Homo exhibizionistus
Homo exhibizionistus –
Laster Sheldon Cooper-ek bere ametsa bete ahalko du eta robot bihurtu. Teknologiak hainbat urrats egin ditu norabide horretan: Txinan badaude gidarien antsietatea neurtzen duten diademak eta 2014an Espainiako ikerlari talde batek “telepatiaren bidez” “kaixo” berba transmititzea lortu zuen. Aukerak ikusita, egoera distopikoak arin askoan irudikatu ahal ditugu eta hargatik espantuka hasi. Anai Handiaren topikoa labur geratu eta The Simpsonen Threehouse of Terroren II.aren antza izan lezake: botere ahalguztidunak gure pentsamenduak irakur litzake eta bere irizpidearen arabera zigortuko gintuzke.
Ez gara esajeratzen ari esaten badugu egoerak erlijioso ortodoxo baten, mistiko zein sekular, ametsik lizunena gaindituko lukeela: gure intimitatearen “sabelera” heldu eta guztion ongiaren alde kontrolatu. Bestearengan pentsatzea oso bizio hedatua da gizakian eta erraz-erraz imajinatu ditzaket pentsamendua kontrolatzea (eufemismoa zuen esku) gure mesederako dela atsegin handiz eta jator-jator azalduko liguketen lagun, senide edota lankideak. Kaña bat eskuan esango lukete gauza batzuk ezin ditugula onartu, gure barruan dugula, denok kutsatuta gaudela eta ZUre burua deseraiki eta berreraiki egin behar duZUla; “ni ez nago ados, baina zure onerako da”.
Egia esan, munduaren amaiera baino, gure miseria txikiak interesatzen zaizkit gehiago. Normalean errealitatea uste baino arruntagoa, eta aspergarriagoa, izaten delako. Demagun lankide batekin amets erotiko bat izan duzula, biharamunean zelan disimulatuko zenuke bere aurrean? Gure jakin-minak askotan ez du mugarik eta gosea asetzeko galdera absurdo asko argitu nahi izaten ditugu (“Psikologoa den lagunak aztertzen gaitu gurekin egoten denean?”). Mota askotako zalantzak dira, hala nola, misterioari magia kentzen diotenak (“zer ikusten dio alproja horri?”), egoera deserosoak sortu ditzaketenak (“puzker egiten badut astiro-astiro, entzungo al didate?”), egoa suntsitu dezaketenak (“nitaz maiteminduta dago, begiradan igartzen diot”) edota mitoa kolokan jarri dezaketenak (“zer du buruan halako gauza politak idazten dituenean?”).
Burutazio-demasa gutxi balitz, pentsamenduak irakurtzeko tramankuluak denon eskura jarriz gero, sare-sozialetan emaitza begi-bistakoa izango litzateke. Argazkiak eta gogoeta sakonen ondoan, #NiGardenaNaiz traolapean (#ImGarden euskalglishez), jendeak bere pentsamenduak eskegiko lituzke sarean eta batzuek behingoz lortuko lukete euren bizitza osoa performance bat izatea. Telebistako buruargiek realityri beste buelta bat eman eta La Isla de las Tentaciones la Isla de los Secretos bihurtuko lukete. Auskalo zer ondorio ekarriko lituzkeen. Beharbada, konturatuko ginateke sexua eta maitasuna baino gehiago, partaideek pentsamendu hutsal eta arruntak dituztela buruan (harea horia bada eta ura urdina, zergatik ez naiz berde jartzen harea kentzeko uretan sartzen naizenean?).
Gizarte horretan, intimitatea beste garai bateko kontua izango litzateke, telefono-kabinak bezala, ez dagoelako garden izatea baino gauza hobeagorik. Ederto biziko ginateke sekretu barik, besteek gutaz zer pentsatzen duten jakinda. Makinak ez dira perfektuak, ordea, eta ziur nago gogoeta sakonen pilaketak hondatuko lituzkeela, dieselak gasolina lez. Agian handik etorriko litzateke konponbidea eta araudi zorrotza egon ezik, saturazioak salbatuko gintuzke, gure lotsa ez baita izango. Alde horretatik, ikasten ari gara oraindik.