Ideia berritzaileak
Laster hasiko dira eraikitzen Gipuzkoako kartzela berria, Zubietan, errauste plantaren aldamenean. Eta hortxe altxatuko dira industrialde bat eta Loiolako kuarteleko militarrentzako egoitza berria ere. Kasualitatea ote da errauste plantaren aldamenean eraikitzea horiek denak? Ez du itxurarik.
Errauste plantaren aldamenean etxebizitzak eraikitzeak negozio txarra ematen du; higiezinen agente abila beharko du izan hor bizitza bat saldu nahi duenak. Aldiz, kartzela bat, edo militarren egoitza, edo lantokiak, bezero egokiak izan litezke errauste planta batentzat. Ez soilik hark ekoizten duen energia erosteko, baita hark ekoizten duen beroa erosteko ere. Beroan baitago gakoa; hondakinak erretzetik sor litekeen eta sal litekeen bero horretan, alegia.
«Sortutako energia (erabat edo zati batean) bero gisa erabiltzen duen [errauste] plantak R1 handiagoa izango du». Jörg Eckardt ESWET European Suppliers of waste to Energy Technology erakundeko kideak, 2010eko ekainean, Amsterdamen argitu zuen arazoa, Bihurtu energia zure zaborra!(1) izenburuko hitzaldian. Oraindik eta argigarriagoak dira Ella Stengler CEWEP(2) Hondakinak Energia Bihurtzeko Europako Planten Konfederazioko zuzendari kudeatzailearen hitzak:
«Nahiz eta Wien ez dagoen Europako hegoaldean, askotan aipatzen da Spittelauko errauste planta; hurbil duen ospitale bat beroz eta elektrizitatez hornitzen du, efizientzia altua eskuratuz. Baina errauste planta guztiek ez daukate hornitu dezaketen ospitale bat aldamenean. Energia berreskuratzeko estatusak pizgarriak emango dizkie, etorkizunean, energia kontsumitzaileengandik gertu kokatutako errauste plantei. »Dagoeneko existitzen diren plantentzat, beharrezkoa izango da kontsumitzaile potentzialak aurkitzea, eta errauste plantaren ondora erakartzea. Errauste plantetako ur-lurruna erabiliko luketen industria kontsumitzaileak idealak dira. Egiaz, ideia berritzaileak sortuko dira etorkizun hurbilean».
Zer gertatzen zaie elektrizitatea besterik sortzen ez duten errauste plantei? Efizientzia energetiko txikiagoa aitortzen zaiela. Aldiz, beroa ere sortu eta saltzeko gaitasuna duten errauste plantek efizientzia energetiko handiagoa dute, Europako Batzordearen arabera. Eckardtek aipu duen R1 formula horrekin kalkulatzen da errauste planten efizientzia energetikoa: kopuru batetik gora ematen badute, R1 maila aitortzen zaie; ez badira iristen, D10 maila ematen diete. Eta zer alde dago R1 eta D10 mailen artean? R1 errauste plantek hondakinak balioztatu egiten dituztela zehazten du Europako Batasunak; D10 errauste plantek, berriz, hondakinak ezabatu egiten dituzte ? Europako Batzordearen terminologian esateko, kokatu egiten dituzte hondakinak (disposal, ingelesez)?
Aldea nabarmena da: errauste planta batzuek hondakinak balioztatu egiten dituzte, eta beste batzuek ezabatu; errauste planta guztiek ez dituzte «hondakinak balioztatzen», hortaz. Ez da huskeria. Hondakinak, zabortegira botata baino, hobeto daude erreta; hori da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek askotan errepikatu dutena, eta ISR fundazioko kideek zabaltzen dutena. Eta baieztatzen dute, errauste plantarekin, eskailera maila bat igoko dela hondakinen kudeaketa ereduan.
Errausketa, zergatik da hobea, ordea? Errauste plantek ingurumenarentzat kutsakorrak eta osasunarentzat arriskutsuak diren gaiak sortzen badituzte, zergatik da hobea hondakinak erretzea, zabortegietara botatzea baino?
Europako Batzordeak hondakinen kudeaketarako ezarria duen prozeduren hierarkia gogoratu behar da horretarako: prebenitzea; berrerabiltzea; materialak berreskuratzea («balioztatze materiala»); energia berreskuratzea («balioztatze energetikoa»); eta ezabatzea (disposal).
Eskailera horrek dituen bost mailetatik, ezabatzea da hondakinen kudeaketarako prozedura okerrena, eta energia berreskuratzea azkenaurreko aukera da. Hondakinak ezabatzea kategorian, hierarkiaren azken mailan, zabortegiak daude; baina baita efizientzia energetiko nahikoa lortzen ez duten errauste plantak ere. Europako Batasunak ebatzi du, errauste plantentzat, energia sortze hutsa ez dela aski automatikoki «balioztatze energetikoa» kategorian sartzeko. Alegia, errauste plantek estandar batzuk bete behar dituztela, beren jarduera zabortegietakoa baino hobea dela onartzeko.
—————————————–
(1) Energise your waste!, jatorrizko ingelesez.
(2) Confederation of European Waste-to-Energy Plants, jatorrizko ingelesez.
http://credit-n.ru/zaymyi-next.html