III. Klasikoen irakurtaldi etenik gabea – Jon Miranderen "Haur besoetakoa"
Duela bi urte Axularren Gero, iaz Mogelen Peru Abarca eta aurten Jon Miranderen Haur besoetakoa. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua, klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia, betetzen ari garelako.
Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi eta XX. mendera iritsi gara. Bi jauzi izan dira, ehun eta hirurogei urte ingurukoa bakoitza, euskal literaturaren historian barrena.
*Gero (1643)
*Peru Abarca (1802)
*Haur besoetakoa (1959)
Izan ere horixe zen lehendabiziko hiru irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren “lehen aroa” betea dela esan dezakegu. Datorren urtean, irizpidez aldatu beharrean gara, ezinbestez.
Baliteke, orduan, XVI-XVII. mendera bueltatu eta berriz hastea; beste liburu batekin, noski. Baina, gerokoak geroko utzi, eta gatozen aurtengo irakurgaiaz hitz egitera; Jon Miranderen Haur besoetakoaz, alegia.
Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1959an idatzi eta 1970ean argitaratutako nobela bat, Haur besoetakoaren kasua, hain zuzen, klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Jon Miranderen liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.