Hispanitatea ospatu

Hispanitatea ospatu –

Badira urte batzuk Iruñean igaro nuela asteburu bat. Urriaren 12a zen.

Hispanitatea ospatu

Harrituta ikusi nituen dozenaka latinoamerikar efemeridea ospatzen, kontzertu, txosna eta guzti. Zer pentsatua eman zidan: arbasoen menperaketa ospatu? Konkistatuen asimilazio kulturala burutua da, pentsatu nuen. Amerikarren izaera, kultura (balioak, arauak, sineskerak, hizkuntza…) albo batera utzita, espainiarrek ezarritakoak bere egiten dituzte.

Genozidio deitzen zaio prozesu horri: herri baten, kultura baten, izaera baten, suntsiketari.

Eurokopan lehiatu dira gure bi menperatzaile, Frantzia eta Espainia. Honetan, Athleticeko eta Realeko zortzi jokalari. Espainiako selekzioaren kamisetak azaltzen hasi dira kaleetan. Finala ikusteko pantaila handia, Iruñean. Asimilazio neurriaren erakusleak. Guk ez bezala, Espainiaren garaipenak ospatzen ditu belaunaldi berriak: «Vamos!». Futbolak emozioak pizten ditu, eta hauek arrazoiari gailendu egiten zaizkio. Bada arrazoiketarik ere: «Gureek Espainiarekin lehiatzen badute, ni ere Espainiarekin». Nahiz eta jakin (?) Espainiak eta Frantziak gure ongizatea bermatzen zuen estatua ebatsi zigutela. Babes gabe utzi gintuztela. Genozidioa praktikatzen dutela, gurekin. Ala, ez dakigu? Konkistak eta genozidioak, urrunean soilik gertatzen direlako ustean bizi al gara?

Bada erresistentziarik: mendi korrikalariak, pilotariak… baina gure genozidioak aurrera darrai.

Futbolari zenbaitek uko egin diote euskal selekzioan parte hartzeari; selekzio arrotz baina ofizialetan aritzea nahiago dute. Zein mezu helarazten diote jarraitzaileei? Gureak baliorik ez daukala. Gure Herriak baliorik ez daukala. Genozidioa laguntzen dute.

Ez dut urrun ikusten Espainiapeko euskaldunok ere urriaren 12a ospatuko dugun eguna, memoria guztiz galdurik. Gure arbasoak menpean hartu zituztela ahazturik.

Ala, matematikak zehatzak izaki, Deulofeuk Historiaren matematika-n aurreikusten duena beteko al da? Hala bedi.

Bitartean, bihoakizue nire esker ona kontrakorrontean ari zaretenoi, batez ere euskaraz sortzen duzuen guztioi. Arnasa da guretzat, itolarrizko ingurune honetan.

 

Hispanitatea ospatu

Zer duzu buruan “Hispanitatea ospatu”-ri buruz

  • Espaniartasunaren asimilazioak darrai, eta alderdi “abertzaleak” joko honetan, inoiz baino konplixeagoak. Ea noiz itzartzen garen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude