Hosto erorkorreko zuhaitza da Lizarra
Hosto erorkorreko zuhaitza da Lizarra –
Hosto erorkorreko zuhaitza da lizarra, eta klima arraro samar dabilen mundu ero honetan maiatzean iritsi zaio udazkena. Faxistek Fortunato Agirre jeltzalea fusilatu zutenez geroztik 79 buelta eman behar izan zizkion munduak eguzkiari Lizarrak berriro alkate abertzale bat izan zezan: Koldo Leoz. “Negua joan da eta” ozen abestetik “winter is coming” xuxurlatzera igaro ginen, azkenean “ez nau izutzen negu hurbilak” kantatu behar izateko… noiz, eta uda betezko beroan.
1.- Ezker independentismoaren sendotzea
Masa mugimenduaren logikatik taldexkako lan-moldera bada amildegi handi bat, Joseba Sarrionandiak oso ondo laburbildu zuena: “Iraultzaile batzuek iraultza egin nahi izaten dute, hau da, egitura politikoak aldatu nahi izaten dituzte. Beste batzuek iraultzaile izan nahi izaten dute, hau da, iraultzaile izatearekin nahikoa zaie”. Pauso sendoena herriarekin batera ematen dena da, eta Lizarrako ezker independentistak geroz eta herritar gehiago dauzka atzetik (1312 bozka 2011n, 2009 bozka 2019an); batzuentzat abiadura motelegian, agian, baina atzetik datorren herri hori bera da pausoak atzeraezin bihurtzen dituena.
Abertzaletasunetik haragoko independentismo berria ernaltzen ari dela dirudi, nahiz eta hautestontzietatik gaindi kalean gorpuztu eta sektore ezberdinak artikulatzea falta zaion. Erregimenak ikurrinekin eta euskararekin soilik lotu nahi izan du ezker independentista; noski, hori ere bada, baina Oncinedako kasuak (udal gobernuak Lizarra hondamendi ekonomikotik ateratzea lortu zuen) eta egunerokotasunean eman diren beste mila praktikek erakutsi dute alternatiba sozial onena ere badela; hori bozka aldakorra duten herritarrei helaraztea falta da, eta agian prentsaurrekoekin ez da aski. Ulertzera eman behar da errepublikazale eta aurrekoi izateko modu pragmatikoena independentista izatea dela.
Udal hauteskundeak 2011-2017
2.- PSN eta The Hunger Games
The Hunger Games trilogian pertsona kopuru bat goitik-behera itxita dagoen baso eremu batean sartzen dute, elkarren artean borrokatu eta bakarra irten dadin bizirik. Borrokalari horietako baten estrategia bukaera iritsi arte ezkutatuta gelditzea da, eta iruditzen zait PSNk berdin jokatu duela: oposizio eskasa egin du nire ustez, kasik desagertuta egon da panorama politikotik, eta azken unean hasi da guduzelaira irteten. PSOEk estatuan bizi duen bultzadak eman dio indarra PSNri, ez PSNk “ondo” egindako ezerk, ene uste apalean. PSNren igoera ez da egonkorra, eta Nafarroan daukaten oinarri soziala, egun, ahula da oso (UPNrena ez bezala).
3.- Ezker espainiarraren porrota
Negargarria izan da Ahal Duguk, Ezkerrak, Aranzadik eta gainontzeko txiringitoek eskaini duten ikuskizuna: barne borrokak lau haizetara zabalduz, hainbat aferetan erregimenarekin lerratuz, eta amaitzeko, hauteskundeetara zerrenda ezberdinetan aurkeztuz; noiz, eta eskuina bat eginda zihonean. Miopia politiko itzela daukatela baieztatu dute, unean unekoarekin soilik zentratuta, epe luzeko begiradarik gabe, Tartalo eta “Rompetechos“-en nahasketatik ateratako mutante baten pare. Bazekiten hau gertatuko zitzaiela, eta hala ere pistola kargatu eta oinean tiro egin dute. Aurrerapausu bat eman dute, hori bai… amildegi baten parean, bistan dena.
Eta hala ere, ezker independentistak behar du, egungo Nafarroako soziologia haintzat hartuta, errekuperatu daitezela, bai haiek eta bai Geroa Bai, bestela ez baita posible izango erregimena ordezkatzeko gehiengorik biltzea.
4.- UPNko adarbakarrak
Kondairaren arabera, bazen behin, behin bazen, izaki bitxi eta zelebre bat Nafarroako lurretan: UPNko bozkatzaile foralista. Espainiarra, bai, baina nafarra guztiaren gainetik, eta foruak eta herrialdearen autogobernua (sic) estimatzen zituena. Nafarroako Herri Batasuna (sic) foruak deuseztu nahi dituztenekin elkartu da, eta kasu horretan, aipatutako adarbakarrak hegan atera zitezkeela entzun genuen. Apirilean ez genituen ikusi, eta pasa den astean ere ez. Nire unikornio urdina galdu dut, ez nuen besterik, norbaitek topatzen badu deitu mesedez; eta agian unikornioa baino trikornioa izan daiteke.
5.- Kalea
Legentzaldi honetan EHBilduk ez luke indarrean dagoen markoaren kudeatzaile onena (eta bada) izatera mugatu behar. Konfrontatzearen eta (des)obeditzearen kontuak hor daude.
— unai apaolaza (@unaiapaolaza) May 27, 2019
2015 aurretik majo harrotu ziren hautsak Nafarroan, eta kalean eman zen borroka etengabe horrek (CAN, euskalgintza, ustelkeria, errepresioaren aurkakoa, sindikalgintza…) emaitza instituzional bat eduki zuen. Aldaketa nafar erakundeetara itzuli dadin berriz ere tenperatura horretan jarri beharko da labea, eta behin itzulita, kalean jarraitu; kaleko borroka baita, instituzioak lortzeaz gain, instituzioak mantentzea eta konkistatzea bermatuko duena. Bien arteko talken gisan sinergiak egoteak ere ondorio onuragarriak eman ditzake, eta askapen prozesuari ekarpen emankorragoak eskaini. Jardunaren ardatza herri mugimenduan.