Hizkuntza greba
Hizkuntza greba –
Irakurri berri dut osorik orain bi egun ARGIA aldizkariko Irakurleen gutunak sailean argitaraturiko proposamen hau, eta ezin interesgarriagoa iruditu zait. Ni prest naiz halakoetarako. Ezinbestekoak ditugu irabazteko bidean. Horregatik ekarri dut hona Joxe Migel Muguruza Eizagirrek idatzia. Iritzirik?
…
Hizkuntza greba
Joxe Migel Muguruza Eizagirre
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lerro hauen bitartez ideia xume bat azaltzera nator. Hizkuntza greba.
Hainbat greba mota ezagutzen ditugu. Muturrekoenak, norberarentzat dituen ondorio larriengatik, gose eta egarri grebak. Gure irudirako xelebreena “japoniar” erako greba litzateke, ekoizteari utzi beharrean, gehiegizko ekoizpena sortzean omen datzana, gehiegizko neurrian ekoitzitako produktua maneiatzea arazo bihurtuz enpresarentzat, biltegiratzeko eta merkaturatzeko zailtasunagatik. Bestalde, gure inguruetan lan gatazketan ezagunagoa dugun lan greba mota, ordu edo egun batzuetan lan egiteari, ekoizteari, alegia, uko egitea, era horretan enpresa edo administrazioen arazoa izanik ezer ez dela ekoitziko.
Greben gaiarekin jarraituz, zera darabilkit buruan: agian, euskara hizkuntza gutxituarazia izatearen ondorioz gutxitua denaren hiztunok, euskara erabiltzea ukatua eta oztopatua zaigun hainbat egoeretan, bidegabeki gehienetan, horri aurre egiteko tresna egokia izan daitekeela grebaren aldaera bat, Hizkuntza Greba, hain zuzen ere. Agian, egun Justizia arlotik euskararen aurka behin eta berriro epaitegiak ematen ari diren sententzia bidegabeen aurrean protesta egiteko ere balio dezake.
Justizia arlotik euskararen aurka behin eta berriro epaitegiak ematen ari diren sententzia bidegabeen aurrean protesta egiteko balio lezake Hizkuntza Grebak
Zalantzarik gabe, Euskalgintzan eta Herrigintzan diharduten hainbat elkarte eta erakundek elkarrekin egindako gogoeta eta elkarrizketen bitartez adostu beharko lukete balizko Hizkuntza Greba hori zertan litzatekeen; nola, noiz, nork, nori, zergatik eta zertarako. Ideia gisa, hona hemen aipatutako puntu horien zehazte adibideak:
– Zertan litzatekeen: euskara erabiltzeko eskubidea urratua den egoeretan urraketa horri aurre eginez euskaraz egiteari irmo eustea, gugandik zerbait lortu nahi duen marka, enpresa edo erakundeari zera ulertarazteko, zerbait hori lortu nahi badu, gure euskaraz komunikatzeko hizkuntz eskubidea errespetatu beharko duela.
– Nork: euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok.
– Nori: euskal hiztunon hizkuntz eskubidea errespetatzen ez duenari. Enpresa eta marka komertzial handiak, erakunde publikoak eta euren ordezkariak… Erakunde publikoen artean nabarmentzekoak dira epaitegiak, Ertzaintza eta Osakidetza, hain zuzen, erakunde horiekiko harremanetan izanik zailenetakoa euskararen erabilera.
– Nola: Euskalgintzan eta Herrigintzan diharduten eragileen arteko elkarrekintzarekin, Hizkuntza Greba egiteko denbora tarte bat ezarrita.
– Zergatik: egunerokoan euskara erabiltzeko eskubideari uko ez egitearren norberak egin beharreko ahalegina etsigarria delako, bakarka burutzeko borroka handiegia baita gehienetan. Eta arriskutsua ere bai, zenbait erakunde publikoren edo euren ordezkarien aurrean.
– Zertarako: horrelako ekimen batek nolabaiteko babesa emango lioke norbanakoen eguneroko ahaleginari, antolatutako eta jende gehiagok eginiko ahalegin eta ekimen bat dela jakinik; norbanako gutiziatsu baten kontua dirudienetik gauza erabat orokorra dela erakusteko balioko bailuke.
Hizkuntza Grebak, euskararentzat bezalaxe, balioko luke gainontzeko hizkuntza gutxituentzat ere, noski.
Besarkada bero bat nire gisara egunerokoan zeuon hizkuntza eskubidea aurrera eramateko ahaleginetan ibiltzen zareten guztioi.
Joxe Migel Muguruza Eizagirre