Hondakinak negozio gisa… baita Nafarroan ere
Hondakinak negozio gisa –
Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko salaketa trukearekin sortutako eskandaluak erakunde horien arteko hautsak harrotu ditu, Ecofert Sansoain Artaxoako plantara baimenik gabeko hondakin likidoak bidaltzeagatik. Baina polemika orain piztu bada ere, hondakinek Nafarroan sortzen dituzten arazoak urrunetik datoz.
Duela gutxi jakin genuen Guardia Zibilaren Sepronak hainbat enpresa ikertu zituela legez kanpoko nazioarteko hondakinen trafikoagatik, “hondakin horien mugaz gaindiko trafikoaren negozio gozoari muga jartzeko”. Eta horretan ari gara, hainbeste diru mugitzen denean erne egon behar baita…
Azken 10 urteetan, Nafarroako lurretan, batez ere Erdialdean eta Erriberan, Estatu osotik datozen industria-hondakin organikoak jasotzen dituzten hainbat enpresa instalatu dira. Dirudienez, jarduera hau negozio handia da, eta Nafarroako Gobernuaren permisibitatea dela eta, hedapen kezkagarria gertatzen ari da, gure Erkidegoa zabortegi bihurtuz.
Ez zen kasualitatea izan Mendigorrian duela hiru aste Bizkaitik zetorren industria-hondakin organikoz betetako kamioi batek izandako istripua. Izan ere, milaka kamioi ibiltzen dira urtean zehar Nafarroako errepideetan, industria-hondakinak plantetara eramateko. Nafarroara doazen Zubietako erraustegiko hondakinekin soilik 200 kamioi inguru izan daitezke urtean. Argi dago ez dela Europak ezarritako hurbiltasun eta autosufizientziaren printzipioa betetzen ari. Printzipio hau ez betetzea klima aldaketaren aurkako borrokaren kontra doa.
Orain arte hondakin organikoz biogasa ekoizten duten biometanizatzeko plantak erabiltzen ziren hondakinak jasotzeko aitzakia gisa, baina orain ikusi dugu Artaxoako Ecofert Sansoainekin biohondakinak konpostatzeko plantekin ere egin daitekeela. Nafarroako ingurumenerako ondorioa: lurzoruen eta lurpeko uren kutsadura.
Zubietako erraustegiko hondakinekin aurkitutako irregulartasunek erakusten dute Gipuzkoako eta Nafarroako administrazioek ezarritako kontrola ez dela nahikoa, ez jatorrian, ez helmugan. Nafarroak, dirudienez, Zubietatik hondakin kopuru handiak jaso ditu 2022 eta 2023 urteetan, legez kanpo. Aldi berean, Artaxoako instalazioak legez kanpoko hondakin kutsatzaile ugari jaso ditu Tuteratik, eta, dirudienez, hurbilen dagoen ubidean isurketak eginez.
Kutsatzea oso merke ateratzen da. Oro har, merkeagoa da isunak ordaintzea, ez kutsatzeko neurri egokiak hartzea baino. “Kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipiotik “ordaindu dezakeenak kutsa dezake” printzipiora pasa gara.
Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako hondakinen karakterizazioarekin berriki izan ditugun arazoak akats hutsak baino larriagoak izan daitezkeela susmatzen dugu. Agian ez dugu inoiz jakingo, baina ezin dugu baztertu gertatutakoa izebergaren punta besterik ez izatea eta aurrerantzean antzeko kasu berriak agertzea.
Ingurumenaren jasangarritasunak erakundeen borondatea eskatzen du, eta horrek, gainera, aurrekontu ekonomiko egokia izatera behartuko luke Ingurumen Saila. Horrek langile gehiago izatea ahalbidetuko luke, Nafarroako hondakin-planten gaineko kontrolak areagotzeko, bai eta estatu osotik inportatzen diren hondakinen gainekoak ere.
Gainera, kontuan izan behar dugu biometanizazio planta hauen Ingurumen Baimen Integratuak bi urtean behin bakarrik behartzen dituela hondakinak isurtzen dituzten lurzoruak aztertzera. Eta ez dute analisietan erabiltzen dituzten lurzoru-laginen egiazkotasuna kontrolatzen. Beraz, oso kontrol lausoak dira, kutsadura kontrolatzeko balio ez dutenak.
Azkenik, azpimarratu behar da Ingurumen Sailak ez duela betetzen Gardentasunari eta Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubideari buruzko Legea, eta eragotzi egiten duela herritarrak eta bere erakunde ekologistek gero eta kutsagarriagoa den industriaren jarduera ezagutzea.
…
Juan del Barrio, LURRA
Jesus Arbizu, Compañia de las 3R
Nerea Martiarena, Sustrai Erakuntza