III. KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza beka
III. KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza beka –
KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako III. Beka aurkeztu dugu, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK), Ane Elordi Alburquerque, KORRIKAren arduradun nagusia, Lurdes Etxezarreta Artabe, AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea, eta aurreko beka irabazleak ere bertan izan dira: Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktoreak. KAKA proiektua izan zen aurreko deialdiko irabazlea, eta obra hori izango da hurrengo Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia. Horren gaineko zertzelada batzuk elkarbanatuko dituzte.
Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 25. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean, hain zuzen. Proposamenak 2025eko apirilaren 4tik 2025eko urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.
Euskal kultura babestu eta sustatzea helburu duen KORRIKA-AEK bekaren III. deialdia aurkeztu dugu gaur goizean Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Bertan izan dira Lurdes Etxezarreta, AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea, Ane Elordi, Korrika arduraduna, eta aurreko deialdian irabazle izandako proiektuko partaideak, Erika olaizola eta Xanti Agirrezabala.
AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat saritzen du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat zuzendua da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea: “Beka honen bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu: Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea”, adierazi du Etxezarretak. Dagoeneko zabalik dago proposamenak jasotzeko epea: gaurtik hasita 2025eko urriaren 31 arte.
Korrika Kulturala
Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri du: “Edozeinek kontsulta katalogotzat erabili dezake, eta bertan ehundik gora kultur arloko egitasmo bildu ditugu, eta asko badira ere, gehiago ere egon daitezke. Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen. Bertan topatuko dute harremanetarako helbidea.
Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik: “Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak –batez ere– zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan”.
LURDES ETXEZARRETA:
Horrela laburbildu daiteke AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Eta hori horrela izan dadin, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta elkarlotzea.
Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia, beraz, eta helburu hori lortzeari begira beharrezkoa da horretarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Baina kontziente gara eremu horiek ez direla bat-batean lortuko, progresiboki lortu beharko direla. Ahalegin horretan ari gara, hain zuzen ere, AEKn, gure eguneroko jardunean.
Sorkuntzaz, euskal kulturaz eta euskal sortzaileez hitz egiteko eguna da gaur. Duela pare bat aste 7Kn Ødei euskal raperoari egindako elkarrizketa bat irakurri nuen, eta esaldi batekin geratu nintzen. “Kultura gutxitu bat sistemaren parametroetan lehiatu daiteke bere buruari kalte egin gabe?” galdetu zioten, azken aldiko kontzertu handien harira. Bere erantzunaren zati bat irakurriko dizuet: “Oasiaren kultura da nagusi. Gauza bera gertatzen da Korrikarekin, Herri Urratsekin… Oasiak sortzen ditugu, urte osoko desertuei ez heltzeko”. Korrika bera, kontziente gara, bi urtero behin hamabost egunez amesten dugu Euskal Herria alaia, berdinzalea era euskalduna irudikatzen duen oasia da. Guk, AEKk, kontziente garenez gero, Korrika den oasi horren indarra eta ekarpen ekonomikoa baliatzen ditugu egunero eskolak emateko, praktika jarduerak egiteko, ekitaldiak antolatzeko… Alegia: Ødeik aipatzen duen urte osoko desertua oasi txikiz betetzen saiatzen gara. Arestian aipatu bezala, badakigu euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta elkarlotzea ez dugula bat-batean lortuko, eta, beraz, gure oasiez baliatu behar dugula, apurka-apurka bada ere, basamortua ureztatzeko.
Horixe da, hain zuzen ere, gaur aurkeztuko dizuegun KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako Beka. Oasi handi batetik ateratako ura, oasi txiki asko sortzeko asmoz emana. Euskal kultura bultzatzea eta euskara gizartearen esparru guztietara eramatea beti izan dira AEKren helburuak. Euskal kulturarekiko AEKren konpromisoa hamaika egitasmo eta ekitalditan gauzatu da orain arte. Baita Korrikan ere.Korrika, euskararen aldeko ekitaldi erraldoia izateaz gain, AEKrentzako diru baliabideak lortzeko bidea ere bada. Korrika dela-eta, jendartearengana jo behar izaten dugu, eta jendarteak beti eskuzabaltasun handiz hartu ditu AEKren eskariak, euskara berreskuratu ahal izateko AEKren lana funtsezkoa dela jakin badakielako. Dena dela, beti pentsatu dugu egokia eta bidezkoa dela Korrikari esker lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea, eta filosofia horrekin abiatu izan ditugu hainbat proiektu. Gaur aurkeztuko dugun Beka hau, adibidez.
Beka honen bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu: Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea.
ANE ELORDI:
Lurdesek esan bezala, KORRIKA-AEK kultur sorkuntza bekaren III. Deialdia aurkeztu nahi dizuegu gaur. Euskara eta euskal kultura bultzatzeko xedez, AEK-k eta Korrikak beka hau jarri genuen abian duela bi edizio.
Aurreko ikasturtean, KAKA lanak eskuratu zuen beka, eta, hala, obra hori izango da hurrengo Korrika kulturaleko ekintza nagusia. Eta horretarako, gurekin ditugu proiektu horren partaide diren Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola.
Korrika kulturala aipatu dut, eta zalantzarik gabe, edizioz edizio, handiagotuz doan eskaintza antolatzen eta zabaltzen ari gara. Korrikak ez duelako euskara soilik lasterketak irauten duen bitartean bultzatzen, eta ikasturte osoa zipriztintzen du bere koloreekin. Euskaraz bizi ahal izateko aukerak anitzak dira, eta gure hizkuntzan kultura kontsumitzeko nahi, behar eta eskubideaz jabetuta gaude Korrikan.
Orain arte, eskualdeetako programazioak osatzeko, MENUA izan dugu. Korrika webgunean duzue dagoeneko ikusgai, eskaintza osoa eta disziplina guztiak modu errazean topatzeko. Hemendik, gonbita luzatu nahi diegu euskal kulturako artista eta sortzaileei menura batu daitezen.
Atzean dudan pantailan duzue ikusgai, Korrika webguneko “Kulturala” atalean. Bertan, menuaren parte izateko harremanetarako kontaktua topatuko duzue, eta egun, Korrika Kulturala osatzen duten artistak eta taldeak.
Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatzen dugu. Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak – batez ere – zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan.
Amaitzeko, kulturarekin zerikusi zuzena duen euskara eta Korrikaren gaineko dokumentala ekoizten ari garela gogorarazi nahi dugu, eta horretarako, apirilaren 25era arte luzatuko den Jalgi Hadi crowdfunding kanpaina ari gara aurrera eramaten, zeinak 30.000 euroko gutxieneko finantzazioa behar duen. Dagoeneko 18.184 euro lortu dugu. AEK-KORRIKAtik, gure esker ona adierazi nahi diogu euskal jendarteari.