Hizkuntza eta kirola esku emanda
Euskal Herria Kirolak, Kontseiluak eta ESAITek datorren ekainaren 23rako antolatu duten bestan aldarrikapena izango da nagusi, euskaraz bizitzeko aldarrikapena, selekzio bat izateko aldarrikapena eta munduaren aurrean nazio bezala lehiatzeko aldarrikapena. Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko emakumezkoen futbol partidua izango da ekimen nagusia, baina horrez gain antolatzaileek kontzertuak, desafioak, umeentzako ikuskizunak eta hainbat sorpresa izango direla hitz eman dute. Hamaika ekitaldi Hamaika gara lelopean.
Euskal Herria Kirolako Mikel Troitiñok, Kontseiluko Maite Indak eta ESAITeko Itziar Arratibelek eman dute horren berri prentsaren aurrean. Haiekin izan dituzte, selekzioko hautatzaileak Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi, zein Ainhoa Tirapu eta Iraia Iturregi Athleticeko jokalariak eta Maialen Zelaia, Ainara Herrero eta Aintzane Encinas Errealeko jokalariak.
Euskaraz bizitzeko nahia eta gizon, emakumeen arteko parekidetasuna eta herritarren parte hartze zuzena izango ditu oinarri. Gaurko agerraldian azaldu dutenez emakumezkoen nazioarteko futbol partida historikoa izango da, baina horrekin batera futbol partida bat baino gehiago izango dela azpimarratu dute: “aldarrikapena eta festa uztartuko dituen jaialdia izango da”.
“Futbol partida bat baino gehiago izango da, gure selekzioaren partida historiko horrek herri bezala, garen bezala agertzeko aukera eskainiko digulako. Partida selekzioko hamaika jokalariek jokatuko dute, baina parean Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren aldeko jaia, euskaraz bizi nahi dugunon jaia, parekidetasunaren aldeko jaia, herritarron parte hartze zuzenaren aldeko jaia izatea nahi dugu” adierazi du Kontseiluko Maite Indak.
Lehen urratsa etorkizunari begira
Kirol arloari erreparatuz, Mikel Troitinok nabarmendu du Eslovakia ez dela edozein talde, eta FIFAko rankingean 36. postuan dagoela. Erronka bat Euskal Herriko neskentzat, haren ustez. Partiduaren alde historikoa ere aipatu zuen, baina garrantzi gehiago eman dio lehen urrats bat izateari, lehen urrats bat datozen urteetan gehiago egiteko, eta selekzio bezala nazioartean normaltasun guztiz lehiatu ahal izateko. Horren harira, irabaziz gero, datorren urtean rankingean hobeto sailkatuta dagoen talde baten aurka aritzeko konpromisua Euskal Herria Kirolak bere egiten duela jakinarazi du.
Maite Indaren arabera, “honegatik guztiagatik, egun horretan, kirolzaleok, euskaraz bizi nahi dugunok, parekidetasunaren aldekook, haur eta gurasook, gazteok, aldarrikapena eta festa-giroa uztartu nahi dugunok… ekainaren 23an hitzordua dugu Anoetako estadioan”.
Gora Emakumeen Lana, Kirola, Ausardia, Balentria, Maitasuna, Eskuzabaltasuna, Duintasuna, Gora Euskal Emakumeak eta Gora Munduko Emakumeak!
Urratsez urrats Euskal Herria Aurrera! Gora Emakumeak! Aski merezita duzue. Disfrutatu, gozatu, Euskal Herria bizi bizirik dago. Pausuak Independentziaruntz!! Eskerrik asko!