jo.
    Bestalde, eta zeinahi den ikastolen indargunea, argi asko dago euskal irakaskuntza abiatzea, sustatzea eta indartzea, sozioekonomikoki ahaltsu ziren sektoreek egin zutela, ezinbestez, baina ikastolek ez diotela inori atea itxi parametro ekonomikoengatik. Ikastetxe edo irakaskuntza eredua baliagarria bada, indarguneak indargune, guztiek aukera izan behar lukete asrtzeko, eta ez soilik publikora. Kar, kar, paradoxikoki, ikastolei diru gehiago bideratzeak ekar lezake sarbide errazagoa besterentzat.
    Azkenik, zein ikaskuntza sistematara jotzen duen batek ez du besterik gabe adierazten zein den maila sozioekonomikoa. Hots, kasuan kasuan, batek garagardotan gasta dezake dirua, eta beste batek seme-alaben ikasketetan.
    Dena den, ikastolak beharrezkoak dira, baldin eta zertarakoak baditugu; sistemen homologazio ideologiko hutsa baldin bada zertarako hori, ez ditugu behar. Artikuan azaltzen diren xedeak baldin baditugu, ikastolak, euskal unibertsitatea, aisia zerbitzuak, kirol sistema eta beste hamaika gauza behar dugu. Baita kiroletako euskal selekzioak ere.

  • Ikastolen mugimendua sortu zen momentu historikotik hona, egoera larregi ez da aldatu. Bizi izan genuen, (eta genuen azpimarratu nahi dut), une politiko bat, non euskararen erabilera gailentzen zegoela zirudien, baina orain berriro, gainbeheran dago. Euskal eremuak bere autonomia izan dezan gure jatorria, nondik norakoakl, erizpideak, funtsak, eta abar, azalarazteko funtsezkoa da, eta hori, estatu espainiarrean menpe dagoen eskola publikoak, ezin du burutu. Horregatik, hain zuzen ere, ikastolak inoiz baino beharrezkoagoa ditugu.

  • Ikastolek jai daukate euskararekiko atxikimendurik ez duten familia eta irakasleekin.

    Alde batetik irakasle belaunaldi berria, batez ere ikastolan euskara ikasi duen eremu erdalduneko irakaslea. Irakasle mota honentzat euskara lan-hizkuntza besterik ez da, beraz, ez du lan-eremutik at euskara erabiltzen.

    “Ba omen da irakasle mota bat ikastoletara iristen ari dena. Oso prestatua ikusiko duzu gai desberdinetan, baina ez eskatu hari euskararen errekuperazioan saiatzea; apolitikoa da, ez da saiatzen aldarrikapenen eremuan. Ikusten du haurrek, gela utzi orduko, euskara normaltasun osoz alboratzen dutela, baina horrek ez dio kezka berezirik sortzen, ez baita bere egitekoa. Irakasle mota hori da, euskararen errekuperazio bidean, ikastolek gutxien behar duten irakaslea” Josu Txapartegi.

    Bestetik, seme-alabak ikastolan matrikulatzeko garaian euskarari lehentasunik ematen ez dioten familiak daude. Hauek ikastola herrian dagoen zentroa delako (erosotasuna) edo ikasle mota jakin bat hara joaten delako hautatzen dute. Familia mota honek ez dio inolako garrantziarik ematen euskarari, bere seme-alabek ez dituzte, besteak beste, euskarazko marrazki bizidunik edo filmak ikusiko, ezta liburuak edo komikiak irakurriko.
    Familia mota honen jarrera haien haurren jarreran islatzen da (etxeko axolagabekeriatik hezkuntzaren derrigortasunak sortzen duen hizkuntzaren gorrotora) eta horrek benetan euskaldundu nahi den familiaren seme-alabetan eragina du.

    Hori da, nire aburuz, ikastolek gaur egun duten arazo nagusia.