Idazlea bere bakardadean
Idazleak bere bakardadean osatzen ditu lerro artezak, harmoniatsu leitzen ditugunak. Minutu asko, ordu asko, egun asko ezinbestekoak dira guri naturalak iruditzen zaizkigun esaldiak ehuntzeko. Izan ere, jostari ona izan behar du idazleak haria zulo zuzenetik pasarazteko, soinekoaren besoa motz geratuko den beldurrez edo botoi erdi eroria horrek soineko osoaren itxura lohituko duelako izenak, aditzak eta izenordeak behin eta berriz maisuki mugituz, irutako sarea begikolpez polita eta zentzuzkoa antzeman arte. Izan ere, zaila izaten da barruan gordeta daramagun “zera hori” azalarazten, are eta konplikatuago “zera horri” izenak, aditzak eta izenordeak eman behar zaizkionean, bada, hautatzen diren hitzak ez dira nolanahikoak izaten; baizik eta egokienak, zuzenenak, politenak; irakurleari segidan datorren lerroa leitzeko gogoa emango dioten esaldiak izkiriatu behar dituelako idazleak bere bakardadean.
Izan ere, setati imajinatzen ditut idazleak orri zuriaren aurrean: flexoaren argipean bakar-bakarrik barruko zirimola azaltzeko hitzak banan-banan aukeratuz; metafora, deskribapen eta baieztapen perfektuen xerka; inoiz idatzi ez diren lerroak idazteko asmoz eta zuri geure munduari heltzeko modu bat ere marraztuz. Hitz bitan, elkarrizketa bat da idaztea: neure burua eta biok solasean; ni eta biok hitz eta pitz, ni eta besteok ere bai.
— Nola esaten da “herrimina” portugesez?– galdetu egin nion aurrekoan idazten duen lagun bati.
– ‘Saudade’ esaten da – erantzun zidan zigarroa ahotik kendu barik.
Saudadea arintzeko idazten da. Edo saudadea asmatzeko. Edo saudadearekin jolasteko. Edo saudaderik ez dagoelako. Zaila da explikatzen zergatik idazten dugun idazten dugunok, zergatik ematen ditugun hainbeste ordu orri zuri baten aurrean hitzekin jolasean; munduak geure ekarpena behar balu bezala. Baina miresten ditut bizimodu bakarti horri eusten diotenak; horregatik miresten zaitutet eta idazten dizuet orri zuriotan. Aitor dezagun, bada, lerro artezak osatzea bizimodu bat dela; geure buruarekin pairatzen dugun zorakeri bat dela; geure munduari ihes egiteko ere xenda bat dela. Isil-isilik imajinatzen zaituztet bakardadean, orri zuria eta hiztegiarekin borrokan su-etena lortu arte; hitz egokiak idatzi arte, hitz egokirik badago betiere.
Presencia Vasco saiorako osatutako ipuina