Hitzak hausnartzen
Hauteskunde bezperako hausnarketa egiten ari naizela, paperezko egunkari batzuk hartu eta gogoetarako ematen duten bi titulu, biak gaztelaniaz irakurrita: “Vamos a rescatar a las personas”, Noticias de Gipuzkoa–n eta “Es urgente que tomemos las riendas de nuestras vidas”,Gara egunkarian. Lehenengoa, erreskatatzearena, Iñigo Urkulluk esan zuen atzo, hauteskunde kanpainaren itxiera ekitaldian. Bigarrena, brida hartzearena, Laura Mintegik, Gara egunkarian egindako azken elkarrizketan.
“Esaldi bakar batek ez du biltzen hautagai baten programa eta ideologia, baina bere izaera eta jokatzeko modua erakusten duen zirrikitua da”
Kontrakoak dira biak, urruti daude, diskurtsoaren bi muturretan. Urkulluren esaldiak boterean ohitura duenaren estiloa du. Nik salbatuko zaitut. Badakit zer den ona zuretzat. Nik aterako zaitut zulotik. Sobera prestatua nago (gaude) horretarako. Zuk botoa eman eta hortik aurrera ez zaitez kezkatu…
Mintegirenak berriz norberaren autonomiari dei egiten dio. Protagonista egiten nau. Gaitasuna aitortzen dit. Nire boterea aintzat hartzen du. Nire ahalduntzea sustatzen. Gure buruaren jabe egitearen urgentziaz mintzatzean, nire erantzukizunari hots egiten dio. Nirekin batera botereratu nahi duen herritarra delako, agian…
Ez da anekdota hutsa. Esaldi bakar batek ez du biltzen hautagai baten programa eta ideologia, baina bere izaera eta jokatzeko modua erakusten duen zirrikitua da behin baino gehiagotan. Eta zer nahi duzue esatea, “erreskatadore” bat baino, nirekin “jabekuntza” egingo duen kide bat nahiago.
Jatorrizkoa Itsasgoran blogean.