Historiaren haustura, Badiou Euskal Herrian (II)

Historiaren haustura, Badiou Euskal Herrian (II) –

Alain Badioruen pentsamendu filosofiko politikoaz aritu nintzen aurrekoan. Euskal Herrian Badiou oso aintzat hartu beharreko autorea dugu; izanez ere, ENAMen pentsamendu politiko, iraultaile eta internazioalistan eragin handi-handia izan du, batik bat, 90eko hamarraldian barna. ENAMek behar-beharrezko izan zuen Badiou, behar beharrezko euskal tradizio kulturalekiko errotikako “eten” politiko-kulturalaz gogoetatzeko, edota bestela ikusi, euskal kultura eta tradizioaren formak hartuta, beroiek behin esentziagabetu, kanpotiko ideologia “total” baten mesedetan tokiko edukiak bitartekari formal bilakarazteko. Orain baina, aurreko artikuluak erakarritako iruzkingile baten komentario interesgarri batek interpelaturik, Badiouren ideia politikoez jardun nahi dut gaurko lerro hauetan.

Arlo politikoa da agian Badioren arlo polemikoena. Oso bere-bereak diren ideiak ditu, eta beraietan beti tinko mantendu zen. Ezin argiagoa izan zen bere hautu politikoa, komunismoa. Beste ezein alternatiba onargarririk ez dago, bere ustetan. Horretan hain justu ere, zegoen hainbestetan aldeztu zuen bere era bitxira ulerturiko “berdintasun” zinezkorako alternatiba bakarra. Jarrera maoista bati lotuta hasiera batean, gerora, horretatik zinez urrundu gabe, bestela gogoetatatu bai, baina betiere nolabait edo beste maoismoa bera inspirazio iturri edukitzeari uko egin gabe. Mao Zedong-engandik, besteetan beste, Estatua beti politikaren menpe jartzearen aldeko ideia egin zuen bere Badiouk. Estatua beti politikaren menpe, eta ez alde erantzira:

Estatuaren benetako gestio politikoak lege ekonomikoak borondatearen menpe jartzen ditu, berdintasunaren aldeko borrokan erabiltzen ditu, eta konfiantza eta terroeari aurre egiten die” (Logiques des mondes, 30. or.)

Estatua ez ezik, ekonomia ere politikaren mendera lerratu behar da beti, Badiouren esanetan. Stalini zinez soil-soil ekonomikoaz, eta ez politikoaz, jardun izana kritikatu zion Badiouk. Politikoa den hori lehenetsi behar da beti, bere ustetan, gerora, ekonomikoa bere esanetara jarri ahal izateko.

Etatuak derrigor izan behar duen aipatu menpekotasunetatik segidako lau ideia hauek garrantzi handia hartu behar dute: borondatea, berdintasuna, konfiantza eta terrorea. Maorekin pentsatuta, masaren alde egingo du beti Badiouk, masaren “konfiantza” eraiki-ereitzearen alde. Hori lortze aldera, egoeraren beharrak tarteko, askotan, terrorea erabiltzeari interesgarri bezain ezinbesteko iritzi dio. Terrorea, dena den, berdintasunaren alde ezinbestekoa bada baino ez da erabili behar.

Komunismoaren ideia (L’Idée du comunisme) izenburudun artikuluan komunismoak hiru ezaugarri nagusi izan beharko lituzkeela dio, betiere hurrenez hurren: ezaugarri politikoa, ezaugarri historikoa eta ezaugarri subjektiboa. Egia politikoak jada aurreko artikuluan aurkeztu nuen egia motarekin du lotura. Egia badiouarra norbanakoaren gainetiko egia subjektibotzat jo liteke. Ezaugarri historikoari dagokionean, egia hori, nahiz-eta oraintxe puntuan esan unibertsaltasunaren ezinbesteko ezagaugarri izan behar duela, historikotik ere eduki behar du. Datazioa izango du berezko, hau da, “gertakari urratzailearen” egiaren prozedura badiouarrak, inguruko, tokiko, egoeraren, zehaztasunak izango ditu berezko, hau da, besteetan beste, tokian tokiko formak. Alabaina, egia ezberdinen eta, hortaz, giza denbora orokorraren denboraren puntu ezberdinetan kokatuak dauden egien arteko harremanak barne hartuko ditu inskripzio historikoak. Hartara, egia batek, atzera eraginez bezala, ondorenak sortzen ditu beraren aurretik ernatutako beste egia batzuetan. Azkenik, ezaugarri subjektiboak zera eman nahi digu aditzera; norbanako batek egia politikoaren prozeduraren zati bilakatzearen alde egiteko aukera duela beti. Baina, halaxe eginez gero, “norbanakotasunak”, “banakotasunak” (norberekeriak, norgehiagokeria..) bertan beheratuak gelditzen dira guztiz, eta, nahiz-eta zinez dena delako hori bera den hori izateari ez dion utziko, beste horiekin (taldearekin) bat eginez, norbabanako hori beste subjektu baten parte eragile bilakatzen da, Badiouk deitzen duen “subjektibizazioaren” eraginez.

Bere ustetan, sartu duen “subjektibizazioaren” ezinbesteak komunismoaren Ideiaren elementuari prozedura politiko bateko tokian tokiko parte hartzea eta bere burujabetzarako bidean dagoen gizadiaren ibilbidearen nagusitasun sinboliko izugarria eratxikitzen dizkio. “Komunismo” kategoria ez da kategoria politikoa huts-hutsik, ez eta kategoria historikoa huts-hutsik ere, edota horiek soilik ez, ez baldin bada prozedura politiko eraginkor baten bidez. Izanez ere, Badiouren ikusian, are historia bera ere, finean sinbolismo bat baino ez geneukake. Azken kontu honi hain justu garrantzi handi-handiko iritzi beharko genioke ENAMek atzera begirako euskal historiaz egindako gutxiesteaz ulertze aldera. Badiouren ikusian, errala den hori ez da “historiaren narratiba historikoan” islatzen, modu imajinario batean ez bada.

Esandakoarekin batera, komunismoa ezin da kategoria subjetibo eta ideologiko huts izan. Ezen, “subjektibizakioak” politika eta historiaren arteko tartean dihardu, singulartasunaren eta singulartasun horrek osotasun sinboliko batean duen proiekzioaren artean, halako moduz, non, zehaztapen horiekin ez bada, subjektizazioak ezin baitu maila berri bat iritsi. Hortaz, komunismoaz Badiouk esandako hau guztia aintzat hartuta, komunismoa Ideia bat da, baina aipatu hiru (politiko, historiko eta subjektiboa) elementu horien arteko batuketa-sintesia den aldetik soilik.

Prozedura honen baitan, erabaki subjektiboan datzan politika are Estatutik kanpo ere kokatzen da. Izanez ere, subjektu politkoek berek erabaki behar dute zein izango den eurek hobesten duten era politikoa. Estatua eta politika elkar eskluditzaileak izan zitezkeela esatera ere ailegatuko da Badiou, zenbaitetan, edo gehienetan, Estatuan barrutik ezertxo ere aldatzeko aukerarik ikusten ez duen aldetik. Halere, honekikoan, koloka anbibalente batean, kontraesankorra ere irudi dezakeena, mugitzen da Badiou; izanez ere, horrekin batera, Estaturik gabe iraultzarik ez dagoela esan ere esango du, hurren. Dena den, Logiques des mondes obraren bukaera aldera gorago aipatu lau determinazio erabakior aintzat hartu behar direla itxurazko kontraesan horren korapiloa askatze aldera (borondatea, berdintasuna, masenganako konfiantza eta terrorea edo autoritatea). Zinezko politikak lau elementu horiek ditu ezinbesteko, halako moldez, non, “borondateak” behar ekonomikoen aurka jardungo baitu, “berdintasunak” boterea eta aberastasunetiko hierarkiatik askatuko baikaitu, “konfiantza” masarenganakoa izango baita, eta “terrore edo autoritateak” lehia eta joko naturalen aurka egingo baitu. Estatua ez da sekulan zeinahi Estatu izango, hurrik eman ere. Lau elementu osai horiek izanez bestez ez du baliozkotzat izango Badiouk. Hori baino ez da izango benetako Estatua. Estatu horrelako bat hain justu izango da Estatu iraultzailea, bere ikusian.

Honaino Badiok poltikaz jorratutako ideia nagusienak, eta honaino Estatuaz zuen konbikzio politikoa. Jada esanda nagoen moduan, interes berezi-berezikoa izan beharko litzateke Badiourena euskalduntzat. 90eko hamarkadan hornitu zuen hein handi batean ENAMen hausnarketa politikoa; 90eko hamarraldian zehar, Oldartzen testu ofizialak zein J.Aguirre bezalako talde ideologikoek “pentsamendu bakartzat” jotzen zuten horren aurka egite guztizkoaren alde egin behar zuen “Frentre Bateratu” horren baitan. Bada, ENAMek, hori gauzatze alderako bidean, balio marxistak gaurkotu eta berritzeko beharra sentitu zuen, estrukturalista frantziarrek jada egina zuten moduan, eta, zentzu horretan, Badiouren eskaintza filosofiko-politiko erakargarri-erakargarrian aukera paregabe bat ikusi zuen.

Igor Goitia

Historiaren haustura, Badiou Euskal Herrian (II)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude