Historian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8an

Historian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8an –

Antxeta Irratitik jasoa.

Iazkoa «keinuen urtea» izan ondotik, aurtengoa «administrazioaren urtea» bilakatzeko asmoa iragarri zuen Igor Enparan alkateak Antxeta Irratian joan den maiatzean, eta alardeari buruzko baimenak Udalak kudeatzeko lanean ari zirela. Azken hamarkadetan Jaizkibel Herrizaingo Sailak baimendutako manifestaldia izan bada, aurten baimena Udalari eskatu dio konpainia parekideak, eta honek herriko kaleetatik desfilatzea baimenduko die irailaren 8an.

Azken hamarkadetan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baimendutako manifestaldia izan bada Jaizkibelen desfilea Hondarribian, Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, aurten konpainia bezala desfilatzeko baimena eskatu dio Jaizkibelek Hondarribiko Udalari, eta honek emango diela. Hala, Alarde Fundazioari zein Jaizkibeli baimenduko die Hondarribiko Udalak irailaren 8an herriko kaleetatik desfilatzea.

Izaskun Larruskain konpainia parekideko kideak argitu duenez, orain arte manifestazio bezala atera izan dira, «ez genuen beste aukerarik, zeren Udalari galdetu izan diogu, eta baimena ematen zigun 11:00etan edo 11:30ean baina beste kale batzuetatik, ez alardearen ibilbidetikan, eta horregatik jarraitu dugu manifestazio bezala urte askotan aldarrikatzen guk nahi genuena». Aurten, berriz, Jaizkibel konpainiak baimena Udalari eskatu dio lehendabiziko aldiz. «Ez gara izango manifestazioa, izango gara konpainia bat gehiago Udalaren baimenarekin, aldaketa garrantzitsua da ez delako hau inoiz gertatu», azpimarratu du Larruskainek.

.

Udalaren konponbiderako bide-orria

Igor Enparan Hondarribiko alkateak Antxeta Irratiak joan den maiatzaren 23an antolaturiko mahai inguruan esan zuen iazkoa «keinuen urtea» izendatu ondotik, aurtengoa administrazioaren urtea izan dadila nahi zuela. Iragarri zuen baimen guztiak Udalak kudeatzeko lanean ari zirela. Esan eta egin, urrats bat gehiago emango du Hondarribiko Udalak aurten, nahiz eta alkateak berak aitortu duen «tamalez, ez dela berehalako konponbiderik eman ahal izango, baina orain artean ez bezala, Udalak tramitazio administratibo guztiak bere gain hartu ahal izatea bilatu dutela 2024 honetan». Udal Gobernuak aitortu duenez, astero-astero ari dira biltzen alardearen aferari konponbide bat bilatzearren. Eta iaz abiatutako ibilbidea nahi bezain azkarra ez bada ere, urratsak ematen doaz.

Bide horretan sakonduz, aurtengoa «administrazioaren urtea» izango da, Jaizkibel konpainiak baieztatu digun bezala, Udalak Alardeari zein Jaizkibel konpainiari eremu berean desfilatzeko baimena lehen aldiz eman izana dinamika honetan sartzen baita zalantzarik gabe.

Historian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8anHistorian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8an

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

8 pentsamendu “Historian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8an”-ri buruz

  • Egia ote? ?????

  • Esaten dena eta esaten ez dena, hots, udalak konpainia baztertzaileei kalean desfilatzeko baimena ematen segituko duela, legearen aurka.

  • Soldaduzka berriro datorrenean (etorriko dela) ea bertan partehartzea horren sutsuki aldarrikatzen duten.

  • Berri hau ez da guztiz egia.
    Hona hemen Hondarribiko udaletxearen azken komunikatua:

    Azken orduetan komunikabideetan Alarde egunaren inguruabarrean eman diren informazioek konfusioa sortu dute eta Hondarribiko Udalak egoera argitu nahi du:

    Aurten, irailaren 8an desfilatzeko bi eskari jaso dira Hondarribiko Udalean; bata, “Hondarribiko Alardearen
    Ondarea Sustatzeko Elkarteak” egindakoa eta bestea, “Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiak”
    egindakoa. Honen aurrean, lehendabizikoz, bi elkarteei elkartzeko eta desfilatzeko baimena Udalak eman die, ebazpen bakarrean.

    Ebazpen bakarra den arren, elkarte bakoitzak bere ordutegi propioa izango du.

    Beraz, aurten, irailaren 8an, Jaizkibel Konpainiak, manifestazio gisa desfilatu beharrean, Udal baimenarekin desfilatuko du konpainia gisa.

    Bestaldetik, Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen eskutik gainerako konpainiek ere Hondarribiko Udalaren baimenarekin desfilatuko dute.

    Urte osoan zehar lan handia egin da eragile guztiekin elkarrizketa bideak irekita mantentzeko eta tentsio fokoak identifikatu eta baretzeko.

    Komunikabideei eskatzen diegu arduraz joka dezaten, publikatzen den informazioa kontrasta dezaten eta aipatutako argiztapen hauek aintzat har ditzaten. Eskatzen diegu emandako informazioan zuzenketak egin behar badira egin ditzatela eta Hondarribian ematen ari den prozesuan bidaide izatea.

    ________________________________________________

  • Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du, baina ez da alardearen parte izango, orain arte izan ez den bezala. Udal berriak jarrera aldatu du Jaizkibelekiko, baina alardeari dagokionez aurrerapen errealik ez da. Pauso sinbolikoetan segitzen du kontuak. Emakumeek ezingo dute herriko jaietan berdintasunez parte hartu, beste behin ere. Ez Jaizkibel konpainia alardean integratuz, ez beste konpainietan desfilatuta.

    Urte osoan zehar tentsio fokoak identifikatu eta baretzeko udalak lan handia egin omen duen arren, alarde baztertzailearen antolatzaileak ez daude emakumearen parte hartzea inolaz ere onartzeko prest. Ez dago formula baliozkorik beraientzat. Alardea eurena da, eta berdin segituko du. Eta udalak ez duenez konfrontaziorik nahi, baztertzaileen esku gelditzen da egoera blokeatzeko ahalmena.

    Baina udalean den alderdia alarde publiko eta bakarra aldarrikatuz iritsi zen alkatetzara. Eta 2022ko berdintasun legeak argi dio: “Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea.”

    Hondarribiko udalak herriaren gehiengoa eta legea alde dauka, baina nahiago du legea urratu eta alarde baztertzaileen antolatzaileei egoera blokeatzen segi dezaten utzi.

  • Amonamantangorri 2024-08-24 00:12

    Eztakipa, Har. Danimarka, Norvegia, Suedia izan dira, soldaduska nahitaezkoa dutenen artean, emakumeak ere sartzen. Finlandian emakumeentzat borondatezkoa da. Israel ere hor dago, jakina. Baina Israel ez da Europako herria, europar jatorriko kolonoz bete-betea egonagatik ere.

    Ez bainaiz iaioa Iparraldeko hizkuntza germanikoetan, bila ezazu zerorrek, ea hango politikarien artean, feministen artean-eta nola eraman duten kontua.

  • Ba nire ustez oso erabaki egokia hartu da oraingoan ere.

    Hemen bi eredu daude eta bakoitzari askatasuna eman behar zaiola iruditzen zait. Bestela liskarra eta gerra.

    Batzuentzat, normala denez, bestearen alternatiba legez kanpo jarri eta debekatu da biderik egokiena. Ez naiz iritzi horretakoa.

    Bakoitzak ospatu dezala festa nahi duen bezala. Inposiziorik gabe. Eta bakoitza bere aldetik. Anai-arrebakeri faltsuak soberan ditugu.

  • Ziriñe, esaten duzun hori ez da guztiz egia.
    Tribunal Gorenak sententzia batean beste honako hau esan zuen, eta zuk diozun legearen gainetik dago. Honela dio:
    «no cabe hablar de discriminación o de lesión del derecho de igualdad por parte del acto administrativo recurrido» pues la celebración del Alarde Tradicional «no impide o dificulta a la Compañía Jaizquíbel celebrar por su cuenta e iniciativa otro Alarde en que predomine el aspecto lúdico o festivo y desfilen hombres y mujeres en compañías mixtas».
    Artikulu honetan irakur daiteke:

    https://aberriberri.com/2022/06/30/los-nuevos-alardes-correccion-politica-y-negacion-de-los-rituales-ii/

    Despistea edo ezjakintasuna izan daiteke, edo beste batzuek dioten moduan fede txarra. Mesedez, informatu eta gauzak ongi irakurri esan dituzunak esan aurretik.
    Agur bero bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude