Homeopatiak gaur ez du inor hil
Homeopatiak gaur ez du inor hil –
Joana Garmendiak Gaur8n.
Norbait engainatzeko, ez dago gezurrik esan beharrik. Engaina daiteke egia esanda ere. Horren adibidetzat jartzen da maiz kapitainaren eta ofizialaren adibide klasikoa. Itsasontzi batean egiten omen zuten lan gure kapitainak eta ofizialak, eta ezin omen zuten elkar ikusi. Beti zebiltzan liskarrean, batak besteari kalte egin nahian. Itsasontzietan egiten den legez, gauero-gauero idatzi behar zuten nabigazio-egunkarian zerbait: eguna nola joan zen, ezustekorik izan ote zen, ezer aipagarririk gertatu ote zen, eta gisa horretako oharrak. Gau batzuetan batak idazten zuen eta, beste batzuetan, besteak.
Ofizialak, antza denez, ronari zaletasuna zion; gehitxo edaten omen zuen, aukeran. Halako iluntze batean, beste askotan bezala, ronari emana omen zebilen. Kapitainak, ofizialaz eta haren edan beharraz kokoteraino, honela idatzi omen zuen nabigazio-egunkarian: «Gaur, irailak 14, ofiziala mozkortu egin da». Lurreratzean, irakurriko zuen egunkaria zegokionak, eta hark atera zitzala atera beharreko ondorioak.
Bizpahiru egunen ostean, ofizialari egokitu zitzaion nabigazio-egunkaria betetzea. Egunekoak idatzi aurretik, azken egunetan kapitainak idatziak irakurri zituen, zer gerta ere. Kapitainak irailaren 14an idatzitakoa ikusita, amorru bizian sutu omen zen. Kolpea itzuli nahian, kapitainaren kontra egunkarian zer idatzi hasi zen pentsatzen. Itsasontziko egunkariari errespetua zor zion, baina; ezin han ezer faltsurik idatzi. Eta kapitainak ez zuen, egiaz, aurpegiratzeko ezer handirik. Etorri zitzaion argia halako batean; egunkaria ireki, eta honela idatzi omen zuen, harro eta kontentu: «Gaur, irailak 17, kapitaina ez da mozkortu».
Kapitainaren eta ofizialaren adibidea oso ezaguna da gezurren azterketan ari direnen artean. Honakoa erakutsi nahi du: komunika daitekeela zerbait faltsua, egia den zerbait esanda. Alegia, engaina daitekeela egia esaten denean ere. Izan ere, itsasontziko bizimoduak agintzen du egunean zehar aipagarri izan dena soilik idatzi behar dela nabigazio-egunkarian. Beraz, ofizialak idatzitakoa irakurtzean, inork ulertuko du aipagarria dela egun batean kapitaina mozkortu ez izana; eta, hori hala izanda, nork atera ditzala bere ondorioak. Esan, ez zuen ezer faltsurik esan (edo idatzi) ofizialak; komunikatu, seguru asko, bai. Elkar ulertzeko ditugun arauak eta egunkarian idazteko jarraibideak ondotxo ezagutzen zituenez, hark bazekien bere hitzak irakurtzean irakurle arruntak faltsua den ondorioa aterako zuela. Bazekien irakurlea engainatzen ari zela.
Inork pentsa dezake adibide aldrebes samarra dela; teoriazaleei gustatzen zaizkien kasu bihurri horietako bat, artifiziala nolabait. Hala izango da, akaso. Baina, esango nuke, gaur egun oso erabilia den trikimailua erakusten duela. Asko eta asko direla egia esanaz engainatzeko helburua duten albiste eta informazioak gure inguruan. Horren adibidetzat jarri ohi da AEBetako presidente Trumpen hitz-jarioa. Esanak izango ditu gauza faltsuak behin baino gehiagotan, ziur aski. Baina hori baino arriskutsuagoa da nola esaten dituen egia batzuk: beti ondo neurtuta, ondo aukeratuta, noiz eta nola ondo pentsatuta. Egia esanda, egiaz bestelako zerbait komunikatzea helburu. Eta lortu ohi du, bai.
Ez dugu horren urrutira joan beharrik adibide bila, halere. Gurean ere sarri zabaltzen dira egia iruzurtiak. Bereziki, Internet eta sare sozialen bidez barra-barra zabaltzen diren horietan. Eta, bereziki, gai jakin batzuen inguruan ari direnean. Hor dauzkagu klima-aldaketa iruzurra dela ulertarazi nahi duten informazioak, edo txertoen arrisku eta kalteak sinetsarazi nahi dizkigutenak. Eta, denen gainetik, esango nuke, homeopatia zuritu nahi dutenenak.
Bai, homeopatiak badu egia ere desagertzeraino diluitzeko abilidadea.