Hirugarren pareta
Hirugarren pareta –
Frankistek emandako estatu-kolpea izan zela medio, eta gerraren ondorioz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egitea ezinezkoa izan zenez, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria, demokraziaren aurkako matxinatuen bandoan ez zeuden udaletako zinegotziek izendatuko zutela erabaki zen. Hala, 1936ko urrian, EAJko Jose Antonio Agirre hautatu zuten lehendakari. Agirrek lehenbiziko gobernu hura horrela osatu zuen: alde batetik, EAJko nazionalistek hainbat sail hartu zuten? Defentsa (Agirre bera arduratu zen hartaz), Justizia eta Kultura, Gobernazioa eta Ogasuna? eta, bestetik, Fronte Popularreko gainerako alderdiak? PSOEk, Izquierda Republicanak, Union Republicanak, Eusko Abertzale Ekintzak eta Euskadiko Alderdi Komunistak?beren gain hartu zituzten gainerako sailak, gerra galdu ondoren eta zenbait aldaketa gora-behera, erbestean, Euskadiko Gobernuan jarraitu zutenak.
Gaur orduko prozedurari jarraituko balitzaio, lehendakaria ezker abertzalearena izango litzateke, zalantzarik gabe, egun hiru lurralde historikoetan zinegotzi gehien dituena baita, baina, niretzat behintzat, lehen Eusko Jaurlaritza aipatzea interesgarria da beste ezaugarri batengatik, hau da, frankismoaren aurkako eta bazterketarik gabeko indar guztiei irekitako gobernua izan zelako, alegia. Egia esanda, CNT kanpoan utzi zuten EAJk betoa jarri ziolako.
Eta orduan egin zuenari, bada, atxiki egin dio politika garaikidean; izan ere, Ardanza lehendakari zenak sustatutako Ajuria Eneko itunaz geroztik, lehen Gobernu haren espiritu irekiaren ordez, etengabeko bazterkeria izan da gaur egun arte lehentasuna, eta, are gehiago, EAJk jatorri frankistako indarrekin aliantzak ere bilatu ditu, ezker abertzalea bezalako beste indar politikoekin lankidetza bultzatu baino lehen, nahiz eta tokiko, autonomiako edo estatuko hainbat hauteskunde deialditan ezker abertzaleak lortutako emaitzek gobernu ireki eta bazterketarik gabeko baten beharra babestu izan duten.
Bere garaian Niccolo Machiavellik idatzi zuen:
«Izan ere, handikiek, herria menderatu ezin dutela ikustean, herriko baten alde egiten dute eta printze egiten dute, horrela, haien itzalean, beren gosea ase ahal izaten jarraitzeko».
Hauxe irakurrita ez dakit oraingo honetan goian aipatutako bazterkeria politikoa gainditzeko garaia etorriko ote den baina, etortzekotan, kontuz, Machiavelliri segika, behintzat, hark esandako honako hau ez dugulako ahaztu behar:
«Halere, handikiei ezin zaie zintzoki asebete kalterik eragin gabe, baina bai, ordea, herriari, eta herriaren helburua handikiena baino zintzoagoa izanik, haiek herria zapaltzen jarraitzea besterik nahi ez dutelako, herriaren alde egon beharra dago hark, zapaldua ez izatea nahi baitu, berez»
Sektarismoa alboraturik, herri zapalduaren alde jarraitu behar delakoan nago, partida ez baita irabazten 21ean 22an baizik.