Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa
Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa –
Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa tributuen eta finantzen arloetan Espainiako Estatuaren eta Hego Euskal Herriko lau probintzien arteko harremanak arautzen dituzten legezko tresnak dira. Aspaldiko foruen azken hondarrak, kapitalismoak Hego Euskal Herrian duen berezitasun nabarmen bat osatzen dute. Karlistaldien ondoren (1833-1839 eta 1872-1876) abiarazi ziren. Izan ere, ordura arte, Nafarroak, Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak oso bizirik eduki zituzten beren berezko erakundeak. Antzinako Erregimenean Europa osoan egon ziren antzeko egiturak, diru kontuez eta soldadu errekrutatzeaz arduratu ohi zirenak eta erregearen eta lurralde bateko auzokideen arteko alegiazko paktua irudikatzen zutenak. Batzuek legegintzarako gaitasuna aldarrikatzen zuten. Espainian, Aragoiko Koroako herrialde gehienek XVIII. mendearen hasieran (1707-1716) galdu zituzten ordezkaritza erakundeak, Ondorengotza Gerraren ondorioz, baina, ahuldurik eta maiz kode idatzirik gabe, Galiziak, Asturiek, gaurko Kantabriako hainbat bailarak, Aranek eta Menorcak ere eutsi zieten XIX. mendea arte. Frantzian, 1789ko Iraultzak errotik erauzi zituen probintzia guztietako biltzar eta usantzak, Baxenabarrekoak, Lapurdikoak eta Zuberoakoak barne.
Jatorrizko ereduan, Hitzarmen edo Itun Ekonomikoaren arabera, (Foru) Diputazio bakoitzak zerga gehienak kobratzen ditu eta kupo bat –«ekarpen ekonomikoa», Nafarroan–, hots, aldez aurretik adosturiko kuota arte edo diru kopuru bat, ematen dio Estatuari. Hego Euskal Herriaz gain, Espainiako beste eskualde bat ere ez da autogobernurako antzeko baliabide baten jabe. Zerga bilketari dagokionez, foru lurraldeek eskumen zabalagoak dituzte estatu federatuek eta Espainiako Ogasun Ministerioak berak baino. Dena dela, horrek arriskua ere badakar berarekin, kupoa edo ekarpen ekonomikoa beti ordaindu behar delako, krisi garaian eta Foru Diputazioek sarrera gutxi dituztenean ere bai. Hori dela eta, lurralde batzuk –Katalunia– duda-mudatan egon izan dira Hitzarmen Ekonomiko edo Itun Ekonomiko bat eskatzerakoan. Luzaz hala izan zen arren, gaur egun araubide berezi bat edukitzeak ez du esan nahi foru lurraldeetan araubide arrunteko probintzia edo autonomia erkidegoetan baino zerga gutxiago (edo gehiago) ordaintzen direnik, baina bai horiek hobeki kudeatzen direla, hego euskal herritarren beharren arabera inbestitzen ahal direlako. Adibide bakar bat ematearren, Instituto de Estudios Económicos delakoak dioenez, 2020an Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako (eta Madrilgo) zerga presioa baxuagoa zen Espainiako eta Europar Batasuneko bataz bestekoak baino, baina Nafarroakoa (eta Kataluniakoa), altuagoa. Antzinako Erregimeneko monarkietan bezala, baina estatu federal modernoetan ez bezala, lau foru lurraldeen berezitasunak «eskubide historikoak» ditu oinarri, Konstituzioa baino lehenagokoak direnak eta haren lehen xedapen gehigarriak «babestu eta errespetatzen» dituenak.
«Lege (eta mito) aldetik alderantzizko oinarrietatik abiaturik, mende eta erdi honetan, ia erabat berdindu dira eta, elkarrekin (baina, maiz, aitortu gabe), Espainiako egoera politiko eta ekonomiko guztietara moldatzeko ahalmena erakutsi dute, baita Europar Batasuneko errealitate berrietara ere.»
Hitzarmen Ekonomikoa Nafarroari dagokio; Itun Ekonomikoa, Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari. Beti «Itun Ekonomikoa», singularrean, esan da, baina, berez, hiru itun ziren, probintzialak baitziren, foruak bezala. Izan ere, 1810etik 1813ra (Frantsestean) eta 1936tik 1937ra (Gerra Zibilean) bitarteko aurrekariak izan ezik, 1979 arte ez zen probintziaz gaindiko erakunde betearazle bat sortu, foru tradizioari arrotz zitzaiona: Eusko Jaurlaritza. Eredu berrian harexek eta Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Diputazioaren zuzeneko oinordekoak) ordaintzen diote Estatuari kupoa edo ekarpen ekonomikoa. Gaur egun dirutza hori Estatuak esleiturik ez dauzkan karga edo eskumenei egozte indizea aplikatzetik ateratzen da, behar bezala zuzendurik. Aipatu indizea errentaren arabera kalkulatu da: %6,24 izan da Euskadin, 1981eko Itun Ekonomikoaz geroztik,eta %1,60 Nafarroan, 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaz geroztik. 2023an kupoa edo ekarpen ekonomikoa 2.565 milioi eurokoa izan zen. Beraz, Hego Euskal Herriak Estatuaren gastu haien %7,84 ordaintzen ditu, bertako populazioa Espainiako populazioaren %5,94 besterik ez den arren. Hala ere, Ogasun Ministerioak dioenez, 2014ko zerga balantzak, argitaratu diren azkenak, foru lurraldeen aldekoak izan ziren 3.502 milioi euroan. Bestelako estimazioak badaude (haietako batzuek balantzak Estatuaren aldekoak direla diote), egilearen ideologiarekin bat etorri ohi direnak. Berehala ikusiko den bezala, Hitzarmen Ekonomikoaren eta Itun Ekonomikoaren abiapuntuak guztiz ezberdinak izan baziren ere, azken hamarkadetan hurbiltze bat, ia bateratze bat, gertatu da haien artean.
1849ko aurrekaria aurrekari, lehen Hitzarmen Ekonomikotzat hartzen dena 1877an izenpetu zen. Haren oinarria 1841eko Nafarroako Foruak Aldatzeko Legea izan zen, Lehen Karlistaldiaren ondoren emana. Lege horren bidez, Nafarroak erresuma bat izateari utzi zion behin betiko, bertako Gorteak ez baitziren berriro bildu,baina, horren truk, ekonomiaren eta administrazioaren arloetan autonomia zabal bati eutsi zion. Navarristek «hitzartua» deritzote lege horri, haien iritziz, Gobernuak ezin baitzuen bere kabuz aldatu, Nafarroarekin berriro negoziatu gabe. Haatik, subiranotasun nazional zatiezinaren printzipioa zela eta, nazionalismoaren urrezko garaian, estatu batek ez zuen bera osatzen zuen lurraldeetako batekin deus hitzartzen ahal. 1841eko legea guztiz arrunta izan zen, beraz, Espainiako Gorteek izapidetua. Hala ere, egia da Gobernuak nafar ordezkariaren proposamen gehienak onartu zituela Erresuma Zaharreko foruak «aldatzean». 1841etik 1969ra bitarte nafarrek «foru dohain», zuzeneko kontribuzio edo ekarpen ekonomiko bakarra pagatu zuten (1969ko Hitzarmen Ekonomikoan zeharkako zergen eta esportazioari egin beharreko desgrabazioaren ondoriozko ordain bana sartu ziren). 1982ko Foruaren Hobekuntza, Nafarroako autonomia estatutu berezia, 1841eko legearen eguneratzea omen da. Haren bidez, Nafarroako foru probintzia Foru Komunitate bat bihurtu zen. Espero izatekoa zenez, Hobekuntzan Hitzarmen Ekonomikoa aipatzen da, navarristen arabera, Nafarroaren bereizgarri nagusia baita, parekorik ez duena.
Lehen Itun Ekonomikoa 1878an izenpetu zen. Nafarroan ez bezala, ez ohi da dudarik egon Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zela deus hitzartu, 1876ko Legeak, Bigarren Karlistaldiaren ondoren emanak, hiru probintzietako foruak, ustez, ezeztatu eta Batzar Nagusiak desegin zituelako. Hala ere, lege horretan Cánovasek zirrikitu bat utzi zuen Nafarroako araubidearen antzeko zerbait gorpuztu ahal izateko, eta halaxe gertatu zen, ezberdintasun nagusia hauxe zela: kupo bakarra itundu beharrean, hiru probintzietako bakoitzean, tributu bezainbat kupo itundu ziren. Ezaugarri horrek 1981 arte iraun zuen, lehen aipatu den egozte indizea sartu baitzen orduan. Sabino Aranak Estatuaren «limosna» bat bezala ikusi zuen Itun Ekonomikoa, baina 1920ko hamarkadarako, Hitzarmen Ekonomikoaren antzera, hitzartutzat jo ohi zen eguneroko hizkeran, baita abertzale gehienen artean ere. 1936ko Estatutuan ez zen espresuki aipatu. Izan ere, testuak 1931ko irailaren 9ko Legera igortzen du, non, besteak beste, Itun Ekonomikoari buruzko 1925eko ekainaren 9ko eta 1926ko abenduaren 24ko Erregeren Dekretuak eta Hitzarmen Ekonomikoari buruzko 1927ko agorrilaren 15eko Erregeren Dekretua, Primo de Riveraren Diktadurak emanak, Errepublikaren legetzat hartu baitziren. 1979ko Estatutuan «Ituna» (singularrean) ez ezik «Hitzarmenak» (sic, pluralean) ere hizpide dira, Nafarroa Euskadiko Autonomia Erkidegoan sartzeko aukera –trakeski– nabarmenarazi nahi izan zelako.
Indarraldiari dagokionez, hasieratik ulertu zen Hitzarmen Ekonomikoa muga gabea izanen zela, nahiz eta, aldian-aldian, Estatuari ordaindu beharreko kopuruak eguneratzekoak eta sortzen ziren tributu berriak harmonizatzekoak izan. Aitzitik, Itun Ekonomikoa mugatua zen, baina joera izan zuen gero eta denbora gehiago irauteko. Adibidez, 1878ko Itun Ekonomikoak zortzi urteko indarraldia izan bazuen ere, 1926koak –lehen Itun modernoak, 1927ko Hitzarmena prestatzeko balio izan zuenak– jadanik 25 urtekoa izan beharko zuen. 2002az geroztik, muga gabea da. Beraz, funtsezko kontu horretan jadanik ez dago ezberdintasunik Hitzarmen Ekonomikoaren eta Itun Ekonomikoaren artean.
Paktuaren adierazgarri, gaur egun, bai Hitzarmen Ekonomikoa (1969az geroztik), bai Itun Ekonomikoa (1981az geroztik) artikulu bakarreko legeen bidez onartzen dira, alegia, Estatuak Nafarroako Foru Diputazioa/Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adosten («hitzartzen») dituen testuetan Gorteek ezin dute inolako aldaketarik sartu. Hitzarmen Ekonomikoaren babesean ematen diren xedapenak legeak dira, Nafarroako Parlamentuak (Nafarroako Gorteen ustezko oinordekoak, 1979an «birsortu» eta 1982an legegintzarako gaitasuna «berreskuratu» zuenak) onesten baititu, eta Itun Ekonomikoaren babesean ematen direnak, arauak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek (1979an «berrezarri» zirenek) onesten baitituzte, ez Eusko Legebiltzarrak (1980an ia ex novo eratu zenak). Beraz, Nafarroako Parlamentuaren foru lege horien kontrako helegiteak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu behar izan dira. Aitzitik, Batzar Nagusien foru arau horien kontrako helegiteak auzitegi arruntetan aurkezten ziren eta, hortakotz, anitzez errazagoa zen haien aurka jotzea. Hala ere, 2010ean Auzitegi Konstituzionalari eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak aldatu ziren eta orain Itun Ekonomikoaren araberako foru arauen kontrako helegiteak ere Auzitegi Konstituzionalean paratu behar dira. Beraz, horretan ere ez dago Hitzarmen Ekonomikoarekiko ezberdintasunik.
Konstituzio batean ere aipatzen ez ziren arren, Gerra Zibila arte, Espainiako erregimen guztiek bete zituzten Lege «Hitzartua», Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa. 1937an Francoren Diktadurak Itun Ekonomikoa deuseztatu zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, biak «probintzia traidoretzat» jo baitzituen, baina Araban Itun Ekonomikoa eta Nafarroan Hitzarmen Ekonomikoa errespetatu eta hobetu zituen. Bistan denez, foru araubidearen eta industrializazioaren artean ez dago zuzeneko loturarik: Bizkai-Gipuzkoek ez zuten haren beharrik eduki probintzia garatuenak izateko eta, edukirik ere, Nafarroa-Arabak beti haien gibeletik joan ziren. 1976ko Arabako Itun Ekonomikoak 1969ko Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa hartu zuen eredu, eta tributuen harmonizazioari zegokionez horrekin parekatu zen. 1978ko Konstituzioa onetsi ondoren, 1981ean, Bizkaian eta Gipuzkoan Itun Ekonomikoa berrezarri zen eta bi probintziek,1937 baino lehen zituzten esparruez gain, Arabak 1976an beretu zituenak eskuratu zituzten. Halaber, 1981eko Itun Ekonomikoak 1990eko Hitzarmen Ekonomikoari estatu deszentralizatu berrira egokitzen lagundu zion, Nafarroako Foru Komunitateak, besteak beste, osasungintzaren eta hezkuntzaren eskumenak bere gain hartu baitzituen (lehenago Euskadiko Autonomia Erkidegoak bezala). Gaur egun Hitzarmen Ekonomikoaren eta Itun Ekonomikoaren arteko ezberdintasun nagusia Eusko Jaurlaritzaren egitekoa da, esan bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Diputazioek zergak biltzen segitzen badute ere, harexek ematen diolako kupoa Estatuari. Eredu berrian, hiru lurralde «historikoek» koefiziente baten arabera hartu behar dute parte Euskadiko aurrekontuetan: %50,49 Bizkaikoak, %33,64 Gipuzkoakoak eta %15,87 Arabakoak. Aitzitik, Nafarroan, Lege Zaharrari hobeki baitatxekio, ez dago bitartekaririk Estatuaren eta Foru Komunitatearen artean eta bertako Gobernuak zergak kobratu ez ezik ekarpen ekonomikoa ordaindu ere egiten du.
Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa Berrezarkuntzan sortu ziren, erregimen oligarkiko batean, beraz, zenbait tributu oraindik kapitazioaren arabera ordaintzen zirenean, hots, aberats eta pobreen artean bereizi gabe. Lege (eta mito) aldetik alderantzizko oinarrietatik abiaturik, mende eta erdi honetan, ia erabat berdindu dira eta, elkarrekin (baina, maiz, aitortu gabe), Espainiako egoera politiko eta ekonomiko guztietara moldatzeko ahalmena erakutsi dute, baita Europar Batasuneko errealitate berrietara ere. Demokrazia bera bezala, Hitzarmen Ekonomikoa eta Itun Ekonomikoa hobetzen ahal diren arren, XXI. mendean, zerga sistema progresibo batekin bateragarriak dira, horixe baita ongizate estatuaren giltzarria.
…
Galde 47 negua/2025