Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean

Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean –

Eusko Jaurlaritzak ukatzen duena ari dira epaitegiak aitortzen: alegia, Lakuako exekutiboak behin-behinekotasuna %8ra jeisteko hartu dituen erabakiak ez direla nahikoak, eta are gehiago, legearen kontrakoak direla. Haatik, Jaurlaritzak ez ditu auzitegien ebazpenak onartzen eta, aldi baterako enplegu maila murrizteko borondatea adierazi arren, Europako zuzentarauek eskatzen duten moduan, lanpostu gehiago ateratzeko aukera ematen dion epaiaren aurka joko du. Hau ez da inola ere koherentea. Eta agerian uzten du agintariek ez dutela borondaterik irtenbidea emateko langileen ezegonkortasunari eta sektore publikoan nagusi den prekarizazioari.
Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean
Irudia: CDD20

Honen adibide da Haurreskolak partzuergoko egonkortzeari buruz ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusian irabazi duen epaia. Epai honen arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du bete Egonkortze Legea (Iceta legea), hain zuzen Gasteizko gobernua osatzen duten EAJren eta PSEren botoekin onartutakoa. Izan ere, epaiak dio legea betetzeko hezitzaileentzako 77 lanpostuko deialdia egin behar dela, hau da, administrazioak ateratakoak baino %30 gehiago.

Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaileak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenean. Hau da, Europan eta espainiar Estatuan behinbehinekotasun tasarik handiena duen gobernuak –%40tik gora- aldi baterako enplegu maila jaisteko bidea ematen dion epaiaren kontra joko du, nahiz eta epai horrek berak ustez lortu nahi duena egiteko modua eman.

Beraz, hitzez adierazitakoa ez dator bat hartutako erabakiekin. Tamale, zeharo koherentea da egungo egoerara ekarri gaituzten Eusko Jaurlaritzaren urratsekin: Euskal sektore publikoan dagoen behinbehinekotasuna eremu pribatuan dagoenaren hirukoitza da. Osakidetzan 24.000tik gora behargin -lantaldearen erdia- dira behin behinekoak, eta hezkuntzan, 16.900. Gainera, 120.000 langilek dihardute sektore publikoko oinarrizko pribatizatutako zerbitzuetan. Nabarmena da zaintza sektorearen kasua: zerbitzuen %90 pribatizatuta dago. Datuok erakusten dute lankidetza publiko-pribatuaren mantrak xede bakarra duela, publikoa den guztia pribatizatzea.

Kopuru hauek ikusirik, Eusko Jaurlaritzaren aitzakia izan da espainiar Kongresuak ezarritako oinarrizko legeek behartzen dutela, alegia, egoera bideratzeko ezin duela beste erabakirik hartu. Alabaina, Iceta legeak behinbehinekotasuna apaltzera derrigortzen du, baina Lakuak hura ez betetzea erabaki du, irtenbideak bilatzeko tresna egokia den arren.

Bestalde, Jaurlaritzak egonkortze prozesuak negoziatzerakoan ez du bat ere borondaterik agertu, ez eta gardentasunez jokatu ere. Helburu argi bat du: Ahal den lanpostu kopuru txikiena eskaini eta ahalik langile gutxien egonkortzea. Esaterako, Osakidetzan egonkortzeko 3.700 lanpostu eskaini dira, baina postu finkorik gabe 24.600 langile daude, hauetatik 9.600 egoera honetan 8 urtetik gora daramatelarik: behin behineko beharginen %85 egonkortze prozesutik kanpo geratuko da. Hezkuntzan 4.916 lanpostu eskaini dira, baina behinbehinekotasunak 16.900 langileri eragiten die, eta hauetatik 6.500ek daramate 8 urte edo gehiago egoera berean; ondorioz, %70 prozesutik kanpo utziko dute.

Hau ikusirik, ELAk helegitea jarri du hainbat egonkortze prozesuren kontra: Osakidetzakoa, Hezkuntzakoa (irakasle funtzionarioak eta Heziketa Bereziko hezitzaileak), Justizia Administraziokoa eta Administrazio Orokorrekoa. Auzitegiek berriz ere ELAri arrazoi ematen badiote kontua izango da ea Jaurlaritzak epai horiek baliatuko ote dituen arazoa konpontzeko edota egonkortzea eragozteko helegitea jarriko duen. Noiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak estatuan behinbehinekotasunaren abusuzko erabileraren aurkako ebazpena eman duenean.

ELAk lanean jarraituko du auzitegietan, kalean eta negoziazio mahaietan behinbehinekotasuna egonkortze prozesuen bidez gutxienik %8raino jeisteko. Asmo horretxekin deitu ditugu sektore publikoko grebak joan den urrian, abenduan eta martxoan.

Horregatik, ELAk eskatuko die Eusko Jaurlaritza berria osatzen dutenei hitzekin batera ekintzak eta erabakiak baliagarriak izan daitezela daukagun arazo hau benetan konpontzeko. Egonkortzearen alde egitea era berean kalitatezko zerbitzu publikoen alde egitea baita.

Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean  Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean  Hitzak eta ekintzak bat ez datozenean

ELAko Zerbitzu Pubikoetako Federazioaren Idazkari Nagusia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude