Hobe Guran
Hobe Guran
Esteban Irusta Malleak Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan.
Gizakiok bizitza hobe baten bila ari gara beti. Ez gara konformatzen daukagunarekin. Gogo hau bere izaerari lotuta dago, eta horri esker, gizakiok arlo guztietan aurrera pausoak ematen saiatzen gara, nahiz eta askotan ez dugun asmatzen eta ez ditugun betetzen gure helburuak.
Geure eskuetan dauden erabakietan ez badugu beti asmatzen, zer esan erabaki garrantzitsuenak guregan ez daudenean. Zoritxarrez, euskal herritarrok ohituta gaude, politikoki, gure asmo eta gure gogoen helburuak bete gabe bizitzen. Bi inperioen menpe egotearen ondorioak dira. Beraiek inposatutako legedi nagusia betetzera eta beraiek idatzitako historia ikastera behartzen gaituzte.
Garai batean Euskal Herriaren aldeko historialariek idatzitako liburu bat baino gehiago debekatua eta bere egilea zigortua izan zen. Gaur egun ez da horrelakorik gertatuko, baina azken batean, gure ikasleek ez dute ikasten Euskal Herriaren aldeko historialariek idatzitakoa. Ez gara gure historiaren jabe, eta besteen kontakizunak dauzkagu buruan.
Gai honetaz oso kritiko agertzen da Aitzol Altuna idazlea Desmontando la vasconización tardía bere liburuan. Ez du onartzen Alberto Santana Euskalduntze berantiarrariari buruz ETBn ematen ari den dokumentala.Bere ustez, euskaldunen artean ez dago hipotesi horren alde dagoen inor; ez Euskaltzaindia, ez Aranzadiko arkeologorik ere.
Koldo Mitxelena, bere garaian, erabat kontra zegoen, nahiz eta dokumentalean bestelakoa esan. Aitzolen ustez, euskaldunok gure Estatua sortu genuen Erromatar Inperioa jaustean, eta 1000 urtez amaigabeko borroka bat mantendu genuen.
Espainako Estatuak 500 urte besterik ez dauzka. Harrigarria da euskaldunok honen berri ez izatea. Ikastoletan behin eta berriro eman beharreko gaia izan behar litzateke, beste Herriek egiten duten moduan.
Mitxel Elortzak Gara-n idatzitako artikulu batean adierazpen larriak egiten ditu euskarak ikastola eta ikastetxe askotan daukan egoerari buruz; militantzia eta kontzientzia ahultzen joan dira ezagutza handitzen joan den heinean. Ikastetxe askotan euskara ZIUn dagoela dio.
Hausnarketa sakona egin beharrean gaude. Euskal kontzientzia eta militantzia indartzeko lagungarri izango litzateke historialari euskaldunek idatzitako historia irakastea, munduko estatu guztietan egiten duten bezala. Euskeraren egoerak ere hobera egingo luke, zalantza barik, geure historia hobeto ezagutuko bagenu.
Hobe Guran