Ibon Egaña, liburu denda berriak, Izua hemen eta Joseba Sarrionandia

Ibon Egaña

Anitzetan entzun dugu euskal literaturaren ajeetako bat dela kritikaren falta, kritikaren eskasia. Literatura txikia izaki, zaila omen da kritikagintzara modu zorrotz eta jarraian jarduten duten lagunak topatzea. Ibon Egañak, egungo kritikari nabarmenetako batek, liburu bat idatzi du hain justu azken hogeita hamar urteetako hedabideetako euskal literatur kritika aztertuz. Izan gabe denaz izenburua du eta Utriusque Vasconiae argitaletxeak eman du argitara. Egin al du aurrera kritikagintzak? Zein ote zen haren egoera 80etan eta zein orain? Garapenik izan al du estilo, metodo eta abarretan? Literatur kritikariaren funtzioa aztertzeaz gain, bada, bere baitako eztabaida eta koordenada nagusiak aletu ditu liburu mardul horretan. Euskal kritikaren inguruko solasaldia edukitzeko parada izango dugu Egañarekin, honenbestez, aste honetako saioan.

Erreportajean azken aldian sortutako liburu denda berrietako bi izango ditugu gurekin, Donostiako Garoa eta Iruñeako Katakrak. Biok, ordea, ez dira liburu-denda eredu berri zabal baten adibide baino. Ze funtzio bete ote dute liburu dendek historian? Liburu saltoki huts izan ote dira? Eta, orain, argitaletxeen krisiaz entzuten ditugun oihartzunei jarraiki, bideragarriak ote dira liburu dendak? Hala balira, nola dira bideragarri? Aipatutako dendetako arduradun banaren iritziak ezagutuko ditugu.

Beñat Sarasolak Pott bandako kideetako baten nobela bat ekarriko digu, Joxemari Iturralderen Izua hemen. Trilogia bateko lehen alea izan zen hura, eta 36ko gerratik Frankoren heriotza arteko garaian dago kokatua, Finlandian lekututako jeltzale bat duela protagonista.

Joseba Sarrionandiaren elkarrizketaren azkeneko zatiarekin amaituko dugu saioa. Hondarreko horretan gure herriarenak izango ditu hizpide batik bat. Nola ikusten ote du Euskal Herria?

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.