Hizkera sexugabetua osasungintzan: deshumanizatzailea eta arriskutsua emakumeentzat

Hizkera sexugabetua osasungintzan: deshumanizatzailea eta arriskutsua emakumeentzat –

“Reconsidering “inclusive language: Consequences for healthcare and equitableness of a growing linguistic movement to address gender identity with a path forward” artikulua Suediako Emaginen Elkarteak argitaratzen duen Sexual And Reproductive Healthcare agerkari  parekoek ebaluatuan (peer review) argitaratuko da datorren ekainean. Honako hau laburpen bat da.

Osasun-komunikazioan hizkera argi eta erraza erabili behar den printzipioaren kontrakoa da hizkera sexugabetua; izan ere, normalean lehenesten diren “emakume” eta “ama” hitzak ezabatu egiten dira eta, horien ordez, oso jende-multzo txiki batean zentratzen da hizkuntza: beren burua transgenero eta genero anitzekotzat definitzen duten pertsonengan. Hizkera sexugabetuak sexua ezkutatu edo ikusezin bihurtzen du, sexuak zinezko garrantzia duen egoeretan. Hasiera batean, herritarrei oro har ez lieke batere arriskurik sortu behar. Hala ere, egindako ikerketa urriek iradoki dute beharbada jendeak ez duela ondo onartuko eta ulertuko.

Hizkera sexugabetu mota asko dago, besteak beste, hizkera globalizatzailea (esaterako, “emakumeak” ordez “pertsonak” esatea), biologian oinarritutako hizkera (esaterako, “bularra ematen duten pertsonak”, “hilekoa duten pertsonak”), neologismoak (“bular-esnea”), beste esanahiak dituzten terminoak berenganatzea (“jaiotzean esleitutako sexua”) eta hizkera gehigarria (adibidez, “emakumeak eta erditzen diren pertsonak”). Bigarren eta hirugarren pertsonan hitz egitea (adibidez, “sexualki aktiboa bazara”, “haurdunaldian daudenak”) ere hizkera sexugabetua izan daiteke, testuinguruaren arabera.

Argian, hizkera sexugabetuaren adibide bat, aldaera globalizatzailean.

Horrek guztiak  transgeneroei eta genero anitzeko pertsonei ere kalte egin diezaieke, hauek ere osasunari buruzko komunikazio argiak behar baitituzte, baita arreta mediko espezializatua ere. Hizkera sexugabetua edonon erabiliz, ohiko praktikarekin kontraesanean sartzen gara, zeinean beharrizan berariazkoak dituzten pertsonentzat komunikazio pertsonalizatuak ezartzen baitira, eta komunikazio orokorretan, berriz, hizkuntza eraginkorrena erabiltzen.

Aurrekariak

“Hizkera inklusiboa” beharrean ere esan daiteke “hizkera sexugabetua”, “hizkera genero-inklusiboa” edo “hizkera genero-identitateekin inklusiboa”.

Artikulu honetarako nahiago dugu “hizkera sexugabetua”, hizkuntza nola aldatu den deskribatzen baitu. Gainera, hizketa-molde honek dakartzan desafioak direla eta, “inklusibo” moduan deskribatzea ez da egokia.

Hizkera sexugabetuan, sexuari erreferentzia zuzena egiten dioten hitzen ordez, hala nola “emakumeak” eta “amak”, sexuaren aipatzea saihesten duten adigaiak erabiltzen dira, esaterako “haurdun pertsonak” eta “erditzen direnak”.

Feminitatearen eta bularren arteko lotura dela eta, “amagandiko edoskitzea” terminoaren ordez “giza esnearekin elikatzea”, “bular-esnea” edo “gorputz-elikadura” terminoak erabiltzen dira (ingelesez human milk feeding, lactation, chestfeeding eta bodyfeeding).

"Gorputz-elikatzea da 'bularra eman' terminoarekin identifikatzen ez diren gurasoentzako adigai genero-inklusiboa".
“Gorputz-elikatzea da ‘bularra eman’ terminoarekin identifikatzen ez diren gurasoentzako adigai genero-inklusiboa”.

Era berean, emakumeen ugalketa-organoak deskribatzen dituzten terminoak, batzuetan, aldatu egiten dira. Adibidez, aluari «aurrealdeko zuloa», «aparteko zuloa» edo «barneko genitalak» deitu izan zaio. Hizkera sexugabetua nabarmen ageri ohi da haurdunaldiarekin eta edoskitzearekin lotutako gaietan. Izan ere, ugalketa-prozesu femeninoak dira, hauetan sexua da nagusi, genero anitzeko pertsonek esperimentatu badezakete ere. 

Nabarmendu behar da joera hori oso gutxitan ikusten dela gizonezkoen osasunarekin lotutako hiztegian.

Ezkerrean, Osakidetzaren zerbix-minbizia detektatzeko programa. Eskuinean, Osakidetzaren prostata-minbizia detektatzeko programa.

Ikusi dugu “emakumeak”, “gizonak” eta “amak” terminoak, batzuetan, pertsonek omen dituzten genero-identitateez aritzeko erabiltzen direla, eta ez sexuaz. Duela gutxi ezarritako esanahiak dira, hiztegi askotan oraindik jaso gabekoak, Oxford Hiztegian esaterako. Argi gera bedi, dokumentu honetan, kontrakorik zehaztu ezean, “emakume”, “gizon”, “ama”, “aita”, “neska” eta “mutiko” adigaiak sexu bakoitzeko pertsonez aritzeko erabiliko ditugula, ez genero-identitateez mintzatzeko.

Hizkera sexugabetua ez dator bat Nazio Batuek “hizkera genero-inklusibo” deitzen dutenarekin. Nazio Batuen Erakundeak adigai hori erabiltzen du sexuen arteko berdintasuna sustatzen duen eta sexu-estereotipoak saihesten dituen hizkera izendatzeko.

Hizkera horretan, sexuaren aipatzea saihestu egiten da testuinguru jakin batean garrantzirik ez duenean. Adibidez, “gizaki” eta “Gizateria” terminoak “gizon” terminoaren ordez erabiltzea. NBEaren hizkera genero-inklusiboak genero-marka gramatikal maskulino eta femeninoak erabiltzea ere ekar lezake, baita “neska-mutikoak” eta “gizon-emakumeak” ere, kasuan kasuan, bi sexuen parte-hartzea ikusaraztea garrantzitsua denean. Aitzitik, hizkera sexugabetuak sexua ezkutatu edo ikusezin bihurtu nahi du, sexua zinez garrantzitsua den egoeretan.

Hasieran, hizkera sexugabetuaren xedea transgenero eta genero anitzeko pertsonekiko banakako hizketaldiak erraztea zen, bakoitzak nahiago zituen terminoak erabiliz, larriturik senti ez zitezen eta errespetatuak eta ulertuak senti zitezen bermatzeko, bereziki osasun-inguruneetan. Hizkera sexugabetua, ordea, hedatu egin da eta orain modu zabalagoan erabiltzen da, baita publiko orokorrari zuzendutako idatzizko eta ahozko komunikazioetan ere.

Zenbait pertsona eta erakundek presio egiten dute osasun-material publikoetan hizkuntza desaktiba dadin, honek jende transgenero eta genero anitzekoari mesede egingo diolakoan, antza, biztanleria zabalari kalterik egin gabe. Ez da, ordea, hizkera desaktibatuaren erabilera orokor hori behar den moduan ebaluatu egokitasun, onargarritasun, argitasun, komunikazio-eraginkortasun eta berdintasunari dagokienez. Badira arrazoiak ondorio okerrak egon daitezkeela pentsatzeko, baina oraindik ikerketa falta da xehetasunak eta hedadura zehazteko.

Egin diren ikerketa urriek iradoki dute hizkera hau beharbada ez dela onartua izango osasun-artatze giroetan, eta osasun-langileekiko konfiantza higa dezakeela. Deskribatuko dugunez, baliteke pertsona transgenero eta genero anitzekoentzat hain onuragarria ere ez izatea, eta nahi gabeko kalteak ere ekartzea.

Ara! Gorputz Elkartearen "Hilerokoa lantzen duten eragileen katalogoa". Elkarte guzti-guztiek emakumeak eta "hilerokoa duten beste pertsonak" artatzen dituztela diote.
Ara! Gorputz Elkartearen “Hilerokoa lantzen duten eragileen katalogoa”. Elkarte guzti-guztiek emakumeak eta “hilerokoa duten beste pertsonak” artatzen dituztela diote.

Hizkera Sexugabetu Motak

  1. Lehenik eta behin, hizkera sexugabetu globalizatzailea dago: “ama” eta “emakumeak” horrela “guraso haurdun”, “pertsonak” eta “familiak” bihurtzen dira. Kategoria honetan sartzen dira “Amaren esne” ordez “giza esneaz elikatzea” bezalakoak. Hizkera sexugabetu mota honetan errazki nahi ez dena ulertzera eman liteke; izan ere, termino sexugabetuak ez dira ordezkatzen dituzten termino sexuatuen sinonimoak. “Pertsona” erabiltzea bereziki arazotsua da, interneteko milaka miloi hitzen analisitik baieztatu baita “pertsona” eta “pertsonak” sarritan “gizon” moduan ulertu ohi dela.

AEBetako Gaixotasun Arraroak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak dio: “Familia askok ez dute bularrik ematen nahi luketen adina denboran”. “Amak” erabili beharrean “Familiak” erabil daitekeela ulertzera ohituta daudenek aise ulertuko dute hori dela honelakoetan ia beti adierazi nahi den esanahia, alegia, amak. Hizkera sexugabetura ohituta ez daudenek edo ingeles hiztun iaioak ez direnek, ordea, aita-amak, biak imajina ditzakete, edo zalantzak izan ditzakete komunikatzen ari direnaz. Gainera, “amak” erabili beharrean “familiak” erabiltzeak esan nahi du edoskitzeari eta titia kentzeari buruzko erabakiak ez daudela, azken batean, amaren esku, familiako beste kide batzuen mende baizik, eta horrek amaren ekite-gaitasuna bazterrean uzten du.

2. Biologian eta organoetan oinarritutako hizkera bat ere erabiltzen da, hala nola “hilekoa duten pertsonak”, “bularra ematen duten pertsonak”, “erditzen diren pertsonak” eta “aludun pertsonak”. Hizkera hori deshumanizatzailea da zeharo, pertsonak beren anatomiaren gorputz-funtzioetara edo ataletara murrizten baititu. Beraz, giza eskubideen eta duintasunaren ikuspegitik problematikoa da. Hizkera hori, ia beti, anatomia eta fisiologia femeninoak deskribatzeko erabiltzen da, maskulinoen aldean.

3) Hirugarrenik, adigai berriak edo neologismoak sortzen dituen hizkera bat dago, edo dagoeneko existitzen diren adigaiak hartzen ditu, pertsona transgeneroei eta genero anitzekoei leku egiteko. Besteak beste, “bular-esnea”, “gorputz-elikadura” eta “aurrealdeko zuloa” terminoak sartzen dira hemen (chestfeeding, bodyfeeding eta front hole).

“Jaiotzean esleitutako sexu” gero eta maizago erabilia ere kategoria honetan sar genezake. Azken termino hau, jatorrian, sexu-garapenaren desberdintasunekin (ingelesez, DSD) jaiotako pertsonen testuinguruan erabiltzen zen, hau da, aldaera intersexual ere deitutakoetan. Nahiz eta DSD-dun haur gehienak jaiotzean mutiko edo neska gisa identifika daitezkeen eta sexu horretan haziak diren, haietako kopuru txiki batek ez du sexu argirik izaten ebaluazio medikoa egin ondoren ere, edo kasu batzuetan erabaki daiteke haurra beste sexukoa balitz bezala haztea eta, beraz, sexu bat esleitzea.

Google Ngramekin egin dugun analisiak erakusten du 2010az geroztik asko hazi dela “jaiotzean esleitutako sexu” terminoaren erabilera, eta orain edozein pertsonari aplikatzen zaiola. Jokabide hori transgenero eta genero anitzeko pertsonen aldekoa bide da. Termino horrek esan nahi du sexua ez dela kategoria bere-berezko eta egonkorra, baizik eta arbitrarioa eta jariakorra. Zenbat eta maizago erabili terminoa, orduan eta areago indartzen da ideia hori. “Jaiotzean esleitutako sexua” behar ez den moduan erabiltzeak osasun-langileenganako konfiantza publikoa murriztu dezake.

Arremanitz kooperatibak Euskal Herriko ikastetxeei hezkuntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie, haur eta gazteei Lur Lau sexuala irakasteko.

 

“Jaiotzean esleitutako sexu” terminoari ez dio ardura sexismoa zeinen hedatua dagoen eta zenbaterainoko eragina duen, nola dauden oraindik neskak aurrejuzku lazgarrien menpe, hala nola infantizidioa… Sexua egiaz “esleitua” izango balitz, neskak aise salbatu ahalko lirateke hortik. Beraz, zuzenagoa da “Jaiotzean erregistratutako edo idatziz jasotako sexua”.

4) Hurrena, hizkuntza gehigarria esaten zaiona dago: “emakumeak” dira “emakumeak eta haurdunaldian dauden beste pertsonak”. Esamolde horrek aurresuposatzen du irakurleak honezkero ulertua eta onartua duela “erditzen diren pertsonak” esapidea eta berekin dakarren genero-identitatearen kontzeptua. Beharbada oharkabean, hizkuntza gehigarriak aldatu egiten du emakumezko heldu guztiak izendatzen dituen “emakume” termino sexuatuaren esanahia, eta horren ordez genero-identitatean oinarritutako terminoa bilakatzen da; termino horretan emakume gisa identifikatzen diren gizonak ere sartzen dira, eta genero-identitaterik propio aitortzen ez duten emakumeak bazterrean gelditzen. Horregatik, ez litzateke hizkuntza gehigarririk erabili behar lege edo politika-dokumentuetan.

Aurrekoaren alternatiba da “emakumeak, beren burua erditzen diren pertsona gisa identifikatzen dutenak barne” esatea. Aurreko esaldiak “emakumeak” adigai sexuatua dela argitzen duen arren, terminoak gehitzeko oro baliogabetzen du, “emakume”-ren baitan emakume transgeneroak eta genero anitzekoak hartzen dituenez gero. Eta, oraindik ere, “erditzen diren pertsonak” terminoa ulertzen ez duten irakurleen arazoa dago. Gainera, hizkera gehigarriak perpausaren luzera eta konplexutasuna handitzen duenez, zailago egiten du alfabetatze eskasa eta dislexia duten pertsonek ulertzea. “Erditzen diren emakumeak eta pertsonak” esapideak ere pentsaraz lezake emakumeak ez direla pertsonak.

5) Azkenik, bigarren edo hirugarren pertsonan hitzegitea dago, “pertsona” sustantiborik erabili gabe. Adibideen artean daude “haurdun edo edoskitze aroan dagoena”, “haurdun edo edoskitze aroan daudenak”, “beste haurdunak” edo “haurdunaldi prozesuan dagoen edonor”. Sexua ezkutatzearen bitartez publiko objektiboa ezkutatzen bada, mezua ez iristea gerta daiteke. Esaterako, “Inoiz sexu-harremanik izan baduzu, Papanikolau frogak egitea komeni zaizu, maiztasunez, 21 urtetik aurrera”: sexua nahita ezkutatzen da hau garrantzitsua izan arren, eta horrek eragin dezake publiko objektiboak, emakumeek, mezua ez jasotzea. Lehen-lehenik, irudiak eta hizkuntza sexuatua erabili beharko lirateke publiko objektiboarengana iristeko.

Zerbix minbizia detektatzeko Osakidetzaren programaren hizkera sexugabetua.

Hizkera sexugabetuaren ondorio gehiago

  • Alfabetatu gabeko, osasun-hezkuntza urriko eta hizkuntza-maila apaleko pertsonen osasunean ondorio kaltegarriak. Hizkera sexugabetuan termino konplexuagoak eta hain arruntak ez direnak erabiltzen dira, ulertzen zailagoak, batez ere prozesu fisiologiko edo gorputz atalei buruzkoak.
  •  Alienazioa, pertsona batzuen konfiantza galtzea.
  • Mundu ingeles hiztun eta mendebaldeko herrialdeetatik kanpoko herritarrekin ez ulertuak. Gerta liteke “erditzen diren pertsona” bezalako terminoak ezin ulertzea eta lekuan lekuko hizkuntzetara ezin itzultzea.
  • Pertsona transgenero eta genero anitzekoei kaltea. Pertsona transgenero eta genero anitzekoek osasun-komunikazio argi eta garbiak behar dituzte. Horien artean daude sexuan oinarrituriko beharrizan, eritasun eta sintomekin lotutako komunikazioak. Baita ere, jakin behar dute beren gorputzak nola funtzionatzen duen eta beren sexuaren beharrizan mediko jakinak ulertu behar dituzte. Gainera, osasun etxeek hizkera sexugabetua darabitelarik, pentsatzera eman dezakete transgenero eta genero anitzeko pertsonentzat berariazko osasun artatze kalitate onekoa eskain dezaketela, inkluso artatze espezializatu hau eskaintzeko gai ez direnean ere.

Ondorioak eta jarraitu beharreko bidea

Hizkera sexugabetuaren alde egin da, pertsona transgeneroei eta genero anitzekoei laguntzeko eta kide izatearen zentzu bat emateko. Termino sexugabetuak erabilita, ordea, jende-talde txiki hori talde askoz handiago baten gainetik lehenesten da. Ziurrenik pertsona kaltebera asko arriskuan jar daiteke, batez ere osasun-komunikazioetan erabiltzen bada.

Badira beste modu batzuk, hizkuntza premia bereziak dituzten taldeen beharretara egokitzeaz batera, aintzatespena eta laguntza ematen dutenak. Horren barruan sartzen dira erlijio, kultura eta hizkuntza-jatorri desberdinetako pertsonak; elbarritasun edo eritasunak dituzten pertsonak; hainbat modutara osatu diren familiak; arrisku handiko haurdunaldiak, erditze anizkoitzak dituzten, haur goiztiarrak edo gaixoak dituzten emakumeak edo gaixotasunak dituztenak. Talde horiek arrakastaz integratzen dira komunikazio espezializatuen bidez eta komunikazio orokorretan aldaketa esanguratsurik egin beharrik gabe.

Hizkuntzak argia, ulergarria eta jendarteak onartua izan behar du komunikazio eraginkorra lor dadin. Komunikazioek giza duintasuna mantendu eta babestu behar dute, eta begirunez jokatu. Hizkuntzak saihestu egin behar du hartzaileak bazter lezakeen terminologia oro. Gaizki ulertuen, komunikazio faltaren eta baztertzearen ebidentzia anekdotikoa dago hizkera sexugabetua erabiltzen denean eta, egindako ikerketa urrien arabera, ondorio kaltegarriak esanguratsuak izan daitezke. Hala ere, ikerketa sakon baten bidez baizik ezin liteke jakin hizkera sexugabetuaren eragina; halaber, onura nork jasotzen duen, nork kaltea, eta desabantailak arintzeko moduak identifikatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude