Iban Etxezaharreta: “Gaur zeinbaitzuek jasaten ahal dituzten bazterketak euskaldunek ere bizi izan dituzte”

Iban Etxezaharreta –

Andrea Ibarra KAZETAn.


Ameriketara joan zen Iban Etxezaharreta, eta handik itzuli zen hamar kapituluko podcast baterako materialarekin. Urriarekin hedatu du euskal diasporaren alde historiko, kultural eta politikoa jorratzen dituen entzungaia, xede batekin: Ameriketan bizi diren euskaldunak direna euren bozetik ezagutzea.

Iban Etxezaharreta
Euskal diaspora ikertuz, honi buruz diren ideia finkatuak galdezkatu nahi ditu kazetariak. (Patxi BELTZAIZ)

Lau urtean behineko legez, 2024 honetako azaroaren 5an iraganen dira Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialak. Horren bezperetan, Ameriketan finkatu diren euskaldunen egiazko nortasuna ezagutaraztera dator Il était une fois les Basques d’Amérique [Bazen behin Ameriketako euskaldunak] podcasta. Urri honetaz geroztik France Bleuko uhinetan hedatua, irrati horretako kazetari den Iban Etxezaharretak euskal diasporari buzuko topikoak deseraiki asmo ditu. Horretarako, Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en (CBS) atzeman ditu solaskideak.

Zerk bultzatu zaitu Ameriketako Estatu Batuetako euskaldunei buruzko podcast bilduma egitera?

Gauza anitz entzuten da euskal migrazioari buruz eta, batez ere, Ameriketako euskaldunei buruz. Diskurtso gehienek nardatzen eta kexatzen naute. Bi diskurtso nagusi badituzu: miserabilistak, biktimistak, batzuk ere konplot bat ikusten, Euskal Herria galtzeko antolatua den zerbait bezala; edo alrebes, populistak, «euskaldunak zein onak garen!» esaten dutenak, langileak, lealak, abentureroak, mundu guztian zabalduak, lehenak munduaren itzulia egiten… Soziologo batek hori zion, maiz kulturari edo populuei buruzko diskurtsoak bi polo horien artean kokatzen zirela, eta Ameriketako euskaldunei buruz, gauza bera. Diskurtso horietatik atera eta zertaz ari garen baieztatu nahi nuen.

Nola gauzatu duzu nahi hori?

Lagun batek, Argitxu Camus-Etxekoparrek, proposatu zidan berarekin joatea Ameriketara. Fenomeno horietan aditua da eta beka bat eskuratu zuen hilabete batez Renoko Unibertsitatean egoteko. Berari esker ukan dut aukera gaur egun euskal munduan murgidua den jendea ezagutzeko: hainbat euskal etxetan sartu ahal izan naiz eta euskal jatorriak dituzten familietara hurbildu. 25 bat elkarrizketa dira eta aldi oro saiatzen naiz kontrapuntu bat hartzen, izan erlijioari, euskaldunen kalitateei, edo euskal artzainen familiari buruz.

Pocastak euskal diasporari begirada berri bat eskaintzen dio, artzain bakartiaren mito klasikotik urrunduz.

Nik ere sorpresa batzuk izan ditut. Lehenbiziko gauza da amerikanoak direla, edozein beste amerikano bezala. Bizitzeko, definitzeko maneran. Beste sorpresa bat izan da edari euskaldun baten asmakizuna, koktel bat, picon edariarekin egiten dena.

Ohartzen naiz, oro har, aipatzen ditugularik Ameriketako euskaldunak, badela mirail efektu bat. Ukan ditzaketen galderen berdintsuak ditugu hemen: zer da euskalduna izatea? Zein da euskal tradizioa? Zeintzuk dira praktikak, nondik jinak?

Iban Etxezaharreta
Elkarrizketatu dituen pertsonetako hainbat.

Estatu Batuetan bizi diren euskaldunek diskriminazio garaiak igaro dituzte, izen ona lortu aitzin. Nola eragin du historia horrek euskaldunen gaur egungo irudian?

Gaur egun hainbeste aipatzen diren migrazio fenomenoak begi bistan ditugu hor. Gaur zeinbaitzuek jasaten ahal dituzten bazterketak euskaldunek ere bizi izan dituzte. Edo alrebes, euskaldunak izan daitezke biziki arrazistak beste immigrazioei begira. Gaiak gaurkotasuna badu, gertatzen ari diren fenomenoei begira.

Azkenean, gertatzen da munduko parte anitzetan gertatzen dena. Migrazioak, bigarren edo hirugarren belaunaldietan, goraipatuak izan daitezke. Har dezagun Frantziaren kasua: italiarrak, espainolak edo polonesak etorri zirelarik, fama biziki txarra bazuten eta bazterketa bizi zuten. Gaur egun, erran daiteke langileak zirela, edo katolikoak zirela… Egun irudi hobea dute, batez ere orain heldu diren migranteekin konparatuz. Fenomeno berdintsua gertatu da Estatu Batuetan: askoz hobe ikusiak dira gaur euskaldunak mexikarrak baino, azkenak, etorri berriak baino.

Ipar Amerikako euskaldun batzuengan aldaketa politikoa aipatzen duzu, joera trumpistetaraino iritsiz. Nola azal daiteke joera hori tradizionalki solidariotzat hartua izan den komunitate batean?

Euskaldun gehienak integratuak dira gizartean. Hain ongi integratuak, bizi heina nahiko gora dutela, bederen nik gurutzatu ditudanak, eta Trump bozkatzen dute gehienek. Irabazi anitz duzularik errezkiago eskuineko aldagaien alde bozkatzen duzu, ez da lege absolutu bat, baina tendentzia aski argi da. Euskaldun demokratak gurutzatu ditut ere, baina euskal diasporako gehienek esaten zidaten Trumpen aldekoa zela. Ez da sondeorik, ez da estatistikarik, baina hori agertu zait. Ez da berria, hartzen baduzu edozein migrazio toki batean aberastu dena, nahiko kontserbadoreak dira, beste migratuak ez dituzte maite.

Zure serieak lekuko anitzi ematen die hitza. Zein mezu helarazi nahi duzu kontakizun hauek hedatuz?

Euskalduentzaz ari garelarik, distantzia hartu eta ikuspuntu esentzialetatik urruntzea. Gogoan ukaitea gauzak eraikitzen, deseraikitzen, moldatzen eta transformatzen direla. Zuhurki hartu behar diren nozioak dira, batez ere, arrazismoaren emendatze garai hauetan, eta eskuin-muturra nagusitzen ari delarik Europa mendebaldean eta Ameriketan.

Iban Etxezaharreta  Iban Etxezaharreta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude